Iruñerriko Mintzodromoa: tar-tarrean goxo-goxo
Iruñerriko Mintzodromoa: tar-tarrean goxo-goxo –
Iruñerriko AEK, Iruñerriko IKA, Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofiziala, Zubiarte euskaltegi Publikoa eta Iruñerriko Mintzakide egitasmoa berriz ere elkartu gara Iruñerriko bigarren MINTZODROMOA aurrera ateratzeko. Bertan Iruñerriko euskaldunak, ikasleak eta euskaltzaleak elkartu nahi ditugu, harremana egin eta iritziak trukatzeko hainbat gairen inguruan, honen xede nagusia euskara kalera ateratzea eta honen erabileran aurrera-pausuak ematea izanik. Lehenengo edizioaren arrakasta ikusita, euskararen zurrumurru goxoan berriz elkarrekin egoteko eta aritzeko irrikan gaude. Bigarren edizio honetan, bestalde, Euskarabidearen laguntza ere izango dugu.
Esan bezala, MINTZODROMOA hainbat gairen inguruan gure iritziak trukatzeko gunea da. Horretarako, antolatzaileok hiru gai proposatuko ditugu eta horien inguruan aritzeko gidoitxoa ere bai. Lau-bost laguneko taldeak eginen ditugu eta 15-20 minutuz gai baten inguruan aritu ondoren, tokia eta gaia aldatuko ditugu eta beste talde batean arituko gara, beste gai baten inguruan, beste 15-20 minutuz tar-tarrean. TAR-TAR GOXOAN. Hori egindakoan, berriz ere gaia eta mintzakideak aldatu eta gauza bera eginen dugu. Oraingoan, Nafarroako euskalgintza eta euskal kulturaren hainbat kidek ere hartuko dute parte eta bukaeran zozketak izanen dira.
Ekitaldia Iruñeko Autobus Geltoki zaharreko nasetan eginen dugu, martxoaren 23an arratsaldeko bost eta erdietan. Izena emateko, kartelean ageri den QR-an edo esteka honen bitartez https://labur.eus/mintzodromoa2023 egiten ahalko duzue, azken eguna martxoaren 17a izanik. Eman lehenbailehen izena tokirik gabe gera ez zaitezten eta gustura arituko gara tar-tarrean goxo- goxo.
Iruñerriko Mintzodromoa: tar-tarrean goxo-goxo