Olatz Salvadorrek ordezkatu du euskara Suns Europe jaialdian

Olatz Salvadorrek ordezkatu du euskara Suns Europe jaialdian –

Lehiaketa forma duen itxiera ekitaldia azaroaren 26ean egin da Udinen (Italia), eta Gales, Friuli, Karst, Drenthe, Sardinia eta Euskal Herriko musikariek hartu dute parte.

Olatz Salvadorrek ordezkatu du euskara Suns Europe jaialdianSuns Europe 2009. urtean sortu zen Udinen (Italia) Europako Alpe eta Mediterraneo aldeko hizkuntza gutxituetako musika lehiaketa bezala. Geroztik, Radio Onde Furlane irratiak eta ARLeF-ek (Friuliar hizkuntzaren agentzia) sustatutako ekitaldia garatzen joan da Europa osoko hizkuntza gutxituetako artisten topagune bilakatu arte. Suns hitzak soinua esan nahi du friulieraz, Italiako ipar-ekialdean 600.000 inguru lagunek hitz egiten duten hizkuntzan. Eta ekitaldiak zinema eta literatura bezalako diziplinei ere atea irekitzen dien arren, musikak plater nagusia izaten jarraitzen du, eta bereziki, azaroaren 26an Udineko Teatro Nuovo Giovannin 1000 ikusleren aurrean egin den lehiaketak.

Gales, Friuli, Karst, Drenthe, Sardinia eta Euskal Herritik joandako sei musika taldek hartu dute parte final handian, jaialdiaren batzorde artistikoak hautaketa egin ostean. Eta horien artean dago Olatz Salvador musikari donostiarra. Hainbat urtez Skakeitan taldearekin aritu ostean, 2018an kaleratu zuen bere bakarkako lehen estudio lana, ‘Zintzilik’. 2021ean plazaratu zuen bere azken diskoa, ‘Aho Uhal’. Bertan, sentsibilitate handiz, une zailetatik jaiotako sentimendu eta hausnarketak taularatzen ditu. Olatz Salvadorrek emozioei egiten die kantu bere lanetan, gaurkotasun handiko gaiei helduz maiz. Ardura sozial horretan sakonduz, bestelako proiektuetan ere hartu izan du parte, podcast eta sorkuntza kolektiboak sustatuz, besteak beste.

Olatz Salvadorrekin batera, Massimo Silverio, Violoncelli Itineranti, Rick Hilberts eta Ealûs taldeak ere igo dira Teatro Nuovo Giovanniko oholtzara. Talde bakoitzak 15 minutuko saioa eskaini du eta, amaieran, epaimahai artistiko batek eta antzokira bertaratutako publikoak eman dituzte sariak. Aurten, orotara, Europako sei estatutako 32 musika taldek eman dute izena ekitaldian, 14 hizkuntza gutxitu ordezkatuz: Italia hegoaldeko albaniera, frankoproventzera, Herbehereetako behe-saxoiera, bretoia, friuliera, galegoa, galesa, ladiniera, Suizako erromantxea, Italiako esloveniera, euskara, katalana, sardiniera eta eskoziera.

.

Suns Europe

Suns Europe (Europako Soinuak friulieraz) Europako hizkuntza gutxituetako arte eszenikoen jaialdia da. Termino horrek eguneroko bizitzako esparru guztietan modu normal eta berdinean erabiltzeko aukera ukatzen zaien hizkuntzak izendatzen ditu. 2009an hasi zen Friulin, Europako bihotz eleaniztunean, Europako Alpe eta Mediterraneo aldeko komunitate gutxituentzako musika-lehiaketa bezala. Jaialdia garatzen joan da Europako hizkuntza-talde gutxituetako artisten topaleku eta elkartrukerako gune bilakatu arte. Ekitaldia aukera bat da Europako komunitate guztiak beren hizkuntza-eskubideez, eta kultura-aniztasunak ondare, eskubide eta aukera bezala duen garrantziaz jabetu daitezen. Jaialdia Radio Onde Furlane irratiaren editorea den Informazione Friulana. Kooperatibak antolatzen dute, Friuli Venezia Giulia Erregione Autonoma, ARLeF (Friuliar hizkuntzaren agentzia), Udineko Udala eta Fondazione Friuliren finantziazioarekin. Europa osoko hainbat erakunderen laguntza ere jasotzen du ekitaldiak, horien artean Etxepare Euskal Institutuarena.

Olatz Salvadorrek ordezkatu du euskara Suns Europe jaialdian