Ongi eTourri, Mister Marshall!
Ongi eTourri, Mister Marshall! –
Patxi Salaberriak Belamendi blogean.
Gauza ezaguna da toki guztietan daudela tabu diren gaiak, ukitu ezinezko –edo arriskutsu, bederen– bihurtzen direnak jendearen sentiberatasuna medio. Horietako bat da gurean txirrindularitzarena, euskal munduan ez baitago kirol hori, praktikatzen duelako edo ikustea gustatzen zaiolako, maitatzen ez duenik, gu geu tarteko garelarik. Alor horretan, maiseaketa txikienak ere inoizko odol-berotze handienak ekarri ohi ditu zaleen artean. Zer esanik ez kirola eta politika nahasten badira solasaldian! Orduan dira zinak, minak, herrak eta buruhauste guztiak!
Ez dugu, baina, hemen horrelako surik hauspotzeko asmorik, nahiz eta pare bat gauza esan nahi genukeen “Bienvenue Monsieur le Tour” kanpainari buruz. Beldur gara, halaz ere, ez ote diren kirola eta politika uste baino gehiago korapilatuko.
Kanpainaren izen ofiziala, Eusko Jaurlaritzak berak jarri bide diona, “Ongi eTOURri!” da eta, antza denez, 136 egun eta makina bat ordu, minutu eta segundo –zehatz-mehatz kalkulatuta ematen zaizkigu guztiak web-orrian– falta dira oraindik haren etorrerarako.
Izan ere, Frantziako Tourra dela eta, aurten Euskal Autonomia Erkidegoan antolatu dute lehen aldiz aurreneko hiru etapen ikuskizuna eta, ondorioz, hainbat hilabetez luzatuko den festaldia prestatu da hiru lurraldeotan barrena ospatzeko. Eta, aurrekontu publikoak aurrekontu, nolako festaldia! Informatu gabe datorrenak erraz asko pentsa dezake Euskal Jai Nazionala izango dela oraingo hau: “Bizitour jaiak” han-hemen, zikloturisten lasterketak eta martxak Gasteizen eta Donostian, “Tour Eguna”-k Basaurin, Getxon, Barakaldon, Gernikan, Bilbon eta auskalo non gehiago, Frantziako Tourraren Fan Park bat hor nonbait, zaleok Grand Départ Pays Basque 2023az gozatu ahal izan dezagun…
Eta ikuskizuna behar den mailakoa izan dadin, Barakaldoko Bilbao Exhibition Centren izango dira informazio bulegoa eta prentsa-gunea, eta Tourraren garaikurra hara eta hona ibiliko da hiru egunotan: Donostiako Kursaalean, Zornotzako kaleetan zehar, Bilboko Guggenheim Museoan… Ikaragarria!
Horixe Mr. Marshall frantsesak ekarriko omen duena. Oihuka eta errepika bedi, bada, web-orri ofizialean ezarritako aldarri zorionekoa: ¡Vive le Tour!
***
Azpimarratu behar da, bestalde, gure agintariek inoiz egin ez dutena egin dezatela lortuko duela Monsieur le Tourrek: EAE osoa mobilizatzea. Hau da, komunitate autonomoa jai-giroan murgiltzea eta, zeharo harrigarria dena, baita Tourrak segituko duen ibilbidea ikurrinaz betetzea ere!
Alegia, Aberri Egunetan ere egin ez dutena egin dezatela lortuko da azkenean, haiei inoiz ez baitzaie bururatzen abagune aproposa izan daitekeela Aberriaren Egunaren aitzakia euskaldunon sinbolorik esanguratsuena etxe-balkoietan eta kaleetatik zehar ipintzeko. Bide batez: ba al daki inork noiz izango den aurtengo Aberri Eguna?
***
Esan bezala, Tourra hemen izan bitartean ikurrina kalera ateratzea eskatuko zaie herritarrei, eta “Euskadiko txoko guztietara helaraztea”. Batik bat, erantsi liteke jarraian, frantses kamerak eta helikopteroak ibiliko diren lekuetara helarazi.
