James Dean kaikuarekin
James Dean kaikuarekin –
Emazteak pilotari batekin ihes egin duela kontatu dio Bartzelonako enpresari batek Carvalho detektibeari, Hegoaldeko itsasoak nobelan. Manuel Vazquez Montalban-en laneko kirolariak Iparragirre abizena du. Ahohandia da, senar engainatuaren arabera: ETAko kidea dela esaten du. Hori da amua, haren iritziz: «Gaurko emakumeak oso exijenteak dira. Emozio biziak nahi dituzte».
Gure heroia euskalduna da. 60-70eko urteetako euskalduna, Bartzelonako frontoian ari dena. ETAko militantea? Baita zera ere! Gehienez, kaiku bat jantziko du Rambletan paparra aterata ibiltzeko, euskaldun basati samarraren irudi estereotipatua lagun. Errebelde agertzeko eta, bide batez, neskaren bat erakartzeko.
Kaikuak errebelde bihurtuko zuen Iparragirre garai haietan. Gu egiten omen gintuen bezala. Bagenuen horretarako arrazoirik. Kausarik gabeko errebeldeak euskaldunok? Ez. James Dean-en kontuak ziren horiek. Gainera, euskaldunok ez ei gara kameren aurrean ikono estatubatuarra legez luzitzeko ez jaioak, ez iaioak. Are gutxiago 50-60ko urteetan. Zer esango zuen gure amak!
Gure errebeldia James Deanena baino urrunago zihoan. Kaikuak indarra ematen zigun. Hura jantzi eta euskal superman, euskal superwoman bihurtzen ginen. Diktadurako indar errepresiboak ikaratu egiten ziren kalean norbait kaikua jantzita ikusita. Korrika egiten zuten alde, kaka zeriela, ez dakit nongo kobazuloetan ezkutatzeko.
Frankismoan «indarkeriarik gabeko errebeldia» agertzeko balio zuen kaikuak. Beatriz Artolazabal andreak esan du. Ez dut ukatuko arrazoi puntu bat baduela, baina kaikua janzteak diktadura baten kontrako beste borroka mota guztiak deslegitimatzen zituen? Errebeldia guztiz anbiguo, pasibo, testimonial eta ia folklorikoak gainontzeko borroka bideak baztertzen zituen?
Frankismoa ezagutu dugunok badakigu, jakin, diktaduran bazegoela errebeldia zantzu bat zeharka agertzeko modurik, zure burua lar busti gabe. Txistua jotzeak edo dantza talde batean sartzeak esanahi berezia izan zezakeen. Eta kaikua janzteak, noski. Baina hortik haratago, zer? Horretan gelditu behar du diktadura baten aurkako borrokak? Zuk kaikua jantzi besterik egin ez izanak — zeharo errespetagarria dena— eskubidea ematen dizu zeurea ez bezalako beste erresistentzia modu bat aukeratu zutenak desprestigiatzeko?
ETA huts bat izan zen gure historian. Matraka horrekin segitzen dute, nekagarri. Eta horrela erantzun behar da, argigarri: diktadura bati armak eskuan aurre egiteko eskubidea mundu guztiari onartzen diote, euskaldunoi izan ezik. Izan ere, Pepe Mujica edo Nelson Mandelaren bidea goresten dute —beren denboran eginikoaz batere damutu ez arren, zenbait kasutan zibil errugabeak nahi gabe hil bazituzten ere—. Harrera beroa egiten diete, iraganari buruz kargu hartu gabe.
Badirudi euskalduntasun arras aratzaren kontzeptu mistikoa dutela. Euskaldunoi buruzko oso ikuspegi mesianikoa, beste lurtarren gainetik egongo bagina bezala. Onenak, puruenak izan beharko bagenu bezala. Kanpoan egindako bekatuak absolbitu egiten dituzte, eta hemengoak, aldiz, kondenatu. Euren sorterriko diktaduretan askatasunaren alde zapaltzaileen odola isurarazi zutenak zeruetara igotzen dituzte eta Euskal Herrian berdin jardun zutenak infernura bidaltzen. ETAk ez du irabazi; merezia du gaitzespena. Horixe esan zuen hemengo kazetari ospetsu batek. Agian, horixe bera pentsatzen dute beste batzuek. Horrela, hobeto ulertzen da haien kristaukeria fariseua: terrorista garaileei —Mandela, Mujica eta beste— ohore; besteei, egurra.
Umetako lagun bat dantza talde batean sartu zen. Ile luze samarra zuen mutilak. «Los vascos no llevan el pelo largo», esan zion irakasle erdaldun txit baskoak. Handik gutxira, guztiz bestelako talde batean sartu zen laguna, eta beste dantza bati ekin. Ez zen James Dean, baina begirada malenkoniatsuak eta zigarretak aktorearen nolabaiteko antza emango zioten. Arrakasta zuen nesken artean. Kaikuarekin edo kaiku barik.
James Dean kaikuarekin
Artolazabalen kaikukeriak bazter lagata, bada beste gauza bat Jose Mari, zure artikuluan okerreko bidetik egiten duena. ETA ez zen jaio Espainiako diktadurari aurre egiteko, ETAren lejitimazioa dator nazio izan eta garen aldetik eskubide derrigorrezkoa zuela ETAk borroka armatuari atxikitzeko, Euskal Herri subiraua lortze aldera. Mendeak joan mendeak etorri txertatu egin digute gure kontzientzia kolektiboan gu Espainaren txatal garela. Gure historian zehar izan dira eta izango bide dira gero ere aldarrikapen horri eutsita, armatan-edo altxatuko direnak. Ez garelako eta ez dugulako izan nahi Frantziarrek eta espainiarrek zer izan behar dugun esaten digutena.