Basozaintza: Ingurumen hondamendien aurrean, prebentzio planak eta baliabide gehiago

Basozaintza –

Baliteke jadanik ahaztuak izatea iazko udan jasan genituen sute izugarriak, edo ez oroitzea jada azken uholdeez edo inoiz ezagutu gabeko lehorterik latzenaz, baina argi baino argiago dago klima-aldaketa Nafarroara iritsi dela eta geratzeko asmoz etorri dela. Egoera honetara eraman gaituen eredu harrapari kapitalista zuzentzeko modua aurkitzen dugun bitartean, prebentzioa da ingurumen hondamendien aurka borrokatzeko daukagun tresnarik onena. Eta hondamendi natural gehiago gerta ez daitezen, orain da prebentzio lanak egiteko garaia; orain da baliabieak areagotzeko garaia.

Klima-aldaketaren ondorioz ingurumen hondamendi bat jasaten dugun bakoitzean (suteak, uholdeak, lehorteak), gure politikarien adierazpenak aguantatu behar izaten ditugu, hau eta bestea agintzen baitute ondorioak geldiarazteko. Errealitateak erakusten digu gezurretan ari direla: hitz hutsak dira, laster ahazten direnak. Eta horrela hurrengora arte.

Mundu osoan inposatu den eredu ekonomiko harraparia gure planeta suntsitzen ari da eta horren ondorioak denok ordaintzen ari gara. Gure gizartea ez dago dinamika horretatik kanpo. Hemen eta orain milioiak inbertitzen jarraitzen dugu AHTa edo Nafarroako Ubidea bezalako azpiegitura handietan, abeltzaintza estentsiboa alde batera uzten dugu eta intentsiboa eta industrializatua bultzatzen da, despopulazioa gero eta eremu zabalagoetan hedatzen ari da eta biztanleria hirietan pilatzera daraman eredu kontsumista inposatzen da. Petrolioa erretzen eta kutsatzen jarraitzen dugu.

Hori guztia larriagotu egiten da gure erakundeek eredu-aldaketarik planteatzen ez dutelako eta jasaten ari garen ondorioei irmoki aurre egiteko gai ez direlako. Adibiderik argiena udan ikusi genuen, Nafarroa alde guztietatik erre zenean.

Klima-aldaketaren ondorioei aurre egiteko, basozaintza indartu beharra dago

Argi dagoena zera da: politikariek hondamendien ondoren adierazpen solemneak egin arren, suteen prebentzioan inbertitzea, Nafarroan, gainditu gabeko ikasgaia da oraindik. Suhiltzaileen plantilla ez da nahikoa, eta basozainei dagokienez, duela 40 urte baino langile gutxiago gaude.

Egungo eta etorkizuneko erronkei heltzeko, prebentzioa eta baliabide gehiago

Gai hori serioski hartzeko garaia da: ezinbestekoa da Baso-suteen prebentziorako planak prestatzen hastea, non XXI. mendera egokitutako neurri teknikoak ezartzea eta langile gehiago kontratatzea aurreikusi beharko den. Izan ere, Nafarroa da hektarea bakoitzeko basozain kopuru txikiena duen autonomia erkidegoa (Europako jarraibideak betetzeko, plantillako basozainen kopurua hirukoiztu beharko litzateke).

Behar-beharrezkoa da egungo eredu harraparia aldatzea, eredu jasangarri eta orekatuagoa lortzeko

Lurraldearen eta bere erabileren antolamendua eta kudeaketa birplanteatu beharra dago, gure geografiaren puntu kritikoak aztertuz eta klimaren eta ingurumenaren krisi globalak mahai gainean jarri dizkigun beharren arabera kudeatuz lurraldearen antolamendua. Presazkoa da Nafarroan Baso Suteen Prebentzio Integralerako Taldeak abian jartzea.

Basozaintza

Basozaintza