Txin-txin, etxebizitzaren lotsa

Txin-txin, etxebizitzaren lotsa –

Asteotan gonbidatu berezi bat izan dut etxean. Nire lagun minari lan-eskaintza egin diote eta Donostiatik Bilbora etorriko da bizitzera. Hala, pisua aurkitzen duen bitartean, gurean dago egun batzuetarako. Aitortu behar dut Bilboko etxebizitzaren arazoa larria dela adierazten duten datuak ondo ezagutzen ditudan arren, eta urte hauetan hamaika txosten eta azterlan irakurrita ere, izugarri asaldatu nautela nire lagunak kontatu dizkidanak Bilbon pisu bila ibili ostean.

Txin-txin, etxebizitzaren lotsa

Ni neu bilbotar adoptatua naiz, baina duela 20 urte Gipuzkoatik etorri eta botxoan etxea aurkitzea erraza izan zen. Nire lehen pisua unibertsitateko lagunekin partekatzen nuen San Inazio auzoan eta, gela bakoitzeko, 200 euro ordaintzen genituen. Duela egun gutxi batzuk, auzo horretan bertan, pisua beste bi pertsonekin partekatzeagatik, 350 euro eskatzen zizkioten nire lagunari. Noski, panorama honekin, berak ez du baloratu ere egin pisu oso bat bakarrik alokatzeko aukera. Hortik aurrera, bihotzekoak emateko moduko eskaintzak egin dizkiote: 500 euro Santutxun gela batengatik, kontraturik eta erroldatzeko aukerarik gabe; 450 euro Zabalburun beste bi lagunekin, gastuak aparte; tartean ere denetariko iruzurrak ezkutatzen zituzten iragarkiak aurkitu ditu; eta nire gogokoena: San Mames inguruan tipo batek 55 gela eskaintzen ditu 500, 600 edo 700 eurotan, eremu komunetako garbiketa gastuak barne, AirBnb estilora.

Kontua da nire lagunak Bilbon bizitzeko aurkitu dituen oztopo guztiak kontatzen zizkidan bitartean, burura etortzen zitzaidala gauza bakarra: Bilboko udal agintariei hainbatetan entzun diedan diskurtso errepikakorra. Euren lelo nagusiak: ‘Bilbo: talentua erakartzen duen hiria’; ‘Bilbo: Gazteei aukerak eskaintzen dizkien hiria’; edota ‘Bilbo: hiri-unibertsitarioa’. Baita zera ere! Egiaz, Bilbora datorren edozeinek aurkitzen duen eragozpen handiena etxebizitza eskuratzea da. Eta hau arazo bat da, ez bakarrik heldu berrientzat, bertan jaio direnentzat ere. Hala, Bilbon etxebizitza duin bat eskuratzeko eskubidea gero eta urrunago dago errealitate izatetik, eta datu guztiek adierazten duten moduan gainera, Bilboko etxebizitzaren krisia egiturazkoa da.

Euskal hiriburuen artean, Bilbon garestitzen da gehien alokairua: Batez beste, ia 780 euroko hileko errenta ordaintzen da, 2016 urtean baina 75 euro gehiago. Eskaintzaren prezioa ere gora doa: Iragartzen diren etxebizitzen artean, bakarrik %4 daude 750 eurotik behera (duela urtebete %21a ziren), eta erdia baino gehiago 1.000 eurotik gorako prezioan dago. Duela urte eta erdi, aldiz, eskaintzaren %65 muga horren azpitik zegoen.

Salerosketa-merkatuaren egoera ere ez da hobea, etxebizitzen erosketa-prezioak hamarkada bateko maximoetan mantentzen baitira, bai obra berrian, bai bigarren eskukoan ere. Horrek guztiak esan nahi du gero eta zailagoa dela Bilbon etxebizitza bat eskuratzea, herritar gehienek onartzeko moduko prezioan.

Ezin dugu ahaztu, halaber, 700 pertsona inguruk ez dutela etxerik Bilbon, eta horien erdiek kalean ematen dutela gaua. Bestalde, erroldatzeko oztopoak, etxebizitzari lotutako gastuak ordaintzeko zailtasunak edo etxegabetze bati aurre egin behar izatea, Bilboko biztanleen sektore gero eta zabalagoei eragiten dieten arazoak dira.

Egoera horren aurrean, zain da herritarrengandik dagoen instituzioaren, alegia, Bilboko Udalaren erantzuna? Ba izan dezakeen okerrena, hau da, arazoa bera ez onartzea. Bada garaia begiak irekitzeko eta, gutxienez, larrialdi egoera batean gaudela onartzeko. Bestela, zertarako gaude hemen, ez bada herritarren benetako arazoei erantzuteko?

