NATO ez!
NATO ez! –
Otsailaren 14ean, San Valentin egunean, burutu zuen NATOk bilkura Ukrainiara zenbat tanke bidaliko dituen erabakitzeko asmoz. Horra hor kapitalismoaren izaera kriminal eta hipokritaren beste lagin bat. Maitasun erromantikoaren izenean munduan barrena kontsumismoaren apologia egiten duen bitartean, gorritu gabe ere, gerra sustatu eta elikatzen du. Logika borobila du bestalde, burgesiak kapitalaren metaketa etengabean esplotatzen dituen herritarrak ergelkeriekin alienatu eta proletargoaren esplotazio bera hedatuko duen kontsumo masibo eta automata sustatzen dute, aldi berean produkzioak etenik izan ez dezan beharrezkoak diren lehengaien edota erregaien ustiaketa bermatuko duen kontrol geoestrategiko zein militarra sendotzen duen bitartean.
Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundea 1949an mendebaldeko zenbait estatuk sortu zuten gobernu arteko aliantza militarrak, arlo politiko, militar eta ekonomikoan elkar babestea du helburu. Hasiera batean dozena bat herrialde baziren ere gaur egun 30 estatuk osatzen dute aliantza inperialista, 28 europar eta 2 iparramerikar. Bruselan du bere egoitza eta hamarnaka base militar herrialde ezberdinetan zehar sakabanaturik, kasualki Txina eta Errusiako mugetatik gero eta gertuago.
NATOk ereserki eta ikurrin propioa ez ezik leloa ere badu: “Animus in consulendo liber” edo ‘Erabakitzeko arima librea’ . Aukerakoa nola ez, indarkeriaren monopolioaren jaun eta jabe zarenean erabaki erabat askeak hartzen baitituzu mundua eta bere aberastasuna zure interesen esanetara jarriz.
NATO II.Mundu Gerra amaitu eta berehala sortu zuten Sobietar Batasuna eta Bloke Sozialista zeritzonaren aurrean “mendebaldea”, edo argiago esanda, potentzia kapitalistak babesteko asmoz. Arreta deitzen duen aurreneko datua zera da, 1989aren ostean, harresia behin erorita eta blokea deseginda nolatan ez zuten Aliantza bertan behera utzi edota pixkat disimulatu sikiera. Arrazoia nahiko gardena da: hurrengo hamarkadetan, bloke kapitalista inperialistak bere hegemonia kolokan jar zezakeen oro zapaltzeko behar zuten botere politiko-militarra blindatu nahian zebiltzalako. Alegia, erdigune inperialistak herrialde periferikoetan zituen interesei eusteko sortu zela NATO, eta hala jarraitzen du izaten.
Berlingo harresia erori zenetik, beste ofentsiba bati ekin zitzaion, eta 90. hamarkadaz geroztik gertatutako eraso militarrek argi utzi dute. Ondorengo hauek dira Aliantza Atlantistak, betiere demokrazia eta askatasunaren izenean, nola ez, burututako inbasioetako batzuk: 1995ean Jugoslavia zaharrean hartu zuen parte lehen aldiz zuzenean militarki NATOk; 2001ean Afganistan erasotuko zuen; 2003an Irak edota Libia 2011an. Gasak, petrolioak edota zonalde horietako balio geo-estrategikoek arrazoi nagusi eta bakarra zirenaren zalantzarik ez dugu honezkero. Agian hain argi ez daukaguna inbasio hauen ondorioz estimatzen diren kalteak dira. Hildakoen kopurua milioi batetik gorakoa izan da, errefuxiatuak milioika eta beste hainbat modutan kaltetuak izan diren pertsonak zenbatezinak. Dena klase zapaltzailearen interesen esanetara, “ergo”, kapitalaren metaketaren izenean. Burgesiari berdin zaiolako gainontzeko gizakumeon bizi-baldintzak, bizipoz, bihotz-taupadak beraien poltsikotan diruaren hotsak dena estali bitartean.
I.Mundu Gerra bizi izan zutenek bazekiten jadanik gerrak negozio hutsa zirela epe motzera eta inperialismoaren ezinbesteko tresna epe luzera. 1918an jakintza horretatik abiatuta, Rosa Luxemburg-ok hurrengo berbak eskaini zizkigun: “Guri dagokigu, sozialismoa edo iraultza soilik ez, baizik eta bakea defendatzea. Bakea baita proletargoaren iraultza mundiala. Bakea bermatzeko bide bakarra dago: proletariotza sozialistaren garaipena!”
Garaipena pausu bat gertuago egon dadin, datorren martxoaren 11an Bilbon NATO-EB EZ! lelopean hainbat eragileek antolatu duten manifestazioan parte hartzeko gonbita utzi nahiko nuke airean, uhinen artean.
Bazen behin NATO bat erdi lokartua zegoena. Europan behintzat, NATO hark ez zuen egiteko askorik, beharbada jende guztia burgesa delako. Izan ere, Afrikatik etortzen den jendea burges bihurtzera etortzen baita.
Egun batean, SESB zenaren heredero Errusiak herrialde bat hautatu zuen, erasotzeko, berak daki askatu, zapaldu, bereganatu, ala zer deabrutarako erasotzeko, eta eraso egin zion, bortizki. Inguruko herrialdeak, beldurtuta, zer egin pentsatu zuten, eta bat edo beste NATOn sartzea erabaki zuten. Erasotutako herrialdeak, Ukrainak, ez zuen NATOn sartzerik izan, eta erasoaren urtebetetzea hurbil zegoelarik, Euskal Herrian gogoratu ziren NATO inperialisten tresna dela, eta orduan manifestazioa antolatu zuten, Euskal Herria ez delako inperialista, ez burgesiaren aldekoa, eta hori guztia erakuisteko, ez dago gauza hobeagorik Errusiak herrialde bat sarraskitzea baino…
Eta hala ez bazan, sar dadila kalabazan, eta ager dadila Moskuko plazan…
Haranburu jaunak garai bateko saindu bat baino arrazoi handiagoa du bere ironia finaren bidez.
Zer egin dute gaizki herri honetako erakunde hezitzaileek jende mordoa eduki dezagun gure artean NATOri buruz aldarrika ari dena ukrainiarrak inbadituak diren bitartean?
Nola liteke, gainera, horrela dabiltzanek beren buruak abertzaletzat aitortzea, urruneko inperialismo bati men egiten diotenean?
Ezker molde batek kultura bat sortu du gure herriaren baitan eta kultura horretan txuria beltza da eta aldrebes. Pentsamendu daltoniko bat darabilte eta gainontzekoei antipar horiek saldu nahi dizkigute. Esan NATO ez, errusiar tankeek hilotzak uzten dituzten bitartean.