Iban Zaldua: «Ez dut literatura obsesiorik gabe ulertzen»
«Ez dut literatura obsesiorik gabe ulertzen» –
Aitor Biainek BERRIA egunkarian.
Bere-berea duen eremuan, baina koxka bat estuago oraingoan. Garapen luzeagokoak diren hamasei ipuin bildu ditu idazleak ‘Ipuina engainua da’ liburuan. Inguratzen duenaz idatzi du, errealitatetik nahiz zientzia fikziotik, baina gezurra ardatz gisa hartuta.
Azken lau urteetan idatzitako hamasei ipuinek osatzen dute Iban Zalduaren (Donostia, 1966) Ipuina engainua da narrazio bilduma (Elkar). Sare sozialetako errealitate paraleloaz, ordu aldaketak sortutako nahasmenduaz edota bikotekidearen ordez hirugarren batekin elkartzeaz: inguratzen duenaz dihardu idazleak, baina betiere ipuinaren, fikzioaren eta gezurraren defentsan, eta nobelak ezartzen duen «inperialismoaren» kontra. Ipuinlaria baita beste ezeren gainetik: «Ipuina da nire helburua».
Ipuinari gorazarre egiteko baliatu duzu lana. Zergatik? Behar hori sumatu duzu?
Ni beti nabil gorazarre egiten, kasik-kasik idazten hasi nintzenetik, eta seguru asko gutxitasun sentimendu horrengatik, merkatuak nobelaren alde sartzen duen inperialismo horren kontra borrokatzearren. Iruditzen zait, nobelagileak edo poetak ez bezala, ipuingileak egin behar duela propaganda ariketa bat edo ariketa ebanjeliko bat bere lanarekiko. Beti egin dut generoaren defentsa, baina neurri batean ere bada produzitzen dudanaren alde egiteko modu bat.
«Ipuina adulterioa da, eta nobela fideltasuna». Ipuina eta saiakera uztartuz, modu kasik apoteosikoan amaitu duzu liburua.
Berez, askotariko egileen ipuin bilduma baten hitzaurre bat izateko sortu nuen, baina azkenean ez zen osatu proiektua. Saiatu nintzen urte hauetan zehar ipuinari buruz pentsatutakoa, teorizatutakoa, hausnartutakoa esplikatzen. Erronka zen hori modu praktiko batean egitea, teoria eta praktika uztartzea nolabait, eta ipuingintza defendatzera eramaten nauten motiboak zeintzuk diren esplikatzeaz gain, praktikan nola funtzionatzen duen demostratzen duen testu bat osatzea. Asmoa behintzat hori zen.
Euskal Herria Ipuinen Herrialdea den edo ez galdetzen dute protagonistek ipuin horretan. Zer uste duzu zuk?
Baietz; agian duela urte batzuk oraindik eta ziurrago esango nuke, nobelak aurrerapauso handiak eman dituelako. Baina Euskal Herrian, zortez, ipuinlariok ez daukagu maila batetik gora liburuak argitaratzeko arazorik, eta horrek, aldi berean, ekoizten du ingurugiro bat ipuinlari onak hazteko eta hezteko aproposa izan daitekeena. Uste dut frogak hor daudela: Uxue Apaolaza, Ana Malagon, Jon Benito, Arrate Egaña, Santi Leone… Esan nahi dut: ipuinak idaztea ez ezik, batez ere irakurtzea gustatzen zaigunontzat Euskal Herriak, bere produkzio urri horretan, badauka indarra. Ez dut esango ipuingintza superpotentzia emozional bat denik, baina potentzia txiki bat badago. Hori beste herrialde batzuetan ez da horren ohikoa.
Zer da laburrean aritze hori zuretzat?
