Naziogintza berriaz

Naziogintza berriaz –

Julen Zabalo, NAIZen.


Nazionalismoen orain arteko eskeman garrantzi handia ematen zitzaion nazio gisa aitortua izateari. Nazioa ikuspegi esentzialista batetik ulertzen zen, eta hortik zetorren nazioaren existentzia frogatzeko baldintza objektiboak jarri nahi izatea, horiek beteta estatu bat osatzeko, edo gutxienez erreibindikatzeko, eskubidea erdietsiko zelakoan. Estatua, bestalde, botere gatazkatik sortzen zen, eta, horren arabera, nazio garaileak eta garaituak agertzen ziren. Nazio objektiboaren eskema horren pean, euskal nazionalismoa ere saiatu zen euskal nazioa osatzen, estatu bat sortzeko indar nahikoa lortu arte, nazio-estatuen logika mono-nazionalari atxikirik: estatu bat, nazio bat.

Naziogintza berriaz

Baina, egia esan, nazio aitortua izateak ez zuen askorako balio. Nazio Batuetan Autodeterminazio Eskubidearen inguruko eztabaida piztu zenean, kolonia izateak eskubide hori eskuratu zuen (hortik ere Euskal Herria kolonia gisa izendatzeko saioak), baina ez nazioek, estaturik gabeko nazioek defendatu zuten bezala. Eta beste aldetik, estatu bat sortzeko ere ez zen hain beharrezkoa nazioa izatea, edo, gutxienez, lehendik aldarrikatutako nazio esentzial objektiboa izatea. Estatuak sortzeko eskema klasikoa gatazkari eta gerra egoerari lotua egon da, eta azken hamarkadotan ere ikusi dugu nola sortu diren hainbat estatu Europan, aurretik nazio eskaera handirik egin gabe ere.

Baina gauzak asko aldatu dira azken urteotan. Modu esentzialistan eta objektiboan ulertzetik (euskal nazioa = euskara, adibidez), ikuspegi subjektibo batera iragaten ari da nazioa, borondatean oinarritua. Demokrazia batean nork ukatuko digu euskal herritar sentitzea? Egunero egiten dugu ez espainiarra ez frantziarra ez den euskal nazioaren aldarrikapena: ekitaldi politikoetan, bertso saioetan, lagunen arteko ospakizunetan, edo baita eskola askotan ere. Hau da, nazio gisa agertzeko ez daukagu arazorik (nahiz eta horrek ez duen estatu bat sortzeko inolako eskubiderik ematen, esan dugunez).

Eta estatua sortzeari dagokionez ere, badago berritasun handia nazio arazoek sortzen duten gatazka gainditzeko: herritarren erabakitzeko ahalmenean konfiantza ipintzea. Aurreko eskeman ez bezala, demokrazia testuinguru batean bakarrik uler daitekeen aukera honek espektatiba berriak sortu ditu Euskal Herrian, nazio arazoari irtenbide adostu eta demokratikoa lortzeko gaitasuna eduki lezakeen neurrian.

Bide honek baldintza berriak jartzen ditu, ordea. Estatua ez da sortzen euskal nazio indartsua garelako, baizik eta herritarren gehiengoak, banan-banan hartuta, hala erabaki duelako. Ez da hitz egiten nazio baten garaipenaz, une batean herritarrek erabaki dutenaz baizik. Bat-batean nazio klasiko esentzialaren garrantzia gutxitua ageri da: herritarrak, nazio proiektura baino, estatu proiektura erakartzen dira, eta horretarako herritarren intereseko eskaintzak egiten dira: euskal estatu bat gizarte arloko zerbitzuak, hezkuntza edo osasungintza hobeak izateko, adibidez. Batzuek nazio kontzeptuaren debaluazioa ere ikusi dute hor, ezen euskal nazio proiektuarekin bat egin gabe ere, jendea euskal estatu baten proiektuaren alde ager baitaiteke. Eraiki daiteke, ordea, euskal estatu bat euskal naziorik gabe?

Ezina da, noski, euskal estatua sortzeko beharra aldarrikatzen eta defendatzen dutenek, horiek osatzen baitute euskal nazioa. Euskal nazioa ez dute osatzen momentu batean (komenentziaren arabera) euskal estatu baten alde egon daitezkeenek, euskal estatua bera helburu ezinbestekotzat jotzen dutenek baino. Euskal nazioan sinesten dutenek helburu instrumentalak baino gehiago bilatzen dute euskal estatuan. Haien nazio sentimendua jokoan sarturik, prest daude helburu instrumentalen zati bat galtzeko euskal estatua eraiki ahal izatearen truke. Euskal nazioaren garrantzia ezin da inola ere baztertu edo gutxitu, bere zeregina euskal estatua lantzea eta sortzea baita.

Eta euskal estatura heltzeko bidea aldatzen ari denez, nazioa ulertzeko modua ere aldatzen ari da, oraingo behar, gustu eta ohituretara egokituta. Nazioa kontzeptu dinamikoa da, nazionalismoek momentuko testuinguruaren eta beharrizanen arabera egiten duten irakurketaren ondorio. Horregatik, indibidualismoa eta hedonismoa zabaltzen diren honetan, migrazioek dakarten kultura aniztasunean, edo lehenago ez zegoen demokrazia formalaren testuinguru batean, bestelako eredua behar da.

Gaur ezin dugu ulertu nazioa modu esentzial klasikoan, aldez aurretik baldintza objektibo zurrunak ezartzen zituena. Nazioa ulertzeko moduari aldaketak datozkiola esan liteke, eta, katolizismoak euskal nazioaren ikur izateari utzi zion bezala, pentsa liteke garai berriek euskarari emandako zentralitatea galtzea ekarriko dutela (nahiz eta horrek ez duen euskara bultzatzeko grina gutxitu behar). Orain arte bezala, faktore asko erabiliko dira nazioa eraikitzeko (historia, hizkuntza, kultura, etnia), baina oinarrizko lotura den lurraldeak (Euskal Herrian bizitzeak) zentralitate handiagoa har lezake, eskakizun maila txikiagokoa da eta. Horrez gain, euskal estatua osatzeko, motibazio gehigarriak egon litezke: hobeto bizitzea, euskara zabaltzea, genero berdintasuna bermatzea, krisi ekologikoari aurre egitea…

Eredu berriak ez du nazioaren frogarik bilatzen, horrek ez baitu inolako eskubiderik ematen. Aitzitik, bere helburu gorena den euskal estatua sortzea herritarren erabaki libretik etorriko denez, testuinguru demokratikoa zaindu behar du, herritar guztien parte-hartzea ziurtatzeko, nazio esklusiborik sortu gabe eta gizarte-mailakatzean jausteko arriskurik gabe.

Erraz bete litezkeen baldintzetan oinarritua (Euskal Herrian bizitzea), euskal nazioak helburu orokor eta sinplea ere edukiko luke oinarrian: euskal lurraldearen independentzia nahia gauzatzeko borondatea. Hortik sortutako naziogintzak euskal lurraldeen batasun sentimendua landu beharko luke, eta erakutsi zergatik behar dugun independentzia euskal herritarrok, bestelako estatu helburu osagarriez gain, gure herri espezifikotasuna gordetzeko, alegia.

Naziogintza berriaz Naziogintza berriaz Naziogintza berriaz Naziogintza berriaz Naziogintza berriaz

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.