Bidasoko Euskara eta Kulturaren azokarako proiektuak aurkezteko epea zabalik dago
Bidasoko Euskara eta Kulturaren azokarako proiektuak aurkezteko epea zabalik –
Azokak euskararen erabileran eta transmisioan eragiten duten Euskal Herriko egitasmoen erakusleiho izatea du asmo
…
Maiatzaren 6an (larunbata), Euskaltzaleen Topaguneak Bidasoko Euskara eta Kulturaren azoka ekimena antolatuko du, Beran (Nafarroa).
Euskararen erabilera eta sustapena helburu duten proiektuen azoka izango da. “Ohiko azoken izaera izango du: postuak, musika, lagunarteko giroa… baina protagonistak nekazal produktuak izan beharrean, euskara sustatu, bultzatu, zabaldu eta hedatzen duten egitasmoak izango dira”, azaldu dute Topagunetik.
Bidasoko azokak helburu bikoitza izango du: alde batetik, Euskal Herriko txoko guztietako eragileek elkarrengandik ikasteko abagunea izatea; eta beste alde batetik, lurralde osoan zehar euskararen sustapenean lan egiten duten talde eta elkarteei elkar ezagutzeko eta elkarrekin harremantzeko espazio egokia eskaintzea.
Elkartrukearen logikak hartuko du indarra azokan: proiektu aurkezleek egitasmoak sozializatu eta zabaltzeko plaza ezin hobea izango dute. “Azokan txoko bat edukitzea eskatzen dutenei egitasmoen berri emateko hainbat baliabide eskainiko dizkiegu, baita aurkezpen dinamikoak egiteko bitartekoak ere”.
Azokara bertaratzen direnek, berriz, “emaitza eta eragin positiboak” izan dituzten egitasmoen xehetasunak ezagutu ahal izango dituzte. “Bakoitzak bere herrira egingarriak diren ideia sorta eramateko ere balioko du. Horrela , azoka inspirazio iturri eta ekintzarako pizgarri izango delakoan gaude”, gaineratu dute.
Azokak eskaintzen duen testuingurua probestu nahi duten talde eta elkarteek eskaera egin dezakete jada; topagunea.eus webgunearen bidez. Proiektuak aurkezteko azken eguna apirilaren 14a izango da. “Euskara lehen planoan duten izaera eta izate ezberdineko egitasmoak bildu nahi ditugu; interes kolektiboa dutenak, han eta hemen egingarriak izan daitezkeenak eta, ahal den heinean, berritzaileak”, nabarmendu dute. Ekimen hau Pirinioetako Lan Elkarteak diruz lagundutakoa da.
Informazio gehigarria: topagunea.eus/proiektu-azoka-2023
Bidasoko Euskara eta Kulturaren azokarako proiektuak aurkezteko epea zabalik dago