Hizkuntza politika ausartagoetara jauzi egitea premiazkoa dela berretsi dute inkesta soziolinguistikoetako datuek

Hizkuntza politika ausartagoetara jauzi egitea premiazkoa inkesta soziolinguistikoetako datuek –

Hizkuntza politika ausartagoetara jauzi egitea premiazkoa dela berretsi dute inkesta soziolinguistikoetako datuek

  • Ezagutzan aurrera egin izana poztekoa da, baina erabilerara jauzi egiteko arazoak nabarmenak dira, eta ezagutza berean aurrera egitekoak ere bai Nafarroako eremu batzuetan eta Ipar Euskal Herrian.
  • Hezkuntza sistemak belaunaldi berriei euskaraz jabetzea bermatzeko behar diren baliabideak jartzea eta sistemak garatzea ezinbestekoa da jauzi horretan.
  • Migrazio joeren ondorioz ailegatutako euskal herritar berriei ere euskaraz jabetzeko eskubidea bermatzea eta baliabideak eskaintzea funtsezkoa da, egoera honetara egokitutako helduen euskalduntze-alfabetatze sistema sendo baten bidez.

Hizkuntza politika ausartagoetara jauzi egitea premiazkoa dela berretsi dute inkesta soziolinguistikoetako datuek2021. urteko datuekin osatutako Nafarroa, EAE eta Ipar Euskal Herriko VII.en Inkesta Soziolinguistikoek azken 30 urteetan euskararen normalizazio-prozesuaren baitan harturiko neurrien, eginiko lanaren eta lorturiko emaitzen diagnostikoa osatzen laguntzeko hainbat datu eskaini dituzte. Aintzat hartzekoa da halako azterlanak izateko egiten den ahalegina, bizi dugun egoera ahalik eta egokien ezagutzea funtsezkoa baita egoera hori eraldatu nahi dugunon jarduna eraginkorra izan dadin. Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak, Nafarroako Gobernuko Euskarabidea Institutuak eta Euskararen Erakunde Publikoak zuzendu eta finantzatu dute ikerlana. Bertan, Euskal Herri osoko datuak bildu arren, administrazio eremuka bereizita argitaratu dira eta ez bat eginda. Euskalgintzaren Kontseiluak argazki orokor bateratu horren hutsunea sumatu du, banaketa administratiboak banaketa, Euskal Herri osoa baita euskararen lurraldea, eta biziberritze prozesuko hainbat dinamika, gorabehera eta baldintzak eremu osoan eragiten baitute, mugez gainetik.

Ezagutzan gora, baina guztia ez da poztekoa

Inkesten emaitzetara etorrita, daturik positiboena da euskararen ezagutzak gora egin duela. Eremu administratiboen eta herrialdeen arteko desorekak gorabehera euskara ulertzen duten 16 urtetik gorako euskal herritarrak 1.200.000etik gora dira. Horietatik 400.000 inguru dira oraindik elebidun oso izatera heldu ez direnak.

Hala ere, ezagutzaren igoerak badu ñabardurarik banaketa administratiboaren galbahetik iragaziz gero. Izan ere, Nafarroan eta EAEn hiztun kopuru absolututan ez ezik ehunekotan ere gertatu da ezagutzaren igoera, baina Ipar Euskal Herrian bestelakoa da joera: euskaldunen kopurua azken inkestatik doi bat emendatu bada ere, proportzioa apaldu eta apaldu ari da, galera prozesu nabarmenean.

Helduen euskalduntze-alfabetatzearen eta hezkuntzaren garrantzia

Hizkuntza politika ausartagoetara jauzi egitea premiazkoa dela berretsi dute inkesta soziolinguistikoetako datuekBestalde, eta berriro Euskal Herri osoko datuetara itzulita, euskal hiztunen proportzio handiena 24 urtez azpiko biztanleen artean dago. Horrek badu, dudarik gabe, alde onik, etorkizunera begira jartzen baitu euskararena biziberritze prozesua. Baina datu horren egiazko eragina neurtzeko aintzat hartu behar da euskararen ezagutza haur eta gazteen artean gorantz joan den epe berean, adin tarte horren pisu demografikoak behera egin duela, bereziki azken urteetan, eta, beraz, gizartean duen eragina hasiera batean lirudikeena baino mugatuagoa da. Horrekin batera, kontuan izan behar da migrazio joeren ondorioz euskal herritar berri asko helduak direla. Hau da, ezagutzaren unibertsalizaziorako bidean euskara belaunaldi berrietara familia-transmisioaren eta hezkuntzaren bidez helaraztea ezinbestekoa dela, baina ez nahikoa. Beste era batera esanda, helduen euskalduntze-alfabetatzeak lan arlo garrantzitsua izan behar duela euskararen biziberritze prozesuan. Are, euskal herritar berriei euskaraz jabetzeko eskubidea bermatzeko arreta bereziz landu eta zaindu beharreko arloa dela hizkuntza politikak diseinatzen direnean.

Ezagutza hori erabileran nola islatzen den aztertuz gero, bistakoa da lehenengoaren aldean igoera apalagoa izan duela bigarrenak. Izan ere, ezagutzatik erabilerarako katean, hiztunen gaitasun-erlatiboa katebegi gakoa da, bereziki euskara bezalako hizkuntza gutxituen kasuan. Eta alor honetan, hiztun kopurua hazi den heinean, erdaraz euskaraz baino errazago moldatzen direnen kopuruak ere nabarmen egin du gora. Horrek kristalezko sabaia jartzen dio erabilerari, hizkuntzaren erabilera erosorako elebidunen masa soziala eta babesgune soziofuntzionalak hasiera batean dirudiena baino murritzagoak baitira. Horregatik, oinarrizko euskara-gaitasuna belaunaldi berriei bermatzea hartu behar luke helburu hezkuntza sistemak, eta hori bermatzeko ereduak garatu eta baliabideak ezarri beharko lirateke Euskal Herriko hiru eremu administratiboetako bakoitzean.

