Norena da kalea?

Norena da kalea? –

Iluntzen ari da. Etxerako bidean. Galtzada alboko espaloi bakarrean (bi metroko espaloitxoa bi norabidetarako) aldapa gora. Goitik behera, nire norabidearen kontra, patinete elektriko bat dator abiada bizian, tipo bat gidari. Automatiko atera zait: bidea itxi diot eta patinetetik jaistera behartu. Esan diot ezin duela horrela ibili, arrisku izugarria dela oinezkoentzat eta… ezin izan dut jarraitu, sekulako irainak esaten hasi zaizkit-eta bere onetik aterata, tartean, emakume zaharra izatearekin zerikusi duten horietako batzuk. Une batean joko ote ninduen ere sentitu dut. Halako batean, nire traba saihestu eta patinete gainean jarraitu du espaloian aldapa behera txistu bizian.

Pixka bat gorago, polikiago joateko keinua egin diot errepidetik beheraka sekulako abiadan zetorren taxi bati. Esan beharra dago, dugun espaloi bakarra estua izateaz gain, gure kaleak bi norabidetako galtzada bihurgunetsua duela eta errebuelta horietako batzuetan gidariak ez du ezer ikusten aurreratu nahi badu, demagun, bizikleta bat edo bestelakorik aurkitzen badu errepidean. Horrekin batera ere jakin, abiadura muga 30 km/h-koa dela, hirigune guztietan orokorrean den bezala.

Ba, kontatzen ari naizena jarraituz, polikiago ibiltzeko keinua egin diot aldapan behera sekulako abiaduran zetorren taxi bati, baina bere horretan jarraitu du ezikusiarena eginaz. Nik ere gora nire bidetik. Gurutzatu zaizkit beste kotxe batzuk azkarregi ere, baina ez hain bortitz. Haiei ez diet ezer esan. Halako batean, lehen beheraka pasa den taxia atzetik etorri eta parean gelditu da, poliki-poliki nire oinezko erritmoan jarrita. Leihatila jaitsi eta hortxe taxista galdezka zinismo-kutsuarekin ea taxia behar nuen, pixka bat lehenago egindako keinuengatik hori ulertu duela eta. Donostian ezin dira taxiak horrela deitu, badakizue, geralekuan hartu edo telefonoz enkargatzeko beste aukerarik ez. Baina taxistak tematuta ea taxia behar ote dudan. Nik erantzun diot ezetz, badakiela berak zer eta zergatik egin diodan, ez dezala tontoarena egin eta polikiago ibili dadila. Mehatxu tonuan segitu nau pixka batean, baina ni ikaratzea ez duela lortu eta foto atera eta salatuko dudala entzun ondoren, azeleragailua sakatu eta bolido baten gisara, kristoren burrunba ateraz urrundu da.

Ezin ditut horrelakoak pasatzen utzi gogoeta egin gabe zer ote den hainbeste haserrearazi dituena. Zergatik dexente (edo oso) alienatuta egongo diren patinete gidaria eta taxista bera ere horrenbeste sumindu diren nik polikiago joateko esateagatik edo espaloia okupatzegatik. Eta seguru nago ez dela soilik une horretan jasandako traba txikiarengatik. Oso mingarria egin zaiena da, gaizki egiten ari diren zerbait salatuz euren aurrean jarri dena emakumea izatea. Eta are narritagarriago emakume zahar batek egitea, beren botere hierarkian azkena, edo azkenetariko dagoen bat.

Eta nik? Nik zergatik egin dudan ere aztertu dut, ez pentsa! Eta badaude motiboak eta arrazoiak. Bat eta oso nagusia, herritar zapaldua naizela gai horretan. Arriskuan jartzen nautelako gidatzeko modu horrekin. Ni eta beste oinezkoak, baina batez ere zaharrak eta umeak.

Donostiako udalaren utzikeriaren kontra egitea da beste motiboa. Donostia saltzen ari diren horiek, alkatea eta konpainia, hiriaren postalean ikusten dena baino ez dute zaintzen. Periferia bost axola zaie eta are gutxiago goiko kaleetako abiadura erregulatzen hasiko balira jasango luketen taxisten eta komertzialen eta RAC-aren presioa jakinik.

Eta espazio hartzeko erantzukizuna da arrazoietako hirugarrena. Ahotsa izatea. Ikusgarritasuna. Kalea nirea ere badelako, nahiz eta emakumea izan, nahiz eta zaharra naizen.

Norena da kalea?