Urteak daramatzagu salatzen Bilboko Udalak ez duela etxebizitza politikarik, estrategia Udal Etxebizitzak Erakunde Autonomora mugatzen duelako. Baina egoeraren larritasuna ikusita, argi dago hori ez dela nahikoa, eta horrexegatik ari gara mahaigaineratzen Bilboko Udalaren Etxebizitza Eskubidearen aldeko Plan Estrategiko bat egiteko beharra.

Ezinbestekoa da lehen mailako gizarte-arazo honen inguruan gogoeta sakona egitea eta udalaren etxebizitza politikak biderkatzea, hainbat esparruetatik neurriak hartuz. Hasteko, kontuan hartu beharko genuke etxebizitzaren arazoa geroz eta herritar gehiagori eragiten diela, eta are nabarmenago gazteei eta emakumeei. Zentzu horretan, berdintasun edota gazteria sailek, ez al dute egoera honen aurrean ezer esan edo egiterik?

Dudarik ez dago Udal Etxebizitzak funtsezko tresna bat dela, esaterako, etxebizitza sozialaren parkea handitzeko, baina ez da zertan bakarra izan behar. Ogasun arlotik ere, neurriak hartu daitezke, esaterako, ia etxebizitza publikorik ez dagoen hiriko eremuetan, Bilboko Udalak etxebizitzak zuzenean erosi ditzan. Era berean, Ogasun arloak Bilbon dauden milaka etxebizitza hutsen gainean eragin dezake, jenderik gabeko etxebizitzei kanona aplikatuz. Kontuan izan behar dugu une honetan, jenderik gabekotzat jo daitezkeen 2.000 etxebizitza inguru daudela. Milaka etxe dira euren funtzio soziala betetzen ez dutenak eta merkatura ateratzea sustatu daitezkeenak, udal-zerga politikaren bidez.

Bestalde, birgaitze-politika SURBISAk, Bilboko Udalaren mendeko enpresa publikoak, indartu beharko du, birgaitzeko laguntzen eta hiria berroneratzeko proiektuen bidez, horiek ere Plangintza eta Proiektu Estrategikoak bezalako arloekin lotuta daudenak.

Azkenik, merkatu pribatua arautzea izan beharko litzateke etxebizitza-eskubidearen aldeko udal-estrategiaren zutabeetako bat. Hasteko, funtsezkoa da egoerari etengabe jarraipena egitea, Etxebizitzaren Behatokiaren bidez datuak bilduz. Baina, horrez gain, Bilbon pisu turistikoak ugaritzeak duen eragina ere aztertu beharko litzateke, Eusko Jaurlaritzaren erregistroko azken datuak kezkagarriak baitira: 2022an %35,7ko igoera izan da Bilbon erabilera turistikoko etxebizitzen izen-ematean. Era berean, iragarkien eskaintza osoari dagokionez, Bilbo dago EAEren hazkundearen buruan, eskaintza %62 hazi baita 2017tik 2022ra. Horrek guztiak eragina du Bilboko etxebizitza merkatuan, eta beraz, premiazkoa da, lehenik turismoan oinarritutako hiri-eredua birpentsatzea, eta ondorioz, Garapen Ekonomikoaren arlotik neurriak hartzea, sail honetatik garatzen baita hiriaren turismo eta nazioartekotze estrategia osoa.

Argi dago etxebizitzaren arazoa konplexua dela, eta hainbat instituzioetatik neurriak hartu beharko direla, besteak beste, alokairuen prezioak arautzeko eta mugatzeko, baina hori ezin da aitzakia izan geldirik mantentzeko. Unea da arduratsuak izateko, alkatetzatik bertatik etxebizitzaren arazoari aurre egitea lehentasuna emateko eta, hala, Bilboko etxebizitzaren egiturazko krisiari udal-eremutik aurre egiteko estrategia integral bat abian jartzeko, Udaleko hainbat sail zeharka barne hartuko dituen plangintza bat osatuz, eta ariketa hori modu parte-hartzailean eginez, udal-talde guztiekin eta gizarte-eragileekin elkarlanean.

Momentuz, nire lagun minari Bilbok eskaini dion lehen irudi desatseginari buelta ematen saiatuko naiz, eta pisua topatzeko oztopoak oztopo, niri 20 urte hauetan Bilbok eskaini didan onena ere erakutsiko diot. Bitartean noski, gustura hartu dut etxean, eta espero dut eskaini nahi izan diogun berotasuna berak sentitu izana.

Txin-txin, etxebizitzaren lotsa Txin-txin, etxebizitzaren lotsa Txin-txin, etxebizitzaren lotsa Txin-txin, etxebizitzaren lotsa Txin-txin, etxebizitzaren lotsa Txin-txin, etxebizitzaren lotsa

Irundar Bilbotartua. Mundu eta Euskal Herri alternatiboa eraikitzeko erronkan @EHBilduBilbo-ko zinegotzi eta @Alternatiba-ko kide.