Zu bai, zu ez

Zu bai, zu ez –

Asilo-eskubidea pertsona guztientzat.

Zu bai, zu ezBizi garen sistema honetan, kapitalaren metaketa eta erabaki indibidualak elkartasunaren, enpatiaren eta biziaren gainetik daude. Sistema kapitalista heteropatriarkal horren beraren ardura dira, besteak beste, desparekotasunen egiturazko kausak, pobrezia, ingurumenaren degradazioa eta behartutako migrazioak. Urtero, milioika pertsonak ihes egin behar izaten dute beren herrialdeetatik, jazarpena jasaten dutelako hainbat arrazoirengatik: arraza, erlijioa, nazionalitatea, iritzi politikoak, hondamendi ekologikoak, talde sozial jakin batekoak izatea, generoa eta sexu- orientazioa. Bai eta gerrengatik ere.

Egun, 65 gerra aktibo daude munduan, eta ikusten dugu asiloa, aterpea eta, azken batean, babesa lortzeko mugak irekitzeari dagokionez ere larriak direla desberdintasunak. Aurten, argi ikusi dugu Europar Batasuneko estatuentzat pertsona batzuen bizitzek gehiago balio dutela beste batzuen bizitzek baino. Hala gertatu da Errusiak Ukraina inbaditu ondorengo asilo-politiken oraintsuko kudeaketan; izan ere, frogatuta geratu da elkartasuna eta justizia soziala posible direla, baina ez giza eskubideen ikuspuntutik, denok dakigun bezala unibertsalak eta berdinak izan arren pertsona guztientzat. Hau da, muga batzuk hurbiltasun geografiko eta kulturalagatik malgutzen dira; beste batzuetan, ordea, bazterketa, indarkeria, are heriotza bera ere gertatzen dira.

Donostiako Zero Pobrezia Plataformak badaki desparekotasun horien kausak multifaktorialak direla, eta erabaki politiko eta ekonomikoen ondorio, eta oinarrian dituzten agendak giza eskubideen defentsatik eta justizia sozialaren aldeko migrazio politiketatik oso urrun daudela. Hala bada, honako hauek aldarrikatzen ditugu:

  • