Beti ez da indarkeria matxista
Beti ez da indarkeria matxista –
Askotan heltzen zaigu albiste bera: “indarkeria matxista kasu berria x herrian. X herriko plazan kontzentrazio bat egin dute indarkeria matxistaren aurka.”
Ez dago dudarik: gizona emakumea baino biolentoagoa da. Gizonak testosterona maila handiago du eta ikuspegi antropologikotik ezberdina da (*antropologia = gizakia bere arlo guztietan, soziala, kulturala eta fisikoa ikertzen duen zientzia). Fisikoki indartsuago eta handiagoa da. Gihar eta zuntz maila ez da berdina genero batean edo bestean. Baina psikologikoki ere ezberdinak gara. Egoera biolento baten aurrean, gizon askok aurrez aurreko borroka bilatzen du eta emakumeek jarrera zuhurrago (edo beldurtiago, ikuspegi negatibotik) dute.
Indarkeria matxista, jazarpena, bortxaketa edo ukituak izan daitezke eta larriena edo agerikoena: hilketa. Hilketa bat gertaera ukaezina da. Batek bestea hiltzen badu, hori hilketa bat da. Eta gizon batek emakume bat hiltzen badu, orduan, automatikoki hitz egiten dugu “indarkeria matxista” egon dela.
Gizon batek beste bat hiltzen duenean, edo emakume batek beste bat hiltzen duenean, ordea, ez da esaten indarkeria hori matxista edo beste modukoa denik. Indarkeria da, inolako genero etiketarik gabe.
Indarkeria matxistaz hitz egitean, indarkeria hori gizonak emakumearengan egin duela adierazi nahi da. Emakumeak emakume izateagatik jasan duela, eta gizonak gizon izateagatik eragin duela. Hortaz, alde batera uzten dira indarkeriaren arrazoi ezberdinak: arazo psikikoak, jazarpen psikologikoa, depresio/antsietate edo bestelako arazo psikologikoak, droga/alkohol erabilera, erasoei erantzutea, eta abar. Hau da, gizon batek emakume bat hiltzera eraman ditzakeen arrazoiak anitzak izan daitezke. Ziur aski bere indar fisikoaz baliatzen da, baina gaur egun norbait hiltzeko garrantzitsuagoa da hiltzeko predisposizioa, indar fisikoa baino.
Esan nahi dudana da, pertsona bat gai bada beste bat hiltzeko, beste basakeriak egiteko gai izan daiteke; baita bere senideak hiltzeraino ere, seme-alabak barne. Bere bikotekidea hiltzeko kapaz diren asko, kriminalak dira berez. Alegia, hilketa gehiago burutu dituzte, edo lapurretak, jipoiak, eta abar.
Gure helburua emakumearen aurkako indarkeria gutxitzea bada, multi faktoreak aztertu behar ditugu eta ez dena “indarkeria matxistara” mugatu. Hau da, arazoaren iturria ondo identifikatu beharko dugu, horri modu eraginkorrean aurre egiteko. Milaka milioi dedikatzen dituzte gobernu guztiek (Udalek, Aldundiek, Jaurlaritzak, Espainiako Gobernuak, Europar Batasunak…), haien emakume edo berdintasun sail, departamentu, erakunde, foro eta antzekoen bidez. Hala nola, emakumeen aldeko hainbat GKE edo elkarte, erakunde edo bestelakoak, pribatuak edo erdi pribatuak.
Hasieran, antolakuntza hauek sortu zirenean, benetan nahi zuten emakumeen alde egin. Baina denborak aurrera egin ahala, antolakunde horietan lan egiten dutenentzat haien bizimodu bihurtu da. Zoritxarrez, azkenean, askorentzat, helburua ez da arazoa desagertzea, arazoaz bizitzea baizik.
Oharra: Mundu anglosaxoian, “matxista” terminoa ez da existitzen. “Domestic violence” erabiltzen da. Eta “macho” erabiltzen da gaztelaniako mailegu bezala, “oso gizonezkoa” dela esateko, pixka bat negatiboki (“macho man”). Baina, izatez, ez dago “indarkeria matxista”ren baliokiderik.