Hizkuntzaren normalizaziotik euskalduntasun kulturalera
Hizkuntzaren normalizaziotik euskalduntasun kulturalera –
Jexux Larrañaga Arriolak, Gizarte Antropologian doktoreak, Berria egunkarian.
Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautuko duen dekretuan, euskararen erabilerari begirako erronka berriei heltzeko tenorean, dekretu bakar batean batu nahi izan dira Sektore Publiko osorako normalizazio arau orokorrak. Nagusien artean Osakidetza, Ertzaintza, Hezkuntza, Justizia, eta hala nola orain artean normalizaziotik at geratu diren beste subjektu publiko batzuena ere bai. Araubide berri honen helburua hizkuntza normalizazioa garai berrietara egokitzea izango da, Sektore Publiko osoaren betebehar minimoak ziurtatu eta bermatze aldera. Printzipio gidari nagusiaren araberan, zerbitzua osatzen duten erakundeek euren ekinbideetan eta jardunean euskara lan hizkuntza eta zerbitzu hizkuntza gisa guztiz normalizatzeko plangintza estrategikoak garatu beharko dituzte, euren funtzionamendua euskaldundu eta euskararen erabilera normalizatzeko xedez.
Euskararen normalizazio politika estrategikoa eta zeharkakoa da gure herrian, plan estrategikoen eta kudeaketa planen bidez arautu ohi dira, eta erakunde horiei dagokie araudi normatiboen garapena egingo dela ziurtatzea, jarraipena egitea, eta, ahal dela, eredu izatea euskararen erabilera sozialean ere.
Hezkuntza Sistemari dagokionez, erabileraren erronka bete-betekoa izan da urte luzetan. Sailburuordetzari dagokio Euskararen erabilera Normalizatzeko Oinarrizko Legea garatzeko jarduerak koordinatzea, Euskal Eskola Publikoaren legearen esparruan. Eta Berrikuntza Zuzendaritzari, hezkuntza eremuan euskara erabiltzeko aukerak eta testuinguruak sustatzea eta dinamizatzea, Euskararen erabilera Normalizatzeko Oinarrizko legean ezarritakoaren araberan.
Zeregin horien aterkipean Ulibarri programak ibilbide oparoa eta luzea egin du Ikastetxeetako Hizkuntza Normalizazio Plangintzak sustatu eta bideratzen, Hizkuntza Plangintzan oinarritutako esku-hartze eredu artikulatua, integrala eta malgua eskaini ahal izan die EAEko ia 400 ikastetxeei. Esku hartze eredu horretan badago lan prozedura eta egiteko modu bat, hots: hasierako diagnosia, lau urtetarako plangintza estrategikoa eta kudeaketarako urteko plana; gero, ikastetxe bakoitzaren beharren araberan eguneratuz eta osatuz berrikusiko da plana, beste behin diagnosi berria egin artean. Hortaz, badago plan gidatu bat, diagnosia egiteko tresna frogatua, badaude inplementazioa aurrera eramateko giza baliabideak, jarraipena egiteko eta eraginen ebaluazioa neurtzeko tresneria.
Haatik, esan dezakegu Hizkuntza Normalizazioaren aurrerabidea hezkuntzan aitzindaria izan dela, eta egindako ibilbidearen merezimendua eta aitortza zor zaio. Normalizatzeko zailtasun itzelak dituen hizkuntza bati loturik gaude gure hezkuntza sisteman, baina lortutakoa eskolaren eta hezkuntzaren esparrutik lortu da, baita herri mailako onuran ere. Eskolarena da, beraz, hizkuntza gutxitua biziberritzeko arnasa luzeko desafio lodienari egindako ekarpen mamitsuenetako bat.
