Kritika Zinematografikoa: “Ainarak”
Kritika Zinematografikoa: “Ainarak” –
.
Zuzendaria: Juan San Martin eta Ritxi Lizartza
Urtea: 2022
Herrialdea: Euskal Herria
-Pirinioetako pasabidean-
Iragana harrapatzea biziki zaila gertatzen dela ezaguna da. Nola pantailaratu duela mende bat baino gehiago gertatutako errealitate hura, fikzio bat sortu gabe, bizimoduaren lekukotza ahalik eta fidelena eraikiz? Erronka bere gain hartuz, Ritxi Lizartza eta Juan San Martin zuzendariek Ainaren historia ezezaguna berreskuratzea dute xede, Nafarroa eta Aragoiko emakume gazteak (kasu batzuetan 12 urtekoak, kontatzen denez), urtean hainbatetan Maulera joan etorriak egiten zituztenak alpargata lantegietan jarduteko, horretarako Pirinioen arrisku eta mehatxuak gaindituz. Bere ibilbide migratzaile etengabea behatuta, enaren jokabidearekin parekotasuna adierazi nahian jarri zitzaien filmaren izenburu ederreko ezizena. Bilaketa abentura honetan aurretiazko baliabide fisikoak eskasak dira, 1860 eta 1930 bitartean bildu diren argazki eta dokumentuak, bideo bakanen bat ageri da azken urteetan. Baina haritik tiraka, egin diren ikerketa eta irakurketa historikoak daude (Véronique Inchauspé-ren liburua pelikularen sustrai bezala planteatuko zaigu). Eta jakina, garai hura bizi zutenen oinordekoen oroitzapena, toki haien biztanleen memoria. Hala, dena baliatuta, eta Anne Etchegoyen kantariaren gidaritza tarteko (soinu banda ere egin du, Ainarak erdiguneko kanta tarteko, baina bigarren mailako funtzioa izango du musikak), lehorra dirudien putzu honetatik ur emankorren bat ateratzen den ikusiko dugu.
Garai batetako argazkia eratzeko esfortzua somatzen da lehen pasarteetan. Pirinioen hegoaldeko bizitza gogorra, enborrak garraiatzeko ibaia erabiltzearen lana (gizonei zegokiena), egonkortutako ospakizunak eta bere historia. Anne Etchegoyen-en jakinmina oso erreal barneratuko dugu eta kutsatu egingo gara proposatzen zaigun denboraren zubiko bidaiaren zirraraz. Zentzu horretan, etekin ederra ateratzen zaie zuri beltzean harturiko argazki zaharrei, askotan ikusiko dugu Etchegoyen toki bestelakoetara heltzen, argazkia eskuan altxata duela, eta egun ikusten duen errealitatea argazkiko errealitatearen aurrean kokatzen, nolabait iraganaren eta orainaren arteko bidegurutzean bertan ezartzen egongo balitz bezala. Honek beste maila batzuetan ere funtzionatzen du, esaterako Pirinioetako irudi basatietan, airetik harturiko plano orokor ederretan, errepide eta eraikuntzak saihestuz, eta elurra, belarra, edo lainoa bezalako elementuetan fokoa jarriz. Berez egungo irudiak badira ere, garaiko errealitatearekiko ez dago desberdintasunik, mendiak eta naturaren elementu bortitzak betierekoak baitira. Pirinioetako muga naturalak batzen ditu, halaber, kontakizun honetako aspekturik lazgarrienak, gaindiezinak diruditen mugak erakustean, edo zendutako nesken istorioak argitara aterako zaizkigunean.
Eta Etchegoyen-en bilaketak pelikulako (eta alpargatetako) hiriburura eramango gaitu azkenik, Maulera. Bertan azalduko dira ainara hauetako seme, alaba eta bilobak; elkarrizketa naturalak izango dira eta kasu askotan zehaztasun gehiegi gabe dakiten informazioa plazaratuko digute. Hala, bi aspektu interesgarri irekiko zaizkigu. Lehenik eta behin, Mauleko bizimodua, ekonomikoki emankorragoa bazen ere, etxean zeukatena baino latzagoa zen aspektu askotan, lan gogorrari hango biztanleriaren mesprezua gehitu behar baitzaio (etorkinaren estigmak kasu, honetan ere, aplikatzen dira). Eta batez ere, ainara haiek ez zioten bere odisea horien inguruko apenas kontakizunik egin bere seme-alabei, egun balentria bezala hartzen dugun hura bere garaian lotsa eragiten zuen tabua balitz bezala. Zentzu horretan, taldekako irakurketa lehenesten dela ematen du, eta ez dago pertsonalizaziorik (apenas azalduko dira ainaron izenak). Hau berez eskertzekoa da, sentimentalismoaren joera traketsak baliatzen ez direlako, baina egia da halaber, arrisku ere badela, enpatia zaildu egiten baita.
(…)
Kritika osorik irakurtzeko, sartu ZINEA atarian!
Kritika Zinematografikoa: “Ainarak”