Etorkizuna euskaraz
Etorkizuna euskaraz –
SORTZEN elkarteak AHOTSAn.
Euskararen aldeko esaldi ugari zabaldu ditugu lau haizetara, euskarak batzen gaituela irudikatuz eta euskara erdigunera ekartzeko asmoz.
Nafarroako familiek martxoaren 6tik 17ra izango dugu gure seme-alaben etorkizuna erabakitzeko garaia. Urtero azpimarratzen dugu ideia hau, baina, oso garrantzitsua da familiok garai honetan hartu behar dugun erabakia, hizkuntzaren hautua ez delako ahuntzaren gauerdiko eztula.
Nafarroa Garaiko herritarrok ez dauzkagu hizkuntza eskubideak bermatuta gure lurralde osoan. Gure seme-alaben hizkuntza eta hezkuntza eskubideak urratuak dira Nafarroako lurralde zabalean. Gure hezkuntza sistemak ez du aukera berdintasuna bermatzen eta adibide ugari jarri genitzake, Iruñeako Udalak euskarari ez dio ia tokirik utzi nahi, %12an murriztu dute murgiltze eredua, euskara zokoratzeko enegarren ahaleginean. Ezin aipatu gabe utzi Mañeru zonalde mistoan sartzeko eskaerari legebiltzarrak emandako erantzuna. Mañeruko herriaren gehiengoak hitz egin duen arren, ez omen da nahikoa eremu mistoan sartu eta euskarari arnasa emateko. Berriz ere, ateak itxi zaizkio euskarari. Euskararen legeak dioena ere ez da betetzen, Ins9tuzio publikoen lana da euskara zokoratzea? Hau al da euskararen berreskurapena eta garapena babestea?
Sortzenen oso argi daukagu orain arte bezala hezkuntza komunitateak eta euskalgintzak elkarlanean jarraitu behar dugula eta herri bultzadaz lortuko dugula euskaraz bizi eta ikasteko eskubideak bermatzea. Hezkuntza komunitatearekin batera erakunde publikoek ere euskararen aldeko bultzada eta apustua egiten badute askoz ere urrunago iritsiko gara. Horregatik, gaur oraindik ere ozen esan behar dugu, euskarak ofizialtasuna behar duela bere lurralde osoan Nafar guztien hizkuntza eskubideak aitortuak izan daitezen.
Sortzen elkarteak, ikasle euskaldun eleaniztunak heziko dituen eskolaren aldeko apustua egiten du. Euskaldunduko duen eredu bakar baten aldeko apustua, hain zuzen ere. Horrek, murgiltze ereduaren ezarpenerako plangintza integrala eskatzen du. Bidea egiten hasiak gara, baina oraindik, lan handia daukagu. Hizkuntza politika aktiboak indarrean jartzea beharrezkoa da, egoera gutxituan dagoen euskarari bultzada emateko.
Amaitzeko, eta aurre matrikula egiteko sasoia iritsi den honetan, euskararen aldeko hautua egin eta indartzen jarraitzeko deia egiten diegu haurrak eskolatze adinean dituzten familia guztiei. Sasiz betetako bidea da daukaguna, ezin baitugu D eredua hautatu gure lurralde osoan. Hala ere, ilusioz eta gogotsu begiratzen diogu etorkizunari. Euskarak aurrera egin dezan, aukerarik onena D eredua.