Seguru asko, badauka parte bat erlazionatuta dagoena nire izaerarekin; hori ezin da ukatu. Nik badaukat natura bat laburrera eramaten nauena. Baina uste dut baduela zerikusia nire amateur izaerarekin ere. Ez naiz literaturaren profesional bat; nik beste lanbide bat daukat, eta horretara ere eman behar dut nire denbora. Ez dut literatura obsesiorik gabe ulertzen; obsesio puntu bat egon behar du idazten duzun horretan, absorbitu egin behar zaitu idazten duzunak, gero zuk bota ahal izateko. Eta horrek nobelagintzan iruditzen zait eskatzen duela energiaren kudeaketa bat, epe luzera zaila dena erkatzen literaturatik kanpoko bizitza profesional batekin. Ahalik eta gehiena esatea ahalik eta gutxienarekin, oraindik kitzikatzen nauen erronka bat ere bada. Ipuina delako berez irakurlea inteligentetzat tratatzen duen genero bat, nobelarekin batzuetan gertatzen ez dena.
Adierazi duzu zure ipuingintzan koxka bat estuago aritu zarela oraingoan. Nondik nora sentitu duzu behar hori orain?
Lehenago ere sentitu nuen, baina bilduma osatzen hasi nintzenean ikusi nuen argiago. Konturatu nintzen arnasa gehiago behar zutela idatzi nahi nituen istorioek. Iruditzen zait hori zela istorio bat baino gehiago kontatzeko asmoa nuelako istorio bakoitzaren barruan, eta horretarako orrialde gehiago behar nituela, esaldi, paragrafo gehiago. Hori izan da nire azken urte hauetako jite nagusia, eta bilduma osatzerakoan hori lehenestea erabaki nuen.
Ipuinen luzeraz gain, zertan sumatu duzu aldaketa: idazkeran, ipuinen egituran?
Kontua da luzeago idaztean ezin duzula hainbeste oinarritu sorpresazko amaieraren baliabide horretan, eta nolabait administratu egin behar duzula ipuina egituratzen duen tentsio hori. Alde horretatik, iruditzen zait badagoela ahalegin bat, ez hainbeste azpimarratzeko amaierak baizik eta garapena. Eta, batez ere, iruditzen zait tentsioa dela klabea. Irakurleak sentitu behar du halako mehatxu bat, ez beldurrezko filmek erabiltzen duten modu berean, baina bai zerbait gertatzen ari denarena.
Bide horri eusten diozu?
Orain, justu, ipuin laburragoetara itzultzen ari naiz. Baina nobela laburrerako edo nobelarako ideia batzuk aspaldidanik dauzkat buruan, eta agian bide hori da egingo dudana. Ez dakit zein puntutaraino hau seinale bat ez den izan; iruditzen zait izan daitekeela horren atarikoa, baina egin arte…
Puri-purian dauden gaiei heltzen diezu ipuinik errealistenetan: sare sozialak, eskola segregazioa… Horien askotariko ertzak erakustea nahi zenuke?
Ez nuke esango helburu bat denik, liburuarena edo nire jardun literarioarena. Inguruan gertatzen denak deitzen nau, eta batzuetan abiarazten dizkit ideiak zeinaren inguruan fikzionatu dezakedan. Alde horretatik ez dut ikusten desberdintasun handiegirik aurreko liburuekin. Baina badaude batzuk zerikusi handiagoa dutenak epe luzeko hausnarketekin. Ipuingintzaren ingurukoa, esaterako, urte askotako ikaskizunen ondorio da. Badaukat nire produkzioaren parte bat nire memoriarekin edo oroimenarekin zerikusia izango lukeena, eta beste bat dagoena pixka bat ainguratuta gaurkotasunean.
Tailerraren ostean ipuinean apropiazioa salatzen duzu. Idazle gisa, kezkatzen zaitu nondik idatzi horrek?
Esango nuke kontzientzia duten idazle guztien ardura dela hori, hau da, zein puntutaraino izan gaitezkeen bizkarroiak. Nik uste dut idazle guztiok garela neurri handi batean parasitoak, guri gertatzen zaigunaren, gure ingurukoei gertatzen zaienaren eta kultur mundutik jasotzen ditugun seinaleen parasitoak. Eta parasitoaren etika bat garatu behar da hor, mugak non dauden zehaztu, alegia. Pentsatzen dut mugak bakoitzak bilatu behar dituela; erdibide batean egon beharko liratekeela.
Bisita bat arma museora zientzia fikziozko ipuina Zirriborroak eta gero egitasmorako idatzi zenuen. Nabari da eroso aritzen zarela genero horretan.
