Erabileraren arazoa
Erabileraren arazoa –
Garikoitz Goikoetxea euskara teknikaria BERRIAn.
Gero eta gehiagok dakite euskaraz, baina gutxiagok erabiltzen dute etxean. Ondorio makur hori atera daiteke Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako zentsutik —joan den astean argitaratu zuten—. Hara: 1991n baino 400.000 herritar gehiagok dakite euskaraz (populazioaren %43k), baina etxeko hizkuntza euskara dutenak orduan baino 2.000 gutxiago dira (%13ko erabilera). Antzeko argazkia eman zuen Euskal Herriko kaleko erabileraren neurketak uda aurretik: %13aren azpian trabatuta dago erabilera, 2000ko hamarkadan baino apalago, nahiz eta ordutik milaka herritarrek ikasi duten euskara. Egoera gordina da: esan nahi du, finean, euskaraz dakiten herritarrek proportzioan gutxiago egiten dutela euskaraz, handitzen ari dela ezagutzaren eta erabileraren arteko arrakala.
Horrela ikusita, batek pentsa dezake erabileran daukala sekulako arazoa euskarak: ezagutzak nabarmen egin duela aurrera, eta kontua zera dela, euskaldunek ez dutela egiten, ez dutela nahi, erdara hautatzen dutela. Alegia, hautua dela arazoa. Maiz elikatzen da diskurtso hori, batez ere erantzukizun publikoak herritarren bizkar jartzeko, edo, are, euskara sustatzeko politikak mantsotzeko eskatzeko, benetako eskaera apala dela eta.
Zer ari da gertatzen erabilerarekin? Komeni da koloreei erreparatzea: alegia, ez irudikatzea ezagutzaren gorakada zuriz eta erabileraren geldialdia beltzez, baizik eta tarteko grisei begiratzea.
Zeren, bai, euskararen ezagutza hazten ari da etengabe, batez ere belaunaldi berrien eskutik, baina oraindik Euskal Herrian gutxiengoa da euskaraz hitz egiteko gai: erabilera-aukerak mugatuak dira. Ezagutza eremu erdaldunenetan ari da gehien hazten, erabiltzeko aukera are mugatuagoa den lekuan. Jakina, giltzarria da eremu horietan ere ezagutza hedatzea, baina ezin da espero horrek erabileran berehalako eragin nabaria izango duenik: epe ertain-luzerako inbertsioa da. Eremu euskaldunenetan, aldiz, jaitsi egin da ezagutza urteotan, eta erabilera maldan behera doa.
Zeren, bai, euskaraz gehiagok dakite, baina euskara etxean jaso dutenak gero eta gutxiago dira. Argia da zentsua: 1991n, 432.000 herritarrek zuten euskara lehen hizkuntza (biztanleen %21); 2021ean, 391.000 herritarrek (%18). Baztertu egin nahi ditugu euskaldun zahar eta euskaldun berri etiketak, baina datuek erakusten dute lehen hizkuntzak zerikusi handia duela erabilerarekin: etxean jaso dutenek askoz gehiago egiten dute, hainbat faktoreren baturagatik (ingurua, egokiera, ohitura, erraztasuna…). Kontua da gero eta euskaldun gehiagok bigarren hizkuntza dutela euskara —ume eta gazte euskaldunen artean, gehienek—, edo etxean erdararekin batera jaso dutela —izatez, hedatzen ari da etxean euskaraz eta erdaraz aritzeko joera—. Espero izatekoa da lehen hizkuntza gisa aurrera egingo duela euskarak datozen urteetan, baina oraingo norabideak eragin nabarmena dauka erabileran.
Zeren, bai, euskaraz gehiagok dakite, baina ezagutza gauza bat da, eta gaitasuna beste bat. Euskaldun gero eta gehiago dira gaitasun mugatukoak, bereziki gazteen artean: badakite euskaraz, ikasketak euskaraz egin dituzte, baina gaitasun mugatua dute. EHUko irakasle-eskoletan egin dute abisua oraintsu: kezkatuta daude biharko maisu-maistren euskara-gaitasunarekin. Ez da ezustekoa, nahiz eta ezikusia egiten zaion askotan. Gordina da EAEko hezkuntzako azken ebaluazio-diagnostikoaren emaitza: Bigarren Hezkuntzako ikasle gehienek (%53) ez daukate gutxieneko euskara-gaitasunik. Jarrai dezakegu tranpatan, gaitasuna ebaluatu gabe ikasleei euskara-tituluak ematen, adibidez, baina hor dago hutsunea, eta erabileran eragin handia dauka.
Zeren, bai, euskaraz gehiagok dakite, baina beste hizkuntza-biografia bat dute euskaldun gero eta gehiagok, eta euskararekiko jarrera eta motibazio diferenteak: euskara eskolako hizkuntza dute, handik kanpo nekez ikusi dute, eta ez du erabilgarritasun apartekorik haien egunerokoan. Euskararik gabe eroso bizi daiteke Euskal Herri gehienean. Erosotasun hori apurtzeko, inertzia aldatzeko, behar da bulkada bat, baina euskaldun gero eta gehiagori jada sortua etorri zaie euskararen indarberritzearen ametsa, aurreko belaunaldiek ekoitzia, eta maiz ez dator bat haien moldeekin, egonezinekin eta premiekin. Euskararen rolloa. Motibazio ahulak erabilera txikia dakar.
Zer gertatzen ari da erabilerarekin? Trabatua dago, eta egiturazko hutsuneak daude traba hori gainditzeko. Hemen kontua ez da erabilera ez dela hazten ezagutzaren hein berean: kontua da baldintza hauetan oso nekeza dela erabilerak epe laburrean pauso esanguratsuak ematea.
Badator hirugarren Euskaraldia. Egiturazko hutsune horien erdian, milaka euskaldunek egingo dute ahalegin praktikoa beren hizkuntza-ohituretan pausoak emateko, euskara gehiagorekin eta gehiagotan erabiltzeko. Behar dugu hori: gaitasuna handitu behar dugu erabilera handitzeko, eta erabilera handitu gaitasuna handitzeko; motibazioa handitu behar dugu erabilera handitzeko, eta erabilera handitu motibazioa handitzeko. Eragiteko palanka da Euskaraldia, betiere jakinik jo beharreko eremuetako bat soilik dela hizkuntza-ohiturena: ez da euskararen gaitz guztien sendabidea, ez da egiturazko hutsuneak estaltzeko aitzakia. Ekar dezala Euskaraldiak euskara erabiltzeko bultzada, sor ditzala erabilera-eremu gehiago, eta berritu dezala ilusioa. Bai baitago beharra.