Errespetatu baloratu amorratu eskertu
Errespetatu baloratu amorratu eskertu –
Gazteok makina bat ordu igarotzen ditugu klasean. Horren ondorioz, gure klasekideekin harreman estua izatea normala da. Are gehiago, beraiekin gela bera elkarbanatzen urte asko daramatzazunean. Alabaina, ia ezinezkoa da guztiekin harreman ezinhobea izatea. Gainera, normalean nota onak ateratzen dituzun ikaslea bazara, asko horretaz aprobetxatzen saiatzen dira. Nik neuk horrelako gertaerak bizi izan ditut.
Askotan gertatu zait klasean zenbait ikaskide niregana etortzea haien zalantzak argi diezaiedan. Ohikoa denez, ni poz-pozik laguntzen saiatzen naiz, beraiekin hartu-eman oso estua ez badaukat ere. Hala ere, horrelako ekintzak ez dira asko baloratzen. Nik ez dut eskatzen besteak nirekin zorretan senti daitezela, baina “Eskerrik asko” bat, lagundu ondoren, eskertuko nuke, edo, hain zuzen ere, klasetik ateratzean eta nirekin kalean gurutzatzean, agurtzea (burua mugitzeak ere balio du) ez legoke gaizki .
Horrelako ekintzak franko aldiz pairatu baditut ere, orain dela aste bat bizi izan nuenak honi buruz idaztera animatu nau.
Pasa den ortiralean nire klasean “etxerako lanen trafikoa” egon zen. Goizeko azken orduan fisika klasea geneukan eta irakasleak etxerako lanak bidali zituen aurreko egunean. Beti bezala, bizpahiru ikaslek bakarrik egin genituen bidalitakoak. Hori dela eta, batzuk, negatibo bat ez izateko konponbide bat aurkitzen saiatzen, egin genituenoi eskatu zizkiguten kopiatzeko, eskerrak eman ondoren. Momentu horretara arte, guztia ondo zihoan. Azken finean, betebeharrak eskatzen dituzten pertsonak beti ikaskide berberak badira ere, horiek niri aurrez aurre eskatzen badidate eta gero eskertzen badidate, niri bost. Hala ere, ondoren gertatutakoa da amorru ematen didana.
Fisika klasera heltzean, konturatu nintzen klaseko guztiek etxerako lanak eginda zituztela supituki. Nik pentsatu nuen lehenengo gauza izan zen beste bati eskatu zietela kopiatzeko, nirekin ez zutelako hitz egin. Ordu erdi pasa ondoren eta ia egindako ariketa erdiak zuzendu ondoren, konturatu nintzen klaseko gehienek nire akats berak zituztela, etxerako lanak kopiatzeko, baita eskatu ez zidatenek ere. Hori dela eta, nire alboko ikaskide eta lagunari galdetu nion ea norbait nire etxerako lanak bidali zizkien besteei. Berak, barre egiten, erantzun zidan talde bat sortu zutela haien koadrilakoekin ordu bat lehenago BAKARRIK nik egindako ariketak bidaltzeko. Askori hori axola ez badie ere, momentu hartan haserre baino haserreago jarri nintzen, nire lana behar adina ez zelako baloratu.
Jende askok ez du balioztatzen besteen lana eta esfortzua. Azken finean, pentsatzen dute errentaz biziko direla bizitza osoan.
Horegatik guztiagatik, ez dut esan nahi ez nagoela laguntzeko prest. Horretarako, ni prest naukazue. Baina, nire lana erabaliko baduzu, gero ni errespetatzea eskatu nahiko nuke, eta, eskerrak eman nahi ez badizkidazu, gutxienez nire lana niri eskatzea eskatu nahiko nuke.
Errespetatu baloratu amorratu eskertu