Botoa eta hizkuntzak
Botoa eta hizkuntzak –
Hauteskunde kanpainaren atarian gaude… Edo, hobeto esanda, etengabeko hauteskunde kanpaina batean murgilduta bizi gara. Maiatzean udal eta foru hauteskundeetara aurkeztuko diren hautagaien zerrendak eta gure ongizatean eragingo duten proposamenak ezagutzen hasi gara, nahiz eta, itxuraz, kanpainek ez duten gehiegi eragiten boto-asmoetan edo, behintzat, ia inork ez duen uste eragiten diotenik.
Gertuko politikak izango dituzte hizpide eta horregatik, hain zuzen ere, datozen urteotan garatu asmo dituzten programa eta ekimenak aurkezten ari zaizkigu… Horien artean, euskarak berebiziko protagonismoa izatea nahiko nuke, politika eta programa guztietan eragiten baitu, zuzenean edo zeharka. Susmoa dut, hala ere, egoera bestelakoa izango dela.
Hautagaiak, zenbait kasutan, ezagunak dira; beste batzuetan, alderdiek eta koalizioek orain arte zeregin horietan aritu ez diren pertsonak hautatu dituzte. Bakoitzak bere irizpideak izan ditu aintzat. Zeintzuk dira hautagaiek izan beharko lituzketen ezaugarriak? Zein ezaugarriri irizten diogu ezinbestekoa? Etorkizuneko ikuspegia izatea, baikortasuna, ekimena, konfiantza sortzen jakitea, benetakotasuna, enpatia, konpromisoa adieraztea, gardentasuna, sormena, kudeatzeko gaitasuna izatea, pertsonengan oinarritzea, parte-hartzea sustatzea… Formazio edo ikasketa bereziren bat izan beharko lukete? Zein hizkuntza menderatu beharko lukete? Zer baloratzen dugu hautesleok?
Gure kasuan, gertuko politika egiteko garaian ere, euskara ezinbestekoa da. Nire ustez, ahulezia handia erakusten dute hizkuntza menderatzen ez duten hautagaiek eta, gainera, ahulezia hori konpontzeko asmorik (izan) ez dutenek.
Horrek, bidenabar, eragina du eguneroko praktikan. Politikariek eragin nabarmena dute hizkuntza prestigiatzean, beren jardueraren dimentsio publikoaren eta hedabideetan egunero-egunero ateratzearen ondorioz, beren hizkuntza erabilera oso garrantzitsu bihurtzen da euskara ere «hizkuntza normala» dela gizartean zabaltzeko. Eta jendaurrean euskaraz aritzeko, noski, jakin egin behar da.
Gainera, politikariek administrazioen hizkuntza erabilera guztiz baldintzatzen dute, lan hizkuntza eta zerbitzu hizkuntza. Izan ere, administrazio publikoetako langileek (Euskal Herriko administrazio batzuetan bakarrik, eta muga askorekin bada ere) hizkuntza eskakizunak ezarrita dauzkate. Baina administrazio publiko horietako buruak, kargu politikoak, hizkuntza eskakizun sistema horretatik kanpo gelditzen dira eta, gehienetan, erabat erdaraz funtzionatzera eramaten ditu egoera honek. Horrek dakar administrazio horren kanporako proiekzioa ere erdaraz izatea, normalean hedabideetan arituko direnak, beste erakunde eta enpresa batzuekin ordezkaritza lanak egingo dituztenak eta erakundearen izenean han eta hemen agerraldiak egingo dituztenak kargu politikoak baitira. Euskaraz jakite hutsak ez dakar erabilera, noski, baina ezinbesteko baldintza da.
Euskal Herrian posible da alkate, zinegotzi, diputatu, lehendakari, sailburu edo kargu politikoa izatea eta euskaraz aritzeko gaitasunik edo-eta derrigortasunik ez izatea. Gure esku dago aldagai hori baloratzea, alderdi politikoen lehentasunen artean ager dadin.
Gaskonia eta Dordonia (DORDOGNE)
Hortxe garatu zan GURE euskerea. Jakina, koba gehien zegoen lekuan, Lazkao…
Hor eta Kantabrian, el Castillo.
Horiek dirateke euskaldunon “La Meka” peregrinaziorako lekuak