Patronalen mantra, segregazioaren iturri

Patronalen mantra, segregazioaren iturri –

Euskaltzaindiaren definizioaren arabera, mantra etengabe errepikatzen den ideia edo esaldia da. Titulartasun pribatuko ikastetxeen mantra da ez dutela funts publikoetatik nahiko diru jasotzen ikaspostu bakoitzaren kostu erreala estaltzeko. Baina askotan errepikatzearen ondorioz ere gezurrak ez dira egia bilakatzen.

Patronalen mantra, segregazioaren iturri
Markus Spiske

Indarrean dagoen 1987ko Hezkuntza Itunak arautzen dituen dekretuak behartzen badu ere, azken 40 urteotan ikastetxe pribatuek ez dute inongo urratsik egin doakotasunerantz; kontrara, hezkuntza eskubidea gero eta merkatu logika gordinago baten bitartez kudeatzen denez, lehia logika nagusitu da, nork baino nork hezkuntza eskaintza zabalagoa, erakargarriagoa, eskaintzeko, horrek gainkostuak suposatzen badizkiete ere. Diru ekarpena suposatzen duten ikasleak erakartzeko arau hausteak eta trikimailuak ugariak izan dira azken urteetan, eta Eusko Jaurlaritzako konplizitatea eta ez ikusiarena egitea ohikoa izan da, edozein ikastetxe pribatuen eskaerei balekoa emanez eta egun pairatzen dugun maila sozioekonomiko apaleko ikasleen segregazio basatia ahalbidetu duen ituntze sistema unibertsala sortuz.

Egun hezkuntza sisteman sare pribatuak sortu duen lehiakortasun horrek irizpide pedagogikoak, kohesio soziala eta aukera berdintasuna zapaldu dituzte. Ikastetxe pribatuek ez dute Eusko Jaurlaritzaren aldetik oztoporik topatu, azpifinantzaketaren izenean, joko arauak hausteko. Permisibitate honen aurrean, ez dute inongo beldurrik izan behar beste zulo ekonomikoak sortzeko beraien gardentasunik gabeko kontu korronteetan. Hona hemen hainbat adibide: 0-3 adin tarteko gela irekiz, astean eskaini behar duten irakaskuntza orduak baino gehiago eskainiz, Hezkoop tarteko ikasleak erakartzeko irizpideetan oinarritutako alferrikako obrak aurrera eramanez (jolastokiak, kiroldegiak, fatxadak, igerilekuak…) gerentzia postuak sortuz, marketin arduradunak kontratatuz eta abar. Horren ondorioz legez kanpoko kuotak kobratzen dizkiete familiei, lehiakortasunez jositako eta kalitatearen izenean hezkuntza-merkatuaren tren horretara igotzea garesti ateratzen zaielako, alegia. Baina are garestiago ateratzen zaio gizarte osoari, kohesio sozialari egiten zaion kaltean, eragiten duen klasismo eta bereizkerian.

Baina hasierako esaldia berreskuratuz… beraien argudiategia oinarririk gabekoa dela begi bistakoa da. Orain dela egun gutxi hedabideen bitartez jakin genuen bai ikastola pribatuen bai kristau eskolako zuzendariek urtero ikasleko 1.500 euroko gehikuntza kalkulatzen dutela kuotak kobratzeari utzi ahal izateko, hau da, 250 milioi euro inguru. 2017ko irailaren 17an Mikel Ormazabalek hau zioen egindako elkarrizketa batean: «Kristau Eskola familiei kobratzen dien kuotei uko egiteko prest legoke, Eusko Jaurlaritzak finantzaketa %25 igotzen badigu».

Itunpeko ikastetxe pribatuek jasotzen dituzten diru publikoko modulu ekonomikoak %17 igo dira 2017tik 2022ra. Beraz, hurbil egon gintezke Patronalen logika erabilita, baina ez, mantra errepikatzen dute. Orain Kristau Eskolak eta Ikastolen Elkarteak ikasleko jasotzen dituzten 4.174 euroez gain, beste 1.500 beharko lituzketela diote, hau da, %36 gehiago behar dute oraindik. Gainera, haien esanetan, beraien kontu korronteak diru publikoaren %17rekin puztu ondoren 2017an baino okerrago omen daude, badirudi ez dagoela mantra etengo duen gainfinantzaketarik.

Hezkuntza Legea sukaldatzen ari diren alderdi politikoek galdera hauei erantzun beharko liekete zintzoki: egongo al da noizbait doakotasuna ahalbidetuko duen finantzaketa nahikorik? Zergatik finantzatu behar du gizarteak hezkuntza sistema itundua? Zergatik ez da bultzatzen publifikazio prozesu irmo bat hezkuntza sistema publiko bat sendotzeko? Engaina ez gaitzaten, hezkuntza patronalek etengabe errepikatzen diguten mantra horren atzean bi gauza besterik ez daude, merkantilismoa eta ezkutuko segregazioa!

Patronalen mantra, segregazioaren iturri Patronalen mantra, segregazioaren iturri

STEILAS