Zer egin zure jabetza digitalekin hil ondoren
Ez dut hala nahi, baina imajina ezazu bihar bertan hil egiten zarela, bat-batean, espero gabe. Zuk, eguna interneteko itsasoan nabigatzen ematen duzun itsasgizon edo emakumeak, ontzia jitoan utzi duzu eta han gordeta zenituen tresna eta oroitzapen guztiak itsaso zabalean galduko dira betiko. Edo ez. Ba al zenekien zure on-line kontuak herentzian utz ditzakezula?
Duela zenbait aste, hil ondoren zure Facebookeko kontuarekin zer gertatzen zen kontatu nizun. Baina oso normala den bezala, hura ez da sarean izango duzun kontu bakarra. Emaila, eBay, iTunes, PayPal, on line jolasak, apustuak, beste sare sozialak… Gaur bertan pila dezakegun ondare digitala izugarria da. Liburuek, musikak, argazkiek, idatziek, harpidetzek, kontaktuek, aplikazioek eta abarrek balio handia izan dezakete, bai materiala eta baita emozionala ere. Eta ez ahaztu zor digitalez!
Horrez gain, gero eta ohikoa da geure dokumentu eta argazkiak “hodeian” gordetzea, horietara hainbat ordenagailu edo aparailuren bidez heltzeko.
Ikerketa baten arabera, britainiarren ondare digitala 2.600 milioi euro baino gehiagokoa da, eta %11k beren oinordekoei utziko dizkie kontu digitalen pasahitzak.
Matthew Strain abokatuak dagoeneko zenbait bezerorekin lan egin du jabetza digitalen herentziaren inguruan, eta gai horiek lantzea “nahiko erraza” dela baieztatu du.
Zuk zeuk kudeatu zeure ondare digitala
Halaber, badaude zure kontuak kudeatzen laguntzen dizuten aplikazioak ere, iCroak, adibidez. Urtean 15-20 euro ordainduta, hainbat kontu sor ditzakezu zure “zaindarientzat”; hau da, zu hil ondoren zure kontuetara sarbidea izango duten pertsonak. Zaindariak mezu elektroniko bat jasoko du erabiltzaile izen eta pasahitz bakar batekin eta zeu hiltzean -hil egin zarela frogatu ostean zehazki-, zuk utzitakoa ikusi ahal izango du.
Baina kontu deseroso edo polemikoak izanez gero (webgune lizunetara harpidetzak, apustuak, negozio zikinak…) sekretuan mantendu nahi izango dituzu, baita hil ostean ere. Horretarako, kontu horiek guztiak automatikoki ezabatzen dituen zerbitzua ere eskaintzen du iCroakek.
Agian goizegi -eta tristeegi- da oraindik hilko garen egunean pentsatzen hasteko, baina norberak balora dezala zer nahi duen bere ondare digitalarentzat mundutik alde egitean.
[…] Noemi Rivera: Zer egin zure jabetza digitalekin hil ondoren […]