Udalbiltzak energia komunitateak eta lanketak sustatzen laguntzeko gida argitaratu du
Udalbiltzak energia komunitateak eta lanketak sustatzen laguntzeko gida argitaratu du –
Euskal Herriko udalerriek energia proiektuak garatzeko gidalerroak biltzen dituen argitalpena aurkeztu du Udalbiltzak gaur Antzuolan.
Energia komunitateak zer diren eta nola garatzen diren aztertzeaz gain, Euskal Herrian zehar topa daitezkeen adibide batzuen berri ere ematen du.
Goiener, I-Ener, Ko-Energia eta Xabier Zubialderen ekarpenekin osatu da gida. Mahai-ingurua egin dute partaideek, eta Aritz Otxandiano adituaren hitzaldiarekin amaitu da ekitaldia.
Berrogei lagunetik gora bildu ditu gaurkoan Udalbiltzak Antzuolako Torresoroa aretoan egin duen aurkezpenean. Ekitaldiaren helburua: azken urteotan lantzen aritu den energia gida praktikoa gizarteratzea. Energia herritarren eskuetan izeneko argitalpen digital honek udalek eta herritarrek energiaren aurrean duten ahalmena ezagutaraztea du helburu, baita energia komunitateak zer diren eta nola garatu daitezkeen azaltzea ere.
Aurkezpenean hitzaldiak eta mahai-inguru bat egin dira. Udalbiltzako lehendakariorde Pili Legarrak hitz batzuk eskaini ditu gida honen atzean egindako hausnarketaren inguruan. Azken urte hauetan, energia burujabetza iparrorratz izan du Partzuergoak; eta, Legarraren hitzetan, “hamarkada hau gakoa izango da behar-beharrezkoa den eraldaketa energetikoan aurrera egiteko”. Honen aurrean, “funtsezkoa izango da energia iturriak ez ezik, energia kudeatzeko zein kontsumitzeko erak eta pentsaerak ere birplanteatzea”, azpimarratu du.
Euskal Herriak energia arloan duen kanpo-menpekotasuna handia dela aipatu du ondoren Legarrak; “Eta herri bezala gure azpiegitura energetikoak, menpekotasunik gabekoak, burujabeak eta jasangarriak sortzen joateko unea” dela gehitu du. Hitzetatik ekintzetara salto egiteko garaia, alegia.
Udalbiltzak kanpo-indarrak metatu ditu gaur aurkeztu duen gida osatzeko. Besteak beste, aurkezpenean ordezkari gisa izan diren Goiener, Ko-energia (Artelan, Arankoa eta Kisar) eta Xabier Zubialde Legarretarekin batera idatzi du argitalpena, Euskal Herriko udalerrietan aurrerapausoak ematen hasten laguntzeko.
.
Gida, Udalbiltzaren webgunean eskuragarri
Gida PDF formatuan dago deskargagarri Udalbiltzaren webgunean gaurtik aurrera, eta hainbat dokumentuz osatuta dago. Lehena Laburpen Exekutiboa da; eduki nagusiak biltzen dituen dokumentua era laburrean azaltzen duena, alegia.
Eduki Nagusiak deituriko bigarren dokumentuan, Udal batek energiaren alorrean dituen ahalmenak aztertu dira, baita energia komunitateak zer diren eta nola garatzen diren ere. Edukien artean, herritarren parte hartzeari atal garrantzitsu bat eskaini dio Partzuergoak; izan ere, Legarraren hitzetan, “Ez dago komunitaterik, herritarrik ez badago”.
Esperientziak deituriko azken atal batean, orain arte bildutako Euskal Herriko hainbat komunitateren adibideak bildu eta azaldu dira. Zortzi dira, oraingoz: Abaurregainako Energia komunitatea (Nafarroa Garaia), Erroitegiko biomasa bero sarea (Araba), Hernaniko energia komunitatea (Gipuzkoa), Irurtzungo instalazio fotovoltaikoa (Nafarroa), Lizarragako mikro-sarea (Nafarroa Garaia), Orexako energia komunitatea (Gipuzkoa), Hergaraiko Sugarai biomasa planta (Nafarroa Beherea) eta Urarteko energia komunitatea (Araba). Aurrera begira, Udalbiltzak atal hau apurka-apurka osatzen joateko asmoa adierazi du, esperientzia berriak sartuz. Horretarako proposamenak jasotzeko deia ere egin du, udalbiltza@udalbiltza.eus emailera idatziz.
.
Arreta etorkizunean jarrita
Gidaren nondik norakoak eta elementu ezberdinak xehetu ostean, mahai-inguru bat antolatu da bertan parte hartutako hainbat eragiletako ordezkariren presentziaz. Goienerreko Aitor Ossak, Ko-Energiako Oihana Loreak eta Xabier Zubialde energian jantziak komunitateak indartzeko baliabideen, herritarren inplikazioaren eta praktika egokien inguruan eztabaidatu dute ordubetez.
Ekitaldia amaitzeko, Aritz Otxandiano energian adituak energia komunitateek etorkizunera begira dituzten erronkak plazaratu ditu, Energia Trantsizioa eta komunitate energetikoak hitzaldian.
Udalbiltzak energia komunitateak eta lanketak sustatzen laguntzeko gida argitaratu du