Halere, Joxe Manuel Odriozolak (urriaren 15eko BERRIAn) gure Hezkuntza Sistema Eleaniztunaren elebitasun kaltegarria arrazoitu zuen: D ereduaren ikasleen batez besteko mintzamoldea gero eta okerragoa dela argudiatuz (baita euskararen arnasgunetzat dauzkagun testuinguru soziolinguistikoetan ere), D eredua erauzgarri eta murriztagarritzat jo zuen. Eta eredu horri salatu zizkion gabeziekin bat egiten dugu funtsean; izan ere, hizkuntza politikaren mugak ikuspegi nazionalik ez duen herriarentzat hain dira begi bistakoak.
Behinola, eskolak ezingo ditu inolaz itzulipurdikatu diglosia sozialaren ondorio larriak, bere hitzetan esanda «erdal hizkuntza hegemonikoaren eragin bortitza». Egitura soziolinguistiko makroaren hizkuntza politika islatzen da eskolan, nola ez, eta euskararen dimentsio sozial diglosikoaren eragina betiere kaltegarria zaigu hezkuntza sistemaren funtsezko zereginean. Nahiz eta hizkuntza gutxituaren berariazko trataera eta trataera konpensatzailea behar-beharrezkoak diren, beti desabantailan gaude, eta eskolaren euskalduntze prozesuaren berrikusketa beharra inoiz baino ageriagoa egiten ari zaigu.
Argiago esanda, irakats-hizkuntza gizartean minorizatua baldin badago —baztertua eremu soziofuntzionalaren hainbat esparrutan— eta bestea(k) hizkuntza nazional eta hegemonikoa(k) baldin bad(ir)a, egoera soziolinguistiko horretan, eleaniztasunaren diskurtsoa zentzu kritikoz erabili beharko dugu hezkuntzaren esparruan. Izan ere, hegemonia gunerik ez baldin badauka hizkuntza batek, eleaniztasunak eta kulturaniztasunak ez dakarkiote onik berez, lehendik ahuldua eta menpekotasun egoeran dagoenari. Haatik, gure hezkuntza sistemaren eleaniztasuna euskararen ardatzetik baino ezin litekeela ulertu diogunean, euskararen hegemonia gizarte bizitzan behar duen nagusigoaren beharrarekin batera ulertu beharko dugu nahitaez, baina ez bestela.
Gure hezkuntza sistemaren hizkuntza harremanak era idealistan ikusi nahi dituenik egon badago (hizkuntza harremanak harreman aingerutarrak bailiren), baina ez benetan diren gatazkatsu eta tentsioz beteak; hizkuntzen bizikidetzaren diskurtsoaren alde bakarra erakusten digu horrek, kultur hegemonikoari interesatzen zaion bizikidetza harmoniatsuaren alderdia soilik, harreman hegemonikoa/menpekoa gizartearen ordenamendu diskurtsiboan naturalizatuz. Eta hala denean, ezagutza soziolinguistikoak diosku hizkuntza hegemonikoak gailentzen direla, betiere hizkuntza gutxituaren kaltetan.
Datuen argitara, gure ikasleen hizkuntza komunikazio gaitasuna guk desiratzen duguna baino apalagoa baldin bada, zerikusia izango du horretan minorizazio egoeran dagoen bertako hizkuntzaren estatus eta botere harreman soziolinguistikoaren egoera hain hauskorrak. Haatik, eskolak bizi duen errealitate soziolinguistiko honetan hizkuntzen arteko komunikatzeko gaitasun berdina lortzea ameskeria litzateke, ezinezkoa egiten zaigu, eta frustrazio askoren jatorria bihurtzen da erabileraren indizeen moteltze eta apaltasun maila.
Gizarte errealitatearen egoera diglosiko eta soziolinguistiko hauskorrak hezkuntzaren normalizazioaren helburu estrategikoa lortzerako bidean sistema osoaren berrikusketa linguistiko-kulturala egiteko premia badugula erakusten digu, hau da, hizkuntza-komunikazio konpetentziatik harago, euskalduntasun kultural (J.M. Odriozola, 2022) sendoa lantzeko hezkuntzak duen premia eta beharrizana.