ITSASGORAN - Irakaslea ofizioz, Idazlea afizioz

11 pentsamendu “Norena da kalea?”-ri buruz

  • Oso nekagarria da aipatzen duzuna. Gasteizen ere bizi ditut nik holakoak eta gidari askok jokabide oso biolentoa erakusten dute zerbait esaten diezunean eta beldurra ematen du. Zuk egin duzun azterketa egin gabe nuen, baina arrazoi handia duzula iruditzen zait. Nik ere segituko dut kalean, nirea ere badelako!

  • Bai, horrela da. Emakumea ala gizona izan gertatzen diren jokabideak dira.
    Besteak beste, udaltzainen zabarkeria ote??

    • Ez dakit. Baina ez nuke esango udaltzainen zabarkeria dela. Donostiako udal gobernuak berak dituen lehentasunak direla esango nuke. Ea seguru gaude udalak ez badu ezer egiten goiko kaleetan abiadura muga errespeta dadin, hainbat kolektiboren presioagatik dela. Tristea da horiei botere ematea, baina hori gertatzen da hemen. Eta ez naiz hitz egiten ari udaltzainen presentziaz. Gure kale inguru honetan, seinalizazioa ez dute berritu arau berrietara egokitzeko eta gaizki dago; ez dago abiadura mugatzeko neurririk (goraguneak, galtzada-estutzeak, trazatu-etenak, semaforoak, radarrak, abiaduraren markagailuak, alerta-marrak…). Eta hortik hasi beharko lirateke. Enfin!

  • “Bai noski, hau egin didate emakumea naizelako!” Zer planetan bizi dira batzuk? Lurrean ez, bistan da.

    Bestetik, herritar zapaldu batek ez du tragedia bat muntatzen eztabaidatxo xume batengatik. Pribilegiatuek, arazo errealik ez duten horiek, dira arazoak anplifikatzen dituztenak.

  • Mendi puntan biziko bazina, horrelako arazorik ez zenuke izango. Hiri batean bizitzeak, tamalez, honelako arazoak dakartza, eta bai, dena arautu beharra dago, jakina, baina arautzea eta arauak haustea eskutik doaz, eta erabateko kontrola ez da existitzen. Eta amaitzeko, horrelako egoerak bizi izan dudanetan, bai gizonezkoekin zein emakumezkoekin pasatu izan da, eta bien partetik sekulako astakeriak entzun behar izan ditut. Ez dut uste genero kontua denik, zibismo kontua baizik.

    • Sentitzen dut zure gizontasunean (gizonkeria?) min eman badizut, baina horrela da, tximino jauna.
      Hemendik aurrera, jakin ezazu, dena den, identifikatzen ez diren solaskideekin ez dudala hitz egingo.

  • Arantzaren arantzak nire gizon-zuri-hetereopatriarkalaren muinean bete betean ziztatu didanez, eta bere apaltasun humildadetik baztertu nauenez, agian jaso izan zituen erantzunak ulertzeko bidean jarri naute. Gizarteko supremaziaren rol dantza honetan, denak galtzaile.

  • Kaixo,
    Nik izan ditudan mota honetako gatazka gehienak bidegorrian molestatzen eta arrisku egoerak sortzen ari ziren txakurrak lotzeko eskatzeagatik izan dira, eta gizon eta emakumeen erantzunak oso antzekiak izandira

  • Barkatu, aurreko iruzkina bukatu aurretik bidali dut:

    Kaixo,
    Nik izan ditudan mota honetako gatazka gehienak bidegorrian molestatzen eta arrisku egoerak sortzen ari ziren txakurrak lotzeko eskatzeagatik izan dira, eta gizon eta emakumeengandik jaso izan ditudan erantzunak oso antzekoak izan dira: ia beti oso txarrak.
    Ni 43 urteko gizona naiz.

    • Bai. Txakur jabe askok ez dakite zer den beharrezkoa txakurra hirian bizitzeko. Edo baldin badakite gutxi axola zaie. Eta arrisku egoerak sortzen dituzte.
      Bidegorriaz aparte, parkeetan edo eta hondartzan ere istripuak eragiten dituzte eta horietan ere zaharrak dira herritar zaurgarrienak. Lagun bati aldaka hautsi zitzaion, hondartzan paseatzen zebilela, txakur batek bultza eta lurrera bota zuelako. Jabea ez zen azaldu. Latza!
      Ez daitezela haserre txakurzaleak, e? Txakurra dugu familian eta animaliak maite eta dagokien errespetuz zaintzen ditugu!