“Es una gran noticia para nuestro euskara”

Es una gran noticia para nuestro euskara –

Ni ere oso kontentu nago Irulegiko eskua aurkituta.Es una gran noticia para nuestro euskara

Baietz eman inportanteagoak garela munduan edo hain eskasak ez? Zerbait bagarela pentsatzeko motiboren bat behar eta ttak! Hortxe ageri bat lur azpitik!

Eta orain  harro sentitzea tokatzen da aitzin-aitzineko omen den euskaldunen tribuko partaide izateagatik, nahiz eta zalantza egin dut gure jakintsu jendearen ahotan baskoniko hitza gora eta behera hain suelto erabilita, eta batek ezin jakin euskaldunez ari ote diren edo beste zerbaitez, ze hala ez bada euskaldunak zerutik eroritakoak ote diren lur-bazter honetara hasi beharko dugu pentsatzen. Baina egon gaitezen lasai gauza segurua baita ezjakin baten txikikeriak hauek zein askoz handiagoak direnak ere argituko dizkigula gure jakintsu jendeak.

Argia eman diguten bezala sorioneku horren gainean eta ziurtasun handiz baieztatu baietz gure zorioneko dela, ia-ia iguala, gure pozerako. Hurrengo lerroak noiz argituko dizkiguten irrikan nago, egon ezinak hartuta, tripan mota guztietako tximeletak dantzan dauzkadala, loak hartu ezinik, hurrengo egunean jaiki eta letreroa guztiz argituta ikusiko ote dugun. Zirraragarria!

Gure telebista ere hor dabil zientziari diren eta ez diren mikrofono eta kamera guztiak jarrita zientifikoei ez ezik autoritateei ere bai, haietako bati aittu bai bainion: “Es una gran noticia para nuestro euskara”.

Berriak ere berehalaxe atera ditu zorioneko eskuaren irudia duten kamisetak eta ez da denbora asko pasako nik horrelako bat erosterako.

Izan ere, beste gauza batzuen artean orain badakigu, gure jakintsu jendeak esanda, ez ginela -tira, gu baldinba ginen- analfabetoak edo ez behintzat hain analfabetoak, nahiz eta hemen ere duda egitekoa da gaur egun ere oso alfabetatuta ote gauden, gure kulturan diot, -ze beste kulturetan mundialak gara- gure hizkuntzan, euskaraz, hala baskoniko esan behar al da?

Eta orain, egun zirraragarri hauetan beste hitz misteriotsu horiek deszifratzeko 150 urteko ziklo bati hasiera ematera goazenean, nik dagokionari nahi nioke eskatu 2022an bizirik gauden euskaldunontzat egunak dituen segundo guztiak euskaldun izan ahal izateko beharrezkoak diren baldintza guztiak martxan jartzen hasteko, gogoarazita hori oinarrizko printzipio batetik abiatuta egiten dela: lur bazter honetan bizitzeko eta bizi modu ateratzeko euskaraz jakitea (edo ulertzea) gauza beharrezkoa dela eta horretarako behar diren baliabide guztiak jarri behar direla mahai gainean jendeari laguntzeko eta prozesua ahalik eta azkarren eta xamurren izan dadin. Zuek, geure dirua xahutzen eta gure bizitzarekin jolasean ibiltzen zareten handiki eta ahaltsuoi dagokizue hori egitea; guk, lur-bazter honetako euskaldun jende xumeok, bitartean, Euskaraldirik eta antzekorik antolatu behar izan gabe, hitz egin egingo dugu, irakurri eta idatzi egingo dugu, sortu egingo dugu, bizi, finean, egunak dituen segundo guztiak.

Es una gran noticia para nuestro euskara