Gauzak nola kontatzen diren

Gauzak nola kontatzen diren –

Gauzak nola kontatzen diren

2021ean 1991n baino %28,6 euskaldun gehiagok egiten dugu errazago euskaraz espainolez baino.

2021ean 1991n baino %45,4 euskaldun gehiagok egiten dugu errazago euskaraz edo gutxienez espainolez bezain erraz.

Gaurko Berriako azalean bi grafiko itxaropentsu hauek atzo argitaraturiko VII. Inkesta Soziolinguistikoaren laburpen datuetatik. Titulu txikiagoetan datu positiboak ere: “[E]zagutza %12 igo da 1991tik, eta erabilera %6,4 / Duela 30 urte baino 261.000 euskaldun gehiago daude”. Baina titulu nagusia azpimarratu negatiboa: “Euskararen erabilera erdia baino ez da igo ezagutzaren aldean EAEn 30 urtean”. Baezpare. 2. Eta 3. orrialdeetan datu positibo parrastada… Besteak beste, azpimarratzeko, hizkuntzaren familia transmisio datu (oso) positiboak itxuraz. Hala ere izenburu nagusi negatiboa, nahiz eta fantastikoa den lortu baldin badugu erabilera igotzea ezagutza igo denaren erdia. Hori haluzinatzeko datua da. Ezinezkoa da pareko igoera irudikatzea.

Okerrago atzoko ARGIA.eus-eko hari@argia.eus berrietan lehena. Izenburua (SoziolinguistikaLeire Artola Arin): “Euskaldunen %44k erraztasun handiagoa du erdaraz hitz egiteko”. Iruzkin depresiboa. Artikuluaren beraren izenburua (www.argia.eus/albistea/euskaldunen-44k-erraztasun-handiagoa-du-erdaraz-hitz-egiteko): “Euskaldunen %27 moldatzen da euskaraz hobeto, erdaraz baino”. Azpiburua: “[J]aitsi egin da euskaraz erdaraz baino errazago egiten duten herritarren kopurua %34,6tik %27,4ra”.

Ze gaizki! Orain ere gaizki goaz! 30 urte eta gero. Lur jota geratzeko modukoa.

Kontua da, Argiako datu tranpatiari dagokionean, EAEn 1991n ginen 419.221 euskaldunetatik %34,6k baldin baginen errazago egiten genuenok euskaraz espainolez baino, 145.050 ginela. Orain aldiz 680.629 euskaldunetatik %27,4k baldin bagara errazago egiten dugunok euskaraz espainolez baino, 186.492 garela, orduan baino 41.442 gehiago, %28,6 gehiago.

Eta begiratzen badiogu euskaraz erraztasun handiagoa edo erdaraz besteko erraztasuna dugun euskaldun kopuruari, 1991n 260.755 ginen eta 2021ean aldiz 379.110, 118.355 gehiago, hau da, %45,4 gehiago.

Gauzak nola kontatu nahi diren.

Goazen euskaldun bihotzekook!

Hitz bat ere ez espainolez!

Gauzak nola kontatzen diren

Zer duzu buruan “Gauzak nola kontatzen diren”-ri buruz

  • Mikel Haranburu 2023-03-21 19:01

    Bai, datu hotzak tranpatiak izaten dira: ez al da “euskaldunago” Euskaraz nekez egiten duena, baina egin egiten duena, ederki asko eta ahaleginik egin gabe Euskaraz ametsetan bertsotan ere egin dezakeena, baina eta berehala Gaztelaniara jotzen duena baino?