Kritika Zinematografikoa: “Matria”

Kritika Zinematografikoa: “Matria” –
Kritika Zinematografikoa: "Matria"

Zuzendaria: Álvaro Gago
Urtea: 2022
Herrialdea: Galiza

-Duintasunaren lurraldea-

Kritika Zinematografikoa: "Matria"‘Patria’ horrenbestetan aipatzen dugun garai hauetan, Álvaro Gagok konbentzio mediatikoen paradigmen iraulketa proposatzen du Matria filmean. Hitzaren jatorri etimologikoarekin jolas eginez (aitari dagokiona / amari dagokiona?) patriarkatuaren eredu horietatik fokoa aldentzen du eta emakumeen bizitza xehearen analisi zehatza proposatuko digu. Emakumeen baino ‘emakumearen’ bizitza esatea zuzenagoa litzateke, Matria pelikula Ramona baita. Erdiguneko pertsonaia honen bizkar dago filmaren muina erabatekoa, emakume honek beste emakume gehiagoren isla izateko daukan indar zentrifugoan (nahiz eta cliché-a baztertu, gure errealitatean oso hedatua somatzen dugun pertsonaia profila da baliatzen dena, normalean ikusezinera izateko joera duena). Galiziako kostaldeko herrixka txiki batean girotua, hasieratik bertatik somatuko dugu Ramonaren (Maria Vazquez), 42 urteko neskaren, bizitza sakrifikatuaren panorama. Lantegi batetako garbiketa arduraduna, kamera bere aurpegira zanpatua duela ikusiko dugu lanean, mugimendu zakar baina trebez. Dardenne anaiek hainbatetan egin bezala, lan fisikoaren lurraldea da berea, nekatzeko eskubiderik ematen ez duenetakoa. Baina Ramonaren ezaugarri ere bada duintasun kontzientzia nabarmena. Hastapenetik ikusiko dugu bere lankideei era bortitzean hitz egiten, egunerokotasun talka ohikoetan; edo lan eskubideak urraturik ikusten dituen unean, bere enpresa arduradunei jokabidea leporatzen. Lan bila dagoenean ere ohiko jarrera atsegin derrigortuak baztertu egingo ditu, baldintza ekonomiko okerragoak izateak besteak baino gutxiago egiten ez duenaren erabateko ziurtasunarekin.

Berlinaleko Panorama sailean aurkezturikoak eta Malagako jaialdian emakume aktore onenaren saria irabazi du Matriak. Filmaren funtsa nagusia Alvaro Gagoren (2017an eginiko eta izenburu berdineko laburmetraiaren esentzia harrapatuta) baliatuko duen kutsu naturalista horretan dago, ia dokumentalaren tropoak erabiliz (bereziki gustagarriak dira portuan edo itsasontzian, muskuilu arrantzan ematen diren pasarteak). Hala, fikzioaren hainbat elementu kontzienteki baztertu egiten direnaren sentsazioa dago. Lehenik eta behin, pertsonaiaren azalpen maila ez da oparoegia izango. Ramonaren bizitzako edozein egunetan iritsiko gara, eta bere iraganaren piezak han eta hemen batu beharko ditugu egoera bere osotasunean ulertzeko: aurrera egiteko egin behar dituen lan anitzak, bere alabarekin duen erlazio gatazkatsua, osasun arazoak, bideo-deiak etengabe egiten dizkion ahizparekin elkarrizketa (itxuraz) terapeutikoak, etengabe mozkor dagoen eta ondo tratatzen ez duen gizonarekin duen erlazio toxikoa. Aipaturiko zerrenda luze hau da, hain zuzen ere, pelikularen beste zama, izan ere, pertsonaia poliedro anitz eta konplexu bezala planteatzen den heinean, erdiguneko helduleku gabeko pelikula da, denaren motor den gatazka nagusiaren hutsunea duena. Elkarri kateatuta dauden azpi-tramaz osatutako kontaketa ematen du zenbaitetan.

(…)

Kritika osorik irakurtzeko, sartu ZINEA atarian!

Kritika Zinematografikoa: "Matria"

Kritika Zinematografikoa: “Matria”

Euskal pantailaren gunea