Kritika Zinematografikoa: “The Whale”
Kritika Zinematografikoa: “The Whale” –
.
Zuzendaria: Darren Aronosfki
Urtea: 2022
Herrialdea: AEB
-Gehiegikeriaren erresuma-
The Whale bezalako pelikula batek hainbat baldintzapen jartzen dizkio bere buruari. Itxuraz soila den sinopsi argumentalaren bitartez (Brendan Fraser-ek haragitzen duen Charlie, 270 kilo dituen gizonaren bizitza, bere pisutik atera ezinik), nolabaiteko egoera gordinaren erreprodukzio fidela egin nahi da, ikusteko desatsegina; eszenatoki bakarrean ematen da pelikula, horrek dakarren murrizte bisuala tarteko; eta batez ere, hautatzen den tonua melodrama tragikoarena da, zorigaitzaren saminak kontakizuna har dezan baliatuko da nolabaiteko in crescendo sentimentala gauzatuz. Eta denaren ondorioa da zama hauek astunegiak direla pelikularentzat eta “bale” honen istorioa gehiegi denaren sentsazioak ito dezakeela ikuslea.
Izan ere, ezin albo batera utzi pelikularen zuzendaria Darren Aronofski dela, unibertso psikologiko konplexuen sortzailea, hala nola Requiem for a Dream edo Black Swan-en tamainako irakurketa aberatsak, forman zein edukian. Adikzioek edo auto-suntsitze kiribilek hartutako erresumak ez dira berriak estatubatuarrarentzat, are gehiago, The wrestler-ekin paralelismo interesgarriak egin litezke, biak ere gizarte AEBko gizartearen hertzetan ezartzen diren pertsonaien pelikulak diren heinean, baina deigarria da nola The Whale honetan kontatze moldea errutinazkoa eta xehea den, erabaki sortzaileak baztertzen dituena. Giza gorputzaren inguruko tratamendua den honetan, Charlie-ren fisikotasun horren adierazpena laster azalduko zaigu: dimentsioak muturreraino eramanda, formatu karratuaren aldeko hautua egiten da, ikusleak ere obesitatearen opresio hori senti dezan, baina oro har, sormen formalari dagokionean apenas egiten du aurrera zuzendariak. Antzerkiaren eragina duen filma izaki, elkarrizketek funtzionaltasunaren osagaia dute gehienbat eta zuzendariak nekez hartzen du estandarretik kanporako erabakirik. Egia da egoera guztiak pisuan ematen direla eta horrek jokatzeko tartea gutxitu dezakeela, baina arrisku pixka bat hartzea estimatuko genioke zuzendariari (nolabaiteko susperraldi dira Charlieren alabaren agerpenak, etengabe bere inguruan mugitzen den gaztea da, eta travelling interesgarri batzuk planteatzen dira, nahiz eta urriak suertatu).
Izan ere, sakonean errelatoak potentzialtasuna baduela somatzen dugu. Pertsonaiaren istorioa azaldu egingo zaigu, nolabait arku dramatikoa osatuz eta bere barne zauriak ulergarriak suertatzen dira (gizon batekin erlazioa hastearen ondorio bere familia utzi izanaren errua, maite zuenak buruaz beste egin izanaren zama). Ez da zaila ondorioztatzea osasun ‘fisikoaren’ kalteak, muturrerainoko loditasuna, ikusten baditugu ere, Charlie-ren arazoaren hazia osasun mentalaren eremuan ematen dela; nolabait, bihotz-haustura bikoitz eta lerrokatua planteatuko balitz bezala. Hau Brendan Fraser-en haragitzearen bitartez samurki ulertuko dugu, bere begirada goibelaren sakontasun ederrean (osasun mentalaren bidea biderkatu egingo da aktorearen bi hamarkadetako sufrimendua ezaguna den heinean, pertsonaiaren errealitatetik ez horren urruti). Eta eszenatokia, bisualki mugatua dela adierazi badugu ere sinbolikoki boteretsua izango da bere tratamendua, nolabait bizitzaren eta heriotzaren arteko espazio liriko bezala aurkeztuko baitzaigu (pelikula hastapenetik somatuko dugu iragarritako heriotzaren kronikaren atzera kontaketa bezala). Eta are interesgarriagoak izango dira espazio honekiko ihesaldiak: atea, alde batetik, bizitzaren dimentsioa, pertsonaiak etengabe sartzen eta irteten egongo dira bertatik; eta leihoa, bestalde, plano orokorretan sakoneko ohiko elementua pelikulan, heriotzaren zeinua, uneoro jatera datorren eta zerura ihes egiten duen txoritxo horrekin (beste leiho batzuk ere badira, mundura konektatzen duen ordenagailu pantaila, hain zuzen, literatura eskolak modu telematikoan ematen baititu). Eta gaien eremuan ere hainbat osagai mamitsu badira, tartean Charliek laguntza medikoa ukatzea, daukan kostua handiegia litzatekeelako (osasun publikoa aipatu ere ez da egiten, baina ze adierazgarria den agertzen den beste leihoan, telebistan, Donald Trump-en inguruko albisteak ikustea).
(…)
Kritika osorik irakurtzeko, sartu ZINEA atarian!
Kritika Zinematografikoa: “The Whale”