Garai batean ez bezala, euskal hiztun kopuru handiena eremu erdaldunduetan bizi denez, hiriguneek duten izaera estrategikoa ere aitortu beharra dago, erabilera erosorako babesgune soziofuntzionalak bermatu, hizkuntza-politika aurreratuak garatu eta baliabide egokiz hornitzeko. Hala eta guztiz ere, erabilerarako dauden esparru mugatuetan, hiztunek euskarari eusten diotela ondoriozta daiteke, hizkuntzarekiko duten atxikimenduaren adierazle.

Nafarroa: jarrera ere hizkuntza-politiken ondorio da

Hala islatzen da euskararen erabilera sustatzeari buruzko jarreretan: eremu batean geroz eta hiztun kopuru altuagoa, orduan eta euskararekiko atxikimendu handiagoa. Honen kariaz, nabarmentzekoa da EAEko herritarren hamarretik bederatzik haur guztiek euskara ikasi beharko luketela deritzola eta lau herritarretik hiruk defendatzen dutela administrazioan lan egiteko euskaraz jakin behar dela. Ezagutzatik erabilerarako bidean eragiteko hizkuntza politika ausartak behar dira, arlo horretan jauzi bat egitea ezinbestekoa da. Are eta gehiago, azelerazio izugarriz gertatzen ari diren aldaketa soziokulturalak eta digitalizazioak etorkizunera begira jarri dituzten erronka handiei aurre egiteko. Jarrerari buruzko datuei erreparatuta, argi da jauzi horrek babes sozial zabala izango lukeela EAEn.

Jarrerari buruzko datuen ifrentzuan, Nafarroako emaitzek ematen dute kezkatzeko motiborik. Euskararen sustatzearen aldeko jarrerekiko kontrakotasunak gora egin du, argazkia zonifikazioaren baitan polarizatuz. Argi geratzen da, euskararen aldeko hizkuntza-politikek ez dutela ezagutzan edo erabileran soilik eragiten, baizik eta jarreran ere zuzenki ispilatzen dela. Horren adibide da, baita ere, Ipar Euskal Herrian euskara hezkuntzan txertatzearen aldekoak erdia baino gehiago izan arren, euskara hutsean ikastearen aldeko blokea bi puntu apaldu da 2011tik. Beraz, agerian geratzen euskararen Euskal Herri osoan ofizial izatea funtsezkoa dela biziberritze prozesuan sendotasunez aurrera egiteko.

Jauziaren premia

Arestian aipatu bezala, ezagutzan aurrera eginagatik arazoak eta desafioak handiak dira: ezagutzatik erabilera bihurtzeko zailtasunak, ezagutza berean aurrera egiteko ezintasuna Ipar Euskal Herrian zein Nafarroako eremu batzuetan, hizkuntza politika egokien faltak euskararen kontrako jarrerak indartu izana zenbaiti gunetan, gizarte aldaketa azeleratuek eta digitalizazioak ezarritako erronka izugarriei aurre egin beharra… Honek guztiak hizkuntza politiketan jauzi handi bat egiteko premian jartzen gaitu; zeharkakotasunezko ikuspegi holistiko eta integratzailea izango duten hizkuntza-politiko sendoetara salto egin beharrean.

Horretarako, Euskalgintzaren Kontseiluak bultzatutako Batuz Aldatu ekimenak batasun zabal bat eta bide-orri argi bat eskaintzen ditu. Alde batetik, hizkuntzaren ezagutzaren unibertsalizazioa bultzatuz, herritar guztiek euskaraz aritzeko gaitasun egokia izan dezaten. Bestetik, euskara eroso erabiltzeko eremuak sortuz, garatuz eta elkarlotuz, hala nahi duen orok ez dezan izan euskara erabiltzeko inolako eragozpenik. Finean, euskaraz ardazten direnek herritartasuna berdintasunean gauza dezaten, bizitza bizigarriak izan ditzaten.

Funtsean, Inkesta Soziolinguistikoek erakutsi dute euskararen normalizaziorako eta erabilera erosorako, biziberritze prozesurako, baldintzak sortuko dituzten hizkuntza-politika ausarten norabidean jauzia egiteko garaia dela: hizkuntza eskubideen alde, herritarren berdintasunaren alde, gizarte justizia eta kohesioaren alde: euskaraz bizi nahi dutenen alde.

 

Hil edo biziko diren euskararen aldeko politika publikoak eskatzeko apirilaren 22an Baionako kaleak betetzeko deia

Hizkuntza politika ausartagoetara jauzi egitea premiazkoa dela berretsi dute inkesta soziolinguistikoetako datuek

Euskararen normalizazioa azkartzeko lan egiten duten erakundeen eta eragileen bilgunea da Euskalgintzaren Kontseilua. 30 talde baino gehiagok osatzen dute, eta, batasunaren indarraz baliatuz, euskararen normalizazioa azkartzeko hizkuntza-politiketan eragitea du xede. Kontseilua sinetsita baitago euskara dela gizarte kohesionatu, justu, demokratiko eta berdinzaleago bat eraikitzeko tresna. Helburu hori jomuga hartuta ari da lanean 1998. urteaz geroztik.