Zenbat gara (Eus)²p?

Zenbat gara (Eus)²p? –

Euskaldun Euskaltzale Praktikanteok, (Eus)²p-ok, azken inkesta soziolinguistikoaren gaineko datuak aztertzen ari gara orain: Zer moduz Nafarroan? Zer moduz EAEn? Zer moduz hiriguneetan? Zer moduz zonalde ez oso euskaldunetan? Zer moduz arnasguneetan? Zer moduz… gaude, laztana?

Zenbat gara (Eus)²p?

Argi-ilunen balorazioan badirudi argiantza dela nagusi aldekotasun-ezagutza-erabilera eta abarretan. Nor naiz ni kopetilun jartzeko? Egin dezagun irri, hauteskunde-osteetan alderdi gehienek egiten duten antzera. Izan ere, ez al dira inkesta-ostekoak hauteskunde ostekoen antzekoak, non, galtzaile disimulaezinen bat gorabehera, denak diren garaile (botorik ematen ez dutenak salbu)?

Izugarria da (Eus)²p-ok (arlo guztietan, ahozkoan, idatzizkoan, kultur kontsumoan, lanean eta abarretan euskaraz bizi nahiko genukeenok –garrantzitsua deritzot guretzako akronimo apurtzaile bat izateari–), euskararen egoera, erabilera, osasuna eta abarren gainean jarduteko daukagun ahalmen, gogo eta pazientzia mugagabea.

(Eus)²p-ok giza-azpitalde nekaezina gara (populazio osoaren %10-edo garela aintzat harturik), baina iruditzen zait euskararen normalizazioaren inguruko zurrunbiloan jira-biraka gabiltzala, inkestarik inkesta, gurpil zoro biziatu batean. Eta aski da: ezinezkoa da baldintza hauetan normalizazioa, eta ez gara harantz hurbiltzen ari.

(Eus)²p-ok kapitalismoak eragindako gainerako estresez gain (lana, sexua/maitasuna, kontzientzia…) estres linguistikoaz ere bizi garen gizaki auto-suntsitzaileak gara

Demagun euskararen normalizazio gutxieneko bat (N): Euskal Herri osoko pertsona guztiek euskara ezagutzea (Eus) eta (Eus) horren erdia (Eus)²p-ok izatea.

N = Eus + (Eus)²p
Eus/2 = (Eus)²p

Teorian, euskararen normalizaziorako baldintza onenak dituen lurralde puskan, EAEn, ezinezkoa da N-ra iristea, baldin eta egunkari bat bakarra euskaraz bada, ETB1ek ETB2k baino aurrekontu askoz txikiagoa badu (eta erdal telebista zein plataformez inguraturik), ume guztiek euskara murgiltze eredu unibertsal publiko bat eskura ez badute edota helduen euskalduntzea gaztelania ikastea bezain doakoa ez bada (eta zerrenda luze bat infiniturantz jotzen duena).

(Eus)²p-ok kapitalismoak eragindako gainerako estresez gain (lana, sexua/maitasuna, kontzientzia…) estres linguistikoaz ere bizi garen gizaki auto-suntsitzaileak gara.

Ez dut asko pentsatu, baina, agian, soluzio bat da Belgika baterantz edo batzuetarantz jotzea? Alegia, (Eus)²p-ok, (zenbat ginateke, 200.000?), herri linguistiko bat aldarrikatzea, zerbitzu eta alor guztiak euskara hutsean izango genituzkeenak. (Agian gutxiago ginateke?).

ARGIArentzat egindako kolaborazioa

Zenbat gara (Eus)²p?

2 pentsamendu “Zenbat gara (Eus)²p?”-ri buruz

  • Gutxiago ginateke, baina ez kopuru txikia. 100.000 lagun bai behintzat. Kontua da gaur egun horrelako zeozer egiteko estatu bat izatea beharrezkoa dela.
    Galestarrei Lewis Jones buru zutela ondo atera zitzaien antzeko erronka Argentinan, baina beste garai batzuk ziren.

  • Belgikako ereduari jarraituta ere, nahikoa lan. Fundamentua behar da…. Esaterako 7 bat urte daroa jaurlaritzak administrazioetan euskararen normalkuntza arautzeko dekretu berria ateratzeko (besteak beste, perfil berriak euskarari, gaztelerari aplikatuko ez zaizkionak, jakina). Aurkeztu ere aurkeztu zuten. Ba oraindik ere urtea bukatu arte edo, ez dute aterako. Ia 2 legislatura alegia. Horretarako, gainera, kontratatu egin behar izan dituzte kanpoan zuzenbidezko adituak, azken aldian segurtasun juridikoa hankaz gora jartzen ari zaizkie epaileak eta. Bitartean, dena geldirik, baita ziurtagirien kanpo ebaluazioen kontua. Lan horretarako, besteak beste, euskara kontsultora bat kontratatuta dute dirutza harrigarria ordainduta 150.000tik gora… Gaitasun falta eta klientelismo gehiegi. Denak isilik. Etbren fiaskoaz ( maila guztietan) hitzik ez,…. Independentzia baino, milagro bat ez ote dugun behar