Pentsamendu kritikoaren kontra (apur bat)

Pentsamendu kritikoaren kontra (apur bat) –

Tere Maldonado filosofia irakaslea berrian.

Lasai egon, titulua boutade bat baino ez da. Boutade-ak oso eraginkorrak dira publizitatearen ikuspegitik: eskandalatu egin eta erakartzeko gero eta zailagoa den besteen arreta erraz bereganatzen dute. Hala ere, publizitateak hainbeste erabili ditu, ezen gehienak ere topiko bihurtzeko zorian baitaude. Tira, ez dut pentsamendu kritikoaren kontra jo nahi besterik gabe (nor ausartuko zen, bada!), baina bai honen harira hainbat zalantza eta beldur planteatu.

Pentsamendu kritikoaren kontra (apur bat)

Orain gutxi artikulu bat argitaratu nuen (‘Jakin’, 2022-10-05) pentsamendu kritikoaren ikasgai bat egotearen egokitasuna zalantzan jartzeko. Ikasgaia, azpimarratu nahi dut. Idazkiaren azken esaldian, zera esaten nuen, gutxi gorabehera: irakasgaiaren aurka egon behar dugula, hain zuzen, pentsamendu kritikoa bera salbatu ahal izateko, pentsamendu kritikoa ikasgai batean lataratu ezin delakoan, bere zerizana galdu barik.

Aste batzuk besterik ez dira pasatu eta hori gutxiegi dela pentsatzera jotzen dut jada. Idazki horretan, duela 30 urte baino gehiagoko Ulises Moulines filosofoaren lan bat aipatzen nuen. Bertan egilea kexu zen pentsamendu kritikoa etiketaren ugaritze mugagabeaz eta gehiegikeriaz, ikerketa eta idazlan askori auto-aplikatua, nahiz eta oso zalantzazkoa izan, bere ustez, horietako asko benetan kritikoak zirenik (ez dakit orain zer esango ote duen, non hainbeste jende harrotu egiten den pentsamendu kritikoa edukitzeaz).

Izan ere, orain zera ikusten dut: ikasgaiaren desegokikeriaz gain, pentsamendu kritikoa bera gauzatzeko zailtasunez ere jabetu behar dugula. Hain da erraza, bestela, autokonplazentzian erortzea. Horregatik, zoritxarrez (eta definizioz ia) zaila da benetan autonomoa eta kritikoa den pentsamendu-gramo bat aurkitzea. Pozik gaude oso (ni lehena) gure ideia propioak ditugulakoan, baita pentsamendu kritikoa deritzogun zerbait garatzeko gai garelakoan ere. Baina, zorrotz behatuz gero, soilik gure garaiak, lekuak eta zirkunstantziek markaturiko perimetroaren barruan pentsatzen dugula ikusiko dugu. Oso pentsalari gutxi dira benetan beren garaiaz haraindi joateko gai.

Arriskutsua da pentsamendu kritikoaren etiketa kutxa bati jartzea (ikasgai bati, unibertsitateko sail bati, argitaletxe bateko bilduma bati), gero edukiak sartzen joateko. Duchampen pixatokia ideia bikaina izan zen, baina ezin da erreplikatu: Arte Ederretako ikasle batek, gaur, ebaluatu (eta baloratu) beharreko ustezko artelan gisa aurkezten badu —demagun— errepide batetik erauzitako trafiko-seinale bat, suspenditu egin behar zaio, nire ustez. Modu berean, pentsamendu kritikoa etiketaren sasoia pasatu da, gehiegizko erabilerak higatu egin baitu. Erabiltzen jarraitzea arriskutsua da konturatu gabe eraman ahal gaituelako pentsamendu kritikoa izeneko kutxatxoan sartu dugun edukia helmuga itxitzat hartzera, behin betikoa bailitzan.

Pentsamendu kritikoak (inolako algaradarik edo titulurik gabe), gizarte-praxi bati estuki lotuta, iraganean lan itzela egin zuen: ezarritako adostasun sozialak aldatu zituen, errealitatetik tiraka, hura hobetzeko; susmo sistematikoa guztiari aplikatuz, Ricoeur-engandik aurrera «susmoaren maisutzat» hartuak diren filosofoek ez ezik, beste askok ere egin dutena. Lan erraldoi hori guztia, munduko ezaugarri on eta eder guztien erantzule, arriskuan egon daiteke, arlo materialean argi eta garbi, baina arlo sinbolikoan ere bai. Harrapakin erraza da iruzurgile handientzat, sumindu-itxurakeriaz arrazoiz betetako horiek, aurrerakoitasunaren inposizio politikoki zuzenen kontra (diotenez).

Kontua ez da pentsamenduak (kritikoa, askea, sortzailea, apurtzailea, bizigarria) eremu guztiz bare-bare, aratz eta gardena behar duenik, ondo dakite Lokatza podcasta egiten duten lagunek («gabiltzalako gaude hain zikin» diote), baina uste dut hobe dugula ez sartzea buru-belarri harea mugikorrezko zingira itsaskorrean, horrek betiko irentsi ahal baikaitu. Gainera, pentsamendu kritikoa ezkertiarra izan behar da definizioz (feminista, antirrazista, ekologista…?) Eta izatekotan, ezkertiarra (feminista, etab.), zein definizioren arabera izango litzateke? Ala, alderantziz, ikuspegi ezkertiarrak ere (eta feministak, antirrazistak, ekologistak, bakezaleak, berdintzaileak, askapenekoak…) kritika etengabearen eraginpean ere jarri behar dira?

Ez du ematen bukatuko dugula pentsamendu kritikotzat hartzen «niri gustatzen zaidan pentsamendua», bere zerizana autokritika dela ahaztuta? Badaezpada, urkatuaren etxean ez aipatu sokarik. Hobe dugu ondo arrazoitzea mundua ikusteko modurik egokientzat dugun hori, eta gure proposamen politikoak ahalik eta oinarri sendoenetan finkatzea, betiere autokritika zorrotzenaren iragazkiz bahetuta. Kritikoki pentsatu ahal izateko, pentsatzen hutsez hasi behar da. Nahikoa dugu lan horri ekitearekin: bidezidorrik ez dagoela gogora dezagun, bidea beti itzulingurua da. Ez dezagun ahaztu ere dogmen kritika bera dogma bihur daitekeela erraz. Gehiegitan ikusi dugu. Eta ez diezaiegun ideiarik eman. Ulertzen didazue (hori espero dut).

Pentsamendu kritikoaren kontra (apur bat) Pentsamendu kritikoaren kontra (apur bat) Pentsamendu kritikoaren kontra (apur bat) Pentsamendu kritikoaren kontra (apur bat)

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.