Bai; tira, alde batetik, eroso sentitu nintzen banekielako zein zen joko eremua. Baina, bestetik, ez horren eroso, zeren eskatzen zitzaidana zen utopia bat, eta ez nire izaera pesimistak gehiago agintzen didan distopia bat. Ezin zuen utopia naif bat izan; izan behar zuen konplexua eta deserosotasun minimo bat sortzen zuena, eta aldi berean, armen fabrikazioaren eta trafikoaren kontra joko lukeen eta armarik gabeko gizarte bat irudikatuko lukeen bat, kasu honetan. Ez dakit irakurlea, baina ni erlatiboki pozik geratu nintzen emaitzarekin. Gozatu nuen idazten. Gainera, gaizki ulertu baten ondorioz, orduan argitaratu nuen ipuina mutilatu egin behar izan nuen pixka bat, baina liburuak eman ditu aukera bertsio osoa ateratzeko.
Gezurraren ideia dabil ipuin guztietan; denetan ageri da gezurra, engainua, traizioa… Nahita bilatutako zerbait da, ala edizioan atera zitzaizun?
Nik uste bildumaren ondorio dela, baita gizarte honen izaera mesokratikoaren eta nire izaeraren ondorio ere. Nik idazten dudanean ez daukat liburua buruan, baizik eta ipuina bera. Naturala iruditzen zait gai horiek ateratzea, eta errepikatzea. Kontua da nola abordatu fusio eta beldur horiek modu berrietan, aldiro desberdinak izan daitezen.
Gezurraren aldeko aldarria egiteko ere baliatu duzu liburua.
Gaur egun benetakotasuna deitzen zaion horri eta benetako gertakarietan oinarritutako kontuei eta autobiografikoari, konfesionalismo hipersinzeroari ematen zaion gehiegizko balioaren aurreko erreakzio bat da. Irakurle bezala, iruditzen zait bizitzen laguntzen gaituen tresna nagusietako bat dela fikzioa. Batzuetan, fikziozko pantaila bat eraikitzea izan daiteke egiatiagoa izateko bide nagusiena. Defendatu behar da fikziozko istorioak eraikitzearena errealitateaz hobeto jabetzeko.
Ipuinetan gizonak dira nolabait frustrazio eta dekadentzia moduko batean direnak.
Fokua bereganatzen duten gizonezkoei dagokionean, egia da, hor badago maskulinotasun jakin baten isla, ez dena halabeharrez muturreko matxista biolentoarena, esaterako, baina ia hura bezain toxikoa izatera hel daitekeen bat, adin tarte diferenteetan modu desberdin batean islatu daitekeena, gainera, liburuko gizonezko batzuk 50-60 urteren bueltan daudelako, baina beste batzuk, Festibalean edo ilunak ipuinekoak kasu, gehiago 30-40ren bueltan. Lagun batek esan zidan, liburu hau irakurri ondoren, abilezia berezia daukadala «gizon txepela» disekzionatzeko, eta nik, aitor dut, egin didaten konplimendu handienetako bat bezala hartu nuen.
Musika asko dago liburuan. Hori bada zure ageriko marka bat.
Bada, bai. Nire bizitzan musikak oso paper garrantzitsua dauka. Liburuen promozioan ere behin baino gehiagotan jo izan dut musikariengana. Liburu honen aurkezpena MICErekin egiten ari naiz, baina Koruko Heras, Xabier Montoia, Ibon Rodriguez, Javier Muguruza edota Giorgio Bassmattirekin ere kolaboratu dut. Arrazoi pertsonalak bakarrik ez, arrazoi sozialak ere badaude atzean. Niri arraroa egiten zait nobela bat irakurtzean musikari buruzko aipamenik ez egotea. Niri musikak balio dit ipuinen markoa eta batzuetan are ardatza ezartzeko, eta baita ipuinak eskatzen duen ekonomia hori lortzeko ere. Pertsonaia bati buruz esatearekin Negu Gorriak entzuten ari dela, ja asko ari zara esaten, eta aurrezten dituzu esplikazio batzuk irakurlea tontotzat ez tratatzea ahalbidetzen didatenak.