Justiziaz

Justiziaz –

Zein arlo zabala hartzen duen justizia kontzeptuak! Kostatu zait sail zabal horretan zein arlori heldu erabakitzea eta halaber, ni naizen itsua argitzen laguntzeko itsuaurreko zein hartu behar dudan ebaztea.

Justiziaz
Arg: WilliamCho

Justizia ulertzeko moduei helduko diet –“justizia ekonomikoa”, “justizia liberala”, “justizia komunitarioa”, “justizia morala”– eta itsu-gidaritzat Harvardeko unibertsitateko Michael J. Sandel irakasle dibulgatzailea hartuko dut.

Egia da gizarte amerikarra (estatubatuarra) eta europarra (euskalduna) ezberdinak direla hein batean, baina egia ere da gero eta berdinagoak direla, eta AEBetako joera oro laster heltzen dela gurera.

Gatozen harira: 2004ko udan, Charley urakanak AEBetako Florida estatua suntsitu zuen. Hogeita bi lagun hil ziren eta kalte materialak 11.000 milioi dolar jo zuten. Eta horrekin batean, guretzat axolazkoena, abusuzko prezioei buruzko debatea piztu zen.

Gasolindegi batean izotz-poltsak hamar euro kostatzen ziren, urakana baino lehen bi euro kostatzen zirenean. Hozkailu eta aire girotuetarako energia elektrikorik ez zegoenez, askok beste erremediorik ez zuten izan. 77 urteko emakume bati, bere gizon adindun eta alaba desgaituarekin urakanetik ihesi zihoanari, 160 dolar kobratu zioten gaua motel batean, orduraino 40 dolar kostatzen zenean. Herritarrak, noski, haserretu egin ziren. Egunkari bateko izenburu batek honela zioen: “Ekaitzaren ostean, putreak”. Floridako fiskal nagusiak ere berdin pentsatzen zuen: “Harri eta zur nago ikusita zenbateraino iristen den diruzalekeria batzuengan, urakanagatik sufritzen ari direnengandik aprobetxatzeraino”.

Floridak badu nonbait lege bat prezioen igoera espekulatiboak debekatzen dituena eta urakanaren ondotik, fiskal nagusiaren bulegoak bi mila kexatik gora jasorik, legea ezartzen hasi ziren, baina laster ekin zioten ekonomista batzuek merkatuaren legeak defendatzeari.

Merkatu librea aldezten duen Thomas Sowell ekonomistak –Ipar Carolinan jaioa, afroamerikarra, gaztetan marxista, Harvardeko unibertsitatean lizentziatua, egun Stanfordeko unibertsitateko Hoover Institution-eko kide gailena, 45 liburu eta artikulu ugari idatzia– egunkari batean adierazi zuen “abusuzko prezioa” emozionalki esapide indartsua dela baina ikuspuntu ekonomikotik zentzurik ez duela. Izotzaren prezio garestiak edota moteleko gela garestiek mugatu egiten omen zuen kontsumitzaileen erabilera, eta leku urrunetako hornitzaileak bultzatzen zituen urakanaren ondotik, premiazkoen ziren ondasunak eta zerbitzuak eskaintzera. Prezio horiek ez omen zuten injustutik deus, bakarrik islatzen zuten saltzaile eta erosleek zein balore ematea erabakitzen duten elkarri trukatzen dizkioten gauzei.

Ildo beretik, Jeff Jacoby zutabe-idazle kontserbadoreak adierazi zuen ez dela abusuzkoa edo lagun hurkoarekiko begiramenik gabea merkatuak jasan dezakeen adina kobratzea. Horrelaxe esleitzen direla ondasunak eta zerbitzuak gizarte libre batean. Ondorio hau ateratzen zuen: “merkatariak eta hornitzaileak deabrutzeak ez du Floridako ekonomiaren susperraldia ekarriko. Utzi euren enpresa-borondatearen arabera jokatzen”.

Fiskal nagusi errepublikanoa (Crist, gero Floridako gobernadore izendatua) ez zetorren bat (Justicia, 2011, 13):

Ez da merkatu libreko egoera normala, non erosleek libreki erabakitzen duten merkatura joatea, han beren borondatez saltzen dutenekin topo egiteko, eta haiekin prezio bat adostea, eskaintzan eta eskarian oinarritua. Larrialdi batengatik hertsapena jasan behar duen erosle batek ez du askatasunik. Nahitaez eskuratu behar du behar duena, adibidez, ostatu seguru bat.

Oraindaino laburkiro planteatu ditugun gaiak justizia ulertzeko moduari buruzkoak dira. Abusuzko prezioei buruzko eztabaidari behar besteko arreta jartzen bazaio, ikusiko dugu horiek debekatzen dituzten legeen aldeko eta kontrako argudioak hiru ideiaren ingurukoak direla: ongizatea maximizatzea, askatasuna errespetatzea eta bertutea sustatzea. Horietako bakoitzak justizia ulertzeko modu desberdin bat adierazten du. Horiexek izango ditugu aipagai ondoko artikuluetan, irakurle!

Justiziaz Justiziaz

Saiakera-idazlea