Foucaulten bigarren aroa, Boterearen Genealogia
Foucaulten bigarren aroa, Boterearen Genealogia –
Hauexek dira 70eko hamarraldian mamitu zen bigarren aroko liburu nagusiak:
-Diskurtsoaren ordena (1971), Collège de Franceko sarrera-hitzaldia jasotzen duena. Hitzen kontrolaz dihardu.
-Zaindu eta zigortu (1975) (dena den, kontuan hartuta “zaindu” hitzak berez izan dituen esanahien artean gurean aspaldion bakar bat nagusitu dela, eta ez datorrela Foucaultek gogoan duenarekin, “Kontrolatu eta zigortu” deitu beharko genioke, agian). Zigorgintza eta espetxeak ditu aztergai.
-Jakiteko nahia (Sexualitatearen historiaren lehenbiziko liburua, 1976). Aitortzaz eta biobotereaz ari da.
Gure garaia, dio orain Foucaultek, itxitura, bahiketa eta diziplinan dago sustraitua: ospitalean, eroetxean, eskolan, espetxean, fabrikan, kasernan, gorputzak leku hertsietan ordutegi zorrotzen pean bahiturik dauzka aginteak, kontrolatu eta guardia egiten duen baina kontrolatua ez den jagolearen begiradaren menpe. Espetxe-artxipelagoa da gure gizartea, gizarte panoptikoa. Foucaultek itxiturak apurtu eta gorputzak, bizitza, askatu nahi ditu: “Toleraezinak dira -dio- epaimahaiak, poliziak, ospitaleak, zahar etxeak, eskolak, soldadutza, prentsa, telebista, Estatua, eta, oroz gain, espetxeak”.
Espetxean ageri baita boterea biluzik eta den bezain izugarri, ahalbidetzen duenez gero pertsona zarratu, itxi-tokian egonarazi eta janaria eta beroa ukatzea, eta irtetea eta maitasuna debekatzea, hots, xehetasunik ezdeusenak ere zinikoki kontrolatu eta zigortzea. Baina jokamolde basati hori moralki zuritzeko beharra ere sentitzen du aldi berean botereak: “neuk daukat arrazoia jipoitzen zaitudanean, bai baitakizu gaizki dagoela lapurtzea edo hiltzea.” Bere burua Gaizkiaren gaineko Ongiaren nagusitasun bare eta ordenatu gisa mozorrotzeko behar hori da Foucaulti aginteaz interesatzen zaion ezaugarrietako bat. Mozorroak humanismoaren eta eskuzabaltasun gupidatsuaren itxura hartu ohi du, eta giza zientziak ditu kolaboratzaile funtsezko.
Pitagorikoek eta Platonek “soma sema” bazioten, hitzez hitz gorputza hilobi, gorputza espetxe nolabait, alegia, gorputzak espetxeratzen eta hilobiratzen duela arima, Foucaultek aldarrikatuko du gurean, alderantziz, arima dela gorputzaren espetxea, arrazoiak proiektatu baitu espetxe-artxipelagoa, gorputzak itxi eta diziplinatzen dituzten dispositiboak oro. Botereak arimak kontrolatuz menperatzen ditu gorputzak.
Foucaultek gure garaiko erakunde eta giza zientzien sorrera interesatu eta irrazionala agerrarazten du beti, hauen «arrazoizkotasuna» eta «naturaltasuna» «frogatzeko» argumentu-asmaketa atzekoz aurrerakoa desestaliz. Morroi bat erotu da eta zoroetxean sartzen dugu: betidanik ikusi dugunez, naturala izango da, horrexegatik ikusi dugu hain zuzen ere beti horrela, «pentsatu» ohi dugu. Foucaultek, aldiz, erakutsiko digu oso berria eta bitxia dela jokamolde hori. Eta gaur egun dauzkagun erakundeak eta kolaboratzaile dituzten giza zientziak, funtsean, XIX. mendearen hasieran Ilustrazioaren eraginez sorturikoak dira, eta interesa, bortxa, bataila dute oinarri, ez humanitarismo zerutiarra. Eroetxeen eta presondegien kasuan, esate baterako, sortu eta berehala garbi geratu zen omen zeuzkaten helburuak —ero eta hiltzaileen «zentzatze» eta birgizarteratzea, besteak beste— ez zirela inondik inora lortzen. Foucault argitzen saiatu zen interesek mantendu dituzte haatik gaurdaino indarrean.
Aro genealogikoan asmatu zituen Foucaultek “biobotere” eta “biopolitika” kontzeptuak. XVIII mendearen amaieraren eta XIX.aren hasieraren artean, boterea itxuraldatu egin zen: ordu arte, gizabanakoak gobernatzen zituen, diziplina erabilirik; aurrerantzean, berriz, giza talde osoak gobernatuko ditu, “populazio” kategorian sarrarazita. Biopolitika arduratuko da osasuna, higienea, elikadura, sexualitatea, natalitatea eta migrazioak kudeatzeaz. Aldi berean, biobotereari erantzuteko aukera ere izendatzen du “biopolitika” horrek berak: ez baitago erresistentziarik gabeko botererik. Bizitzaren ahalak askatasunaren praktika oinarri dezake.
Boterearen genealogiaren aroaren baitan, Foucaultek uste du Europa goitik behera irauli beharra dagoela. Gizarte burgesa abstraktuegia da, ez zaio gizaki errealari egokitzen: espetxeak sortu ditu, eta eroak baztertu, itxi, arakatu eta etiketatu. Foucaulten iritziz, ordea, gizartearen beraren kontraesanak argiegi azaltzen dituelako zokoratzen dugu batik bat zoroa. Marxentzat, gehiengoaren miseria aski zen miseria hori sortu zuen gizarte kapitalista apurtzen saiatzeko. Foucaultek batez ere eroen eta presoen egoera hartuko du aintzat.
Urteotan proposatu zuen iraultza goitik beherakoa zen. Foucaulten hitzetan: “humanismoak sistema ideologikoa aldatu nahi du, erakundea ukitu barik; erreformismoak, ostera, erakundea aldatu, sistema ideologikoa berdin utzirik. Ekintza iraultzaileak alternatiba hori gainditu eta aldi berean hausten ditu nola kontzientzia hala instituzioa”.
Aro genealogiko honen bide erdian hasiko da Foucault azaltzen botereari buruzko ikuskera berri bat: boterearen funtsa ez da debekua, zapalketa eta zigorra. Normaltasuna sortzea xede nagusi duen estrategia orokorrago batean darabil botereak errepresioa. Botereak ez baitu oroz gain eragozten, baizik eta kitzikatzen, asmatzen eta sortzen. Esaterako, ez da egia sexualitateaz mintzatzea zentsuratua dagoela; zentsuratua egon dela ere ez. Aitzitik, kristauen aitormenetik hasi, psikoanalisitik igaro eta autolaguntzaraino, gure sexuaz etengabe mintzatzera bultzatzen gaituzte; gure sexuan dagoela gure egia ezkutua sinetsarazi nahi digute. Foucaultentzat, horrek ez du zentzurik. Hori bai, desira, tentaldi eta gozamen guztiak hitzetan jartze horrek kontrolagarriagoak egiten gaitu. Kontrola gorabehera, edonola ere, “Pikutara sexu-erregea!” aldarrikatu beharra dago.
Foucaulten bigarren aroa Foucaulten bigarren aroa