Bizi itxaropenak behera egin ahal du Baztanen?
Bizi itxaropenak behera egin ahal du Baztanen? –
Gure izeba BaBi duela 60 urte sortu zen Elizondon. Bere jaiotza bozkario motibo izan zen Baztan osoan, eta bailara guztiko jendea besta erraldoi bat egiteko bildu zen: dantzak, orga-desfileak, bazkari galanta…
BaBi ederki ibili da sasoiz azken hamarkadetan, nahiz eta susto gaizto pare bat eman: 1997an bere urtebetetzea ez ospatzea erabaki zuen, bihotzekoak eman ziolako (aguntzarik eza utzi nahi izan zuten agerian, eta herritarrei erakutsi zer galtzen ahal zuten, auzolanari segida ematen ez bazioten). 2017an alarma piztu zen: ez bazuten taxuz eta fundamentuz zaintzen, bizi itxaropen laburra aurreikusten zioten medikuek (‘Kideak ez baditugu lortzen, jaia bertan behera geldituko da’), eta azken unean salbatu zuten hurrengo urteko besta.
Baina Covidak hezurretaraino izorratu du Babi, eta ez da batere ongi atera pandemiatik: “Dozena bat pertsona gaude elkartean, eta gehienak, aspalditik; laguntza behar dugu. Ez bestaren egunean aritzeko laguntza: elkarteak bazkideak behar ditu, urte osorako konpromisoa hartuko dutenak”. Argazkian ederki ikusten da nortzuk aritu diren zaintza lanetan (oraingoan ere) azken urteetan.
Euskal Herria da bizi itxaropen altuenetako bat duen herria munduan, emakumeen kasuan bereziki. Pena litzateke aurten izeba BaBiren 60. urtebetetzea ospatu beharrean lurperatu behar izatea.
Badago biziberritzeko aukera, bai. Baina gorputza hainbeste ultimatum ematen hasten denean ez da seinale ona izaten. Mundua aldatzen ari da, eta agian, gure bizi itxaropenarekin batera, gure bizi kalitateak ere behera egingo du. Ea ez den horrela.
Ea uztailaren hirugarren aste buelta horretan Elizondon ikusten dugun elkar, BaBi.