[Urpeko Bonbarda #108] Hippy hezigaitza
[Urpeko Bonbarda #108] Hippy hezigaitza –
Urpeko Bonbarda Zuzeu Podcastek ekoiztutako musika saioa da, Anartz Bilbao gidari duena. 108. saioan, David Crosby zena izan dugu akorduan, rock folk generoa definitzen lagundu zuen musikaria.
2023ko urtarrilaren 19an zendu da David Crosby, 81 urte zituela, besteak beste The Byrds taldea sortu eta Crosby, Stills, Nash & Young taldean jardun zuena, eta folk rock generoa definitzen lagundu zuena. Bere omenez osatu dugu saioa.
Kalifornian familia dirudun batean jaioa, 60ko hamarkada hasieran The Byrds taldeko kide izan zen David Crosby, eta bi kantu entzun dizkiegu. Batetik “Lady Friend”, The Byrds taldearen 1967ko “Yoounger than Yesterday” laugarren lan luzeko singlea, bere garaian porrot egin zuena. Eta bestetik “Eigh Miles High”, urte bete lehenagoko “Fith Dimension” diskokoa.
Droga gehiegikeriak eta beste zirela, The Byrds taldea bosgarren lan luzea plazaratu zuenerako gainontzeko musikariek kaleratua zuten David Crosby. Kaliforniarrak “Triad” ondu zuen lan horretarako, Jefferson Airplane taldeak berrirakurri zuena, guk saioan entzungai izan dugun bertsioan. Stephen Stills eta Graham Nash musikari itzaltsuekin elkartu zen orduan Crosby; lehena Buffalo Sprinfield taldetik zetorren, bigarrena The Hollies britainiarretatik.
Crosby Stills & Nash eratu baino lehen, David Crosby jaunak gerora folk izar bihurtuko zen Joni Mitchell kanadarraren debut lana aurkeztu zuen, “Song to a Seagull”, eta diskoari izena eman zion kantua entzun dugu bertatik. Eta handik gutxira superbanda ikaragarria osatu zuten Neil Young taldera gehitzearekin batera, Crosby, Stills, Nash & Young, 70eko estatubatuar kontrakulturaren ikur. Hirukotean emandakoetatik, “Guinnevere” entzun dugu, eta laukotean emandakoetatik, “Deja Vu”, izen bereko disko arrakastatsutik jasoa; biak ala biak David Crosbyk ondutako kantuak.
David Crosbyren lehenengoetako eragin musikala izan zelako, Josh White bluesmanaren kantu bat ere entzun dugu, baita Phil Collins jaunaren arrakasta nagusienetako bat ere -Crosbyk parte hartu zuen “Another Day in Paradise”-, C hepatitisarekin eri zela, gibel trasplantea ordaindu omen ziolako Collinsek Crosbyri. Aparte, David Crosbyk James Raymond eta Jeff Pevarrekin osatu zuen CPR jazz rock taldearen kantu bat ere entzun dugu. Raymondek helduaroan ezagutu zuen aita biologikoa duen Crosby, jaiotzean adopzioan eman zuten-eta.
Graham Nash, Stephen Stills eta Neil Youngekin egindako elkarlanak gutxi iraun bazuen ere, gerora sarri elkartu izan zen David Crosby aspaldiko lagunekin, izan bikote, hirukote zein laukote formatuan; harremanak erabat gaiztotu ziren arte. Alta, bakarkako ibilbideari ere ekin zion 70eko hamarkadan, hil aurreko azken hamarkadan bizkortu zuena. 2014an “Croz”, 2016an “Lighthouse”, 2017an “Sky Trails” eta 2018an “Here If You Listen” plazaratu zituen.
Estudioko azken lana 2021eko “For Free” izan du Crosbyk, eta bertatik entzun dugu kantu bat. Baita “Laughing” ere, bere kantu ezagunenetako bat, iaz plazaratutako zuzeneko bildumatik.
2006an Times aldizkariari esandako adierazpen batzuetan, eta 60ko hamarkada ahotan hartuta, zera bota zuen Crosby berak: “Eskubide zibilei buruz zuzen genbiltzan, giza eskubideei buruz arrazoia genuen, ez ginen okertu bakea Gerra baino hobea zela esatean… baina ez genekien ezer drogei buruz, eta horrek asko eragin zigun gerora”. Lagunekin haserretu eta bere burua kaltetu izanaz damu agertu zen azken urteetan.
* “Long Time Gone” biografia eta “David Crosby: Remember my name” izeneko dokumentala dira hippy hezigaitza ezagutzeko aukerak.
.
(((podcast.eus)))
Zeure hizkuntzan mintzo diren istorioak…
Harpidetu Patreon-en eta babestu gure proiektua!
www.patreon.com/zuzeupod
Spotify Apple Podcast Google Podcast
[Urpeko Bonbarda #108] Hippy hezigaitza