Errepideak eta kaleak, hortaz, zuri-gorri-berdez tindatuak.
Ikusgarria bezain hunkigarria, zinez, paisaia!
Hamaika koloreko suge biziak nonahi: odol gorrikoak beheko partaideen bihotzetan; odol hotzekoak goitik ikusita.
***
Ondo pentsaka hasita, lasaitasun soziala hedatzeko eta bermatzeko moduko ekimena ere izan liteke Tourraldia, zeren eta nori burura ote lekioke horrelako ekimen koloretsu, alai eta internazional baten erdian inolako protesta erregionalistarik antolatzea edota bide-bazterretan iskanbilarik sortzea? Nola hasiko inor arazo nazionala, independentzia-erreferendumarena, euskararen normalkuntzarena, etxebizitzena, ingurugiroarena, alternatiba energetikoena, pobreziarena, hipotekena, bizitzaren garestitzearena eta beste aipatzen Unibertso unibertsal guztia honantz begira dagoenean?
Zalantzarik egon ez dadin, eta jadanik ohartu ez denik baldin bada gure artean, nabarmen azpimarratua utzi dute zein den hainbeste ahalegin eta ekimenen xedea: festaldiaren bitartez, Euskal Herriaren atal honen proiekzio internazionala lortu nahi da. Alegia, mundu guztiak mapan kokatzen ikas dezan Euskal Autonomia Erkidegoa.
Jakina, nabarmen argiturik egon ez arren, erraz ondoriozta daitezke barnerarazi eta, aldi berean, mundurarazi nahi dizkiguten beste hainbat mezu:
Lehendabizi, Herri lasai, baketsu eta erakargarria garela erakutsi nahi zaio talentuak eta inbertsioak ekar litzakeen mundu zibilizatuari.
Bigarrenik, gure kultur ekarpen handiena, gasterobipedo zintzo gisara, hizkuntz langarik jartzen ez duten mihi, aho-sabai eta gilborrean oinarritzen dugula zabaldu nahi da Unibertsoan.
Eta hirugarrenik, oso harrera-herri egokia garela erakutsi nahi zaio horretaz guztiaz baliatu nahi eta ahal duen orori.
***
Halabeharrez edo, hauteskunde garaiarekin ere kointziditzen du Tourraren etorrerarako prestakuntza-aldiak. Horrek, noski, bertakoago agertzeko aukera eskainiko die horrelatsu agertu nahi duten alderdi eta hautagaiei, eta baten bati, agian, abertzaleago azaltzekoa ere bai.
Kanpaina-zati bat behintzat eginda gera daiteke horrela, batez ere Tourreko argazkietan gehien ateratzeko bertutea dutenentzat.
Ordura arteko hilabeteetan zehar, txirrindularitza-proba herrikoien prestakuntzek, banderatxo-erakustaldi hunkigarrien antolamenduek, Euskaraldiaren antzik-edo izan nahiko luketen belarriluze eta muturmotzen antolatze-lanek eta bestek beteko dute politikak eta kirolak nahasterik onartzen ez dutela sinesten dutenen denbora eta gogo tolesgabea.
***
Eta hori guztia frantsesez baino ez dakien Monsieur le Tour adiskideari esker.
Egia esan, ezin espero daiteke gehiagorik harengandik, ez behintzat hizkuntza propioa ei dugun gaztelania erabiltzetik harago joango denik. Gehienez ere, euskarazko esaldiren bat, apika, bozgorailuak erabiltzean eta propaganda kaleratzean.
Edo akaso euskaldun bilakatuko zaigu Monsieur le Tour?
Jainko-jainkosei nahi dakiela!
Azaleko argazkia: Irekia
Zelako tourrea ematen diguten lasterketa horrekin.
Lo kuluska botatzeko baino ez dit balio.