Agintzen duenak agintzen duela, pentsioak defendatuko ditugu
Agintzen duenak agintzen duela, pentsioak defendatuko ditugu –
Frantziako Estatua da erretirorako baldintzarik onenetakoak dituena, eta pentsioetara diru gehien bideratzen duenetakoa. Pentsio publikoen defentsa ardatz baita frantziar gizartearentzat, mobilizazio eta greba indartsuekin.
Pirinioen alde honetan, ordea, Espainiako Estatuak ukatu egiten die Gasteizko zein Iruñeko parlamentuei pentsioen gaineko eskuduntza. EAEko eta Nafarroako erakundeek ontzat ematen dute Madrilen erabakitzen dena. Batetik, ez dute euren esku dagoena egiten; esaterako, ez dituzte gutxieneko pentsioak osatzen, pobrezia mugaren azpitik izanagatik ere. Bestetik, badirudi nahiago dutela Madrilek erabaki ditzala erretiroetarako murrizketak.
Hain zuzen ere, oraintxe ari dira eztabaidatzen Madrilen zein izango diren murrizketa horiek. 2021eko apirilean, Pedro Sanchezen gobernuak Europar Batzordearekin hitzartu zuen erreformak egingo zituela Europar Funtsen truke (ELAk salatu zuen, funtsen arauek hala ezarrita, baldintzatuta zetozela). 2021eko ekainean, ezagutzera eman ziren konpromiso horien inguruko dokumentuak, eta bertan aipatzen zen erreformak bi fasetan egin zirela. Lehenengoa, 2021ean egin beharrekoa, gauzatu zuten. Pentsioak KPIaren arabera eguneratuko zirela ezarri bazen ere (lorpen hori pentsiodunen mugimenduaren borrokari esker lortu zen), murrizketak ere bazeuden, batez ere erretiro aurreratuen kasuan. 2022rako geratu ziren beste erabaki batzuk. Garrantzitsuenak. Honako hau, adibidez: etorkizuneko pentsioak murriztuko dira ordainsariaren zenbatekoa kalkulatzeko urte kopurua handituta. Bada, egunotan horixe dago jokoan.
Izan ere, kalkulurako urte kopurua handituz gero, etorkizuneko pentsioak urriagoak izango dira, bi arrazoirengatik: lehenik, kalkuluan erantsi nahi diren urteetako kotizazio oinarriak txikiagoak direlako; bigarrenik, urte gehigarri horietan kotizatu gabeko hilabete eta urte gehiago izango direlako. Horrek kalte handia eragin dezake, bereziki prekarizatuenei, batik bat emakumeei. Hala dio Espainiako Bankuaren ikerketa batek: Kalkulurako 15 urte kontuan hartu beharrean 25 izanda, batez besteko murrizketa %5ekoa izan da, eta aldea handiagoa da emakumeen kasuan, %5,4koa baita, gizonezkoen kasuan %4,8koa izan denean.
Baina, oinarrizko arazoa da pentsioak urriegiak direla. Pentsiodunen zati handi bat pobrezia langaren azpitik dago, batez ere emakumeak: horien batez besteko pentsioa 1.056 eurokoa da EAEn, eta 977 eurokoa Nafarroan; hau da, gizonena baino 600 euro apalagoa da.
ELAk eta beste erakunde batzuek greba orokorra deitu zuten 2011ko eta 2013ko pentsio erreformen aurka. 2011n, CCOOk eta UGTk Zapaterorekin adostu zuten erretiro adina atzeratzea, eta pentsioa kalkulatzeko 15 urte kontuan izan ordez, 25 hartuko zirela. ELAk hamarkada luze bat darama aldarrikatzen murrizketa latz horiek bertan behera utzi behar direla, erretiro adina 65 urtera itzuli behar dela, erretiro saria kalkulatzeko 15 urte kontuan hartu daitezela, ez 25, eta pentsioaren %100 jaso ahal izatekoa 35 urte kotizatzearekin nahikoa dela (ez 37).
Espainiako Gobernuak ezarri nahi duen erreforma geldiarazi daiteke: Sanchezek gehiengoa osatzeko beste alderdi politiko batzuen premia du. ELAk uste du Hego Euskal Herrian ordezkaritza politikoa duten alderdi guztiek, batik bat EH Bilduk, Unidas Podemosek, EAJk eta Geroa Baik, berehala adierazi behar dutela pentsioaren kalkulurako urte kopurua handitzearen kontra daudela. Izan ere, pentsioak finantzatzeko diru iturri bakarra ez dira kotizazioak, zergen bidez ere berma daitezke, esaterako.
Mobilizazioa da lorpen sozialetan aurrera egiteko ezinbesteko tresna, eta etor litekeen erreforma larri hori ikusirik, behar-beharrezkoa izango da. Hala ikusi dugu Frantziako Estatuan: kalean jarraitu behar dugu. Horregatik, Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak bost urte bete dituen honetan -zorionak!-, euren aldarria are indar handiagoz aldarrikatu behar da: agintzen duenak agintzen duela, pentsioak defendatuko ditugu.