Euskara da gure etorkizun bakarra
Euskara da gure etorkizun bakarra –
Duela 60 urte, Jakes Abeberryk lehen sar hitza idatzi zuenean, bere kezka agertu zuen euskal populuaren etorkizunaz; bai hortan ginen Euskal Herrian, eta euskararen egoera aipatzen zuen partikulazki. Seinale txarrak ikusten zituen, eta galdera sinple hau pausatzen zuen, berrogoi urteren buruan jende batzuk izanen zirenetz euskaraz mintzatzeko, edo bederen euskara irakasteko. Ahalmen handikoa baitzen, Jakesek irakaskuntzaren garrantzia azpimarratzen zuen jadanik eta bere borrokatzeko kemena agerrarazten ere.
Geroztik, Enbata mugimenduak eta hainbat egiturak eta jendek landatu dituzten hazien fruituak biltzen eta gozatzen ditugu. Jakesek, azken hatsa eman aitzin, bere lehen sar hitzean pausatu zuen galderari erantzuteko parada ukan du. Bai noski, itzalak eta hodeiak badaude euskararen meteoan baina urte berri honen hastapenean eta Jakesi omenaldi bat idazteko garaian, baikortasunaren erabakia hartuko dugu.
Jakesek euskararekin zuen lotura interesgarria zen, batzuek pentsatuko dute korapilatsoa zela. Bere ibilbide politikoan, buru belarri aritu da euskal kulturaren alde, euskararen alde, gure hizkuntzak ukan behar dituen egiturak eta tresnak bultzatuz. Miarritzen, desafio handia zuen bere aitzinean, euskarari toki bat eskaintzeko edo egiteko.
Bere eguneroko bizian, entseguak egin zituen euskalduntzeko baina ez zuen iduriz lortu. Enbataren lehen urratsetan, eztabaidak sortu ziren –beharbada oraindik trenkatuak ez direnak–euskarak eguneroko bizian edo militantzian ukan behar zuen lekuaz. Orokorki, garaian ikuspuntu desberdinak agertu ziren kostaldeko eta barnealdeko militanteen artean horri buruz.
Duela guti Luhuson iragan zen mintzaldi batean, Eñaut Etxamendik azpimarratzen zuen zer nolako egoeratan zegoen euskara bigarren mundu gerlatik landa, zer nolako sufrimenduak eta bihozmin psikologikoak bizi zituzten garai hartako gazteek partikulazki. Eñautek aitortzen zuen kasik berak ere dudak ukan zituela garai hartan euskararen etorkizunerako. Egoera horren aitzinean, gure herriak edo komunitateak pairatzen zituen tenpesta guzien aitzinean, Jakes bezalako jendeak altxatu eta antolatu ziren; azpimarratzen zuen bezala, «ideal batentzat suhartuz baina ideal horren gauzatzeko lan eginez».
Hainbat artikulutan aipatu da Irulegiko eskuaren garrantzia euskararen historia dokumentatzeko edo gure nazio sentimendua eraikitzeko, nolabait gure duintasunari ere indar gehiago emateko. Jakes bezalako militante batek, hots euskal herritar batek, erakusten digu gure esku dagoela Euskal Herriaren eta euskararen ibilbidea segiaraztea.
Zenbat aldiz entzun dute, zenbat aldiz entzun dugu, eta zenbat aldiz ere gaur egungo gazte euskaldunek entzuten dute noiztenka euskara edo euskal kultura zaharkituak direla, deusentzat balio ez dutela.
Urratsez urrats frogatzen dugu kontrarioa dela; Jakesek eta haren inguruan aritu diren jendeek erakutsi dute herri honen etorkizuna segurta dezakegula, baita munduak ezagutzen dituen desafioak gaindi ditzakegula ere hemendik abiatuz, euskal kulturatik abiatuz eta azken finean euskarak eskaintzen duen ikuspuntutik edo milaka urteko esperientziatik abiatuz.