Hezkuntzan frustaziora kondenatuak

Hezkuntzan frustaziora kondenatuak –

EAEko Hezkuntza Legeak ezinbestean ELA frustatuko du, euskaldunoi zoriontasun osoa debekatua baitzaigu. Mediku ona ala euskalduna? Biak eskatzea gehiegi ei da. Bada, gizartean hezkuntzari buruzko eztabaida soziala berdin planteatzen ari gara. Euskal kulturaren transmisioa bermatzen duen hezkuntza ala segregazioari aurre egiteko hezkuntza publikoa hautatu behar omen ditugu, edota hezkuntza komunitateak kudeatutako eskola deszentralizatuen ala titularitate publikoko eskolen artean.
Hezkuntzan frustaziora kondenatuak

Guk dena eztabaidatu nahi dugu. Bi estatuen zein kapitalaren interesengandik libre den eskola publiko burujabea eraiki nahi dugu, erdigunean izango dituena euskara, kudeaketa parte-hartzailea, laikotasuna, ekitatea edo kritikotasuna; eta, noski, langile guztiak kontuan izango dituena, enpresa, politikari zein presio-taldeengandik askeak izango direnak eta lan-baldintza egokiak izango dituztenak haurrek merezi duten hezkuntza eskaini ahal izateko. Egun urrun gara egoera horretatik, baina bestelako hezkuntza eragileekin trantsizio bat irudikatu eta adostu nahiko genuke.

Bada ez da posible izango, Espainiako legediak zuzenean debekatzen baitu egungo hezkuntza sistematik euskal hezkuntza sistema burujaberako irudikatzen dugun trantsizioa. Legearen arabera hezkuntza bi saretan banatzen da eta biek tratu bera jaso behar dute (soilik segregazioaren karira dago matrikulaziorako askatasuna murrizteko aukeraren bat), Espainiako legediaren arabera erabakitzen da hemengo eduki kurrikularra edo haren arabera antolatzen dira langileak. Jaurlaritzak berak hala aitortzen du La erosión silenciosa liburuan: hezkuntza alorrean, Euskal Herrian bakarrik Espainiako legedia garatzeko eskumena dugu.

Ez da kasualitatea Hezkuntza Hitzarmenean oinarrizkoak diren gai hauei aipamenik ez egitea. Hezkuntza Hitzarmenaren sinatzaile guztiek onartu zuten edo abstentzioa eman zioten Espainiako hezkuntza sistema inposatzen duen LOMLOEri, eta denek adostu dute ez dela zalantzan jarriko. Benetan harrigarria da Hezkuntza Hitzarmen batean ez aipatzea curriculumeko ezagutza, konpetentzia edo balioen transmisioei buruzko edukiak, hezkuntzak zerbaitetarako izan behar badu horretarako baita. Euskal curriculum bat aipatzeak LOMLOEk inposatutako edukiak zalantzan jarriko lituzke eta sinatzaileak ez daude horretarako prest.

ELAk argi du gai horiez guztiez jarduteko oso eztabaida pragmatikoa beharko dela. Hezkuntza sistema egituratzen duten gai batzuk epe laburrean alda daitezke, eta beste batzuetan eztabaida politikorako baldintzak sortu behar dira. Espainiako muga estuetan ere bada zer hobetua, hala nola, segregazioa epe laburrean desagertu-araziko duen matrikulazio sistema ezar dadila, eskola guztien erabateko doakotasuna bermatzeko legezko neurriak ezartzea, itunpeko eskolak publifikatzeko baldintzak zehaztea eta euskalduntzeari aukera emango dion euskarazko hizkuntza eredu orokortua ezartzea.

Era berean, epe laburrean legez aldatu ezin diren auzietan gizartearen atxikimendua lantzeko eta aldatzeko baldintzak ere eraiki beharko dira. Esaterako, gure curriculuma erabateko askatasunez hautatzea oztopatzen badu legeak, gizartearen inplikazioa beharko da, zuzenean.

Eragileok ere parte hartu beharko dugu jardute horretan, praktika zehatzekin. Adibidez, ikas material bateratua sortzen has gaitezke: Euskal Herriko eskola guztietara eramateko materiala sor dezakegu hezkuntzan dihardugun hainbat eragilek eratutako erakunde batean -Euskal Herri osorako hezkuntza sistema berri baten lehen hazia izan daiteke-. Eusko Jaurlaritzak prozesu hori finantza dezake eta eragile guztiok adostu ditzakegu estatuen esku-hartzeei aurre egiteko mekanismoak. Burujabetza ariketa praktiko bat aldarrikatzen dugu, ez besterik, PSOEk ere Gernikako Estatutuaren defentsan onartu beharko lukeena. Aurreko hau urrats txiki eta egingarria da, hezkuntza bestelako eredu batera transitatzen jarriko lukeena. Antzeko burujabetza ariketak egin ditzakegu LOMLOEren barnean garatzerik ez duten beste hainbat gairekin, sare banaketa gainditzeko, langileen hautaketa praktika pedagogikoen arabera egiteko edo eskolen jardunetik multinazionalak kanporatzeko.

Hezkuntza Hitzarmenean ez dago diagnostikorik ezta eskola eredurik zehaztuta. Horrek agerian utziko luke EAEko eskuduntzen arabera zer aldatu daitekeen eta zer ez, eta ezinbestean Estatuarekiko gatazka ekarriko luke.

Orain arte adostutakoaren gainean hobekuntza partzialak izan daitezke, ongietorriak izango dira, baina hezkuntza sistemaren egitura baldintzatzen duten eta aipatu ditugun gai guztiak landu ezean ezingo dugu esan hezkuntza sistema eraldaketarako bidean dugunik, ez da trantsiziorik izango. Bien bitartean mobilizazioak dira gure esperantza bakarra, eta esperantzara kondenatuak egon nahi dugu, ez dugulako onartutako hautatzera kondenatuta egotea.

Hezkuntzan frustaziora kondenatuak Hezkuntzan frustaziora kondenatuak Hezkuntzan frustaziora kondenatuak

EAEko administrazio orokorreko ELAren arduraduna