Loiolako itzal luzea
Loiolako itzal luzea –
Gauez kale batetik ibiltzen joanez gero, karrika horrek argiak baditu, aurrera joaten garen neurrian lanparek itzal bana sortuko dute. Itzal horiek gu mugitu ahala, higitzen dira bizirik bailiran. Batzuk atzetik datozkigu, besteak aurretik: bi, hiru, lau batera. Argi batetik urruntzen garelarik, gure itzala handitzen da; aurki, lanpara berriak forma berria emango dio. Kalea bukatzerakoan, azkeneko lanparak argitasunarekin batera, azkeneko itzala emango du.
Baina kale orok badu hasiera zein bukaera. Kale-kantoira iritsitakoan, urrats berriak leku ezezagun batera eramango gaitu ,eta maiz, azkeneko argi-izpiaren babespean geldirik geratzeko tentazioa handia da. Argi horrek sortzen duen itzal luzeak aurrean dugun zuloa ezkutatzen duela konturatu gabe.
Horrelako irudia burura etorri zitzaidan Aberri Egunean EhBilduk plazaratu zuen proposamena entzutean. Izan ere, duela 20 bat urteko Euskal Herrian ginela sentitu nuen. Inoizko Aberri Egunik zatituenean, Loiolako itzala luzearen ertzak zorutik hedatu ziren.
Ezaguna denez, Lizarra-Garaziko Akordioaren porrota eta gero, Ezker Abertzaleak soberanisten arteko akordioa baztertu eta beste “bi tradizio politiko nagusiekin” (PNV, PSOE) itun bat egiteko ahalegina egin zuen. Horren ondorioz, Loiolako Prozesua zabaldu zen, besteak beste.
Ezkerreko abertzaletasunaren beste sektoreek ez zuten horren begi onez hartu aldaketa estrategikoa, eta zer esanik ez, Ibarretxeren egitasmoan konfiantza zuten beste sektoreek. Biak ala biak eszenatokitik kanpo geratu ziren, Ezker Abertzale ofizialaren ustez, hirugarren tradizio politikoaren aulkia beraiei zegokielako esklusibotasuna.
Halere, garai hartan eragile soziopolitiko soberanista guztiek ardura handiz jokatu zuten eta inork ez zuen trabarik jarri, ezta Ibarretxe berak ere. Prozesu hori abian jarri zen eta Anoetako mugarria iritsi zen. Erabat beharrezkoa zen mugarria, lehenago aldiz, ETAk osagarri politikoak izango zituen balizko negoziazio batetik at geratuko zela onartu baitzuen.
Anoetako adierazpena Lizarra-Garaziko garaietan gertatu izan balitz, egun, bestelako egoera izango genuke, baina argi eta itzal horiek ere iraganean geratu ziren, urrun dagoen beste kale-kantoi batean.
Negoziazio politiko bati egin zioten Hego Euskal Herriko mendebaldeko hiru herrialdeetako hiru talde politiko nagusienek Euskal Herri osorako irtenbide bat bilatu nahian, eta gatazkaren adierazpen bortitzak behin betiko bukatzea lortuko zutelakoan. Hori ere ez zen gauzatu.
Lizarra-Garaziko kalearen azkeneko argia kalte-kantoi hartan geratu zen bezala, Loiolakoa ere hor geratu zen, baina tamalez, itzala gure bizkarrean iltzatuta utziz.
Egun, euskal soberanismoak, eta batik bat ezker independentistak, beste bide batzuetatik ibili behar lukete.
Auzo eta herri berriak sortu dira eta auzo horietako espaloietan jende andana dago, bakoitzak bere linterna eskuan duela, bere argitxoa eskaintzeko prest.
Orain, karrika, malda eta plaza berrietatik ibiltzeko, sistema hau eraiki eta babestu duten eragileekin hitzarmena egiteko beharrik ez dago. Aitzitik, XXI.mendeko testuinguru distopikoan beraiengandik ahalik eta gehien aldentzeak onura eta erakargarritasuna lekarzkigu.
Hegemonia eskuratzeko grina kaltegarria izaten da sarritan. Eremu soziopolitiko baten hegemonia eskuratze aldera, aurretik hurbilen daude eragileak xurgatzen saiatzen da hautu hori egin duen taldeak. Bide horretan bere eremu soziopolitiko osoa ahultzen da eta etorkizunerako aliatuak izan daitezkeenak birrintzen ditu. Joko hori ederki ezagutzen du PSOEk. PSOE da-eta 78ko erregimena sustatzen dute guztietan eraginkorren. Bere lana: ezkerretik sortzen diren distortsio guztiak otzantzea.
PSOE izan da Catalunyako haustura demokratikoa neutralizatzen trebeena. Hasiera batean “En Comú Podmen” laguntzaz, ondoren ERCri mahai azpian xirri egiten. Joko honek bi eremu neutralizatu ditu: independentismo interklasista eta independentismo antikapitalista. Loiolako eskemari eusteak Euskal Herrian ondorio berberak ekarriko ditu.
Jendarte likido honetan badira hegemonia joko horietatik landa bestelako jokabideak eraldaketa soziala eta naziogintza uztar ditzaketenak. Pairatzen ari garen krisi sistemikoaren aitzinean kale berrietatik ibiltzeari ekin beharko diogu. Euskal Herri osoko euskal subjektu antroplitikoa birsortuz eta eredu alternatibo egingarria dugula egiaztatuz, hilzorian dagoen ereduaren eraitsi-prozesua azkartuz eta gure eraikitze-prozesua bizkortuz.
Loiolako itzal luzea (eta II)
Loiolako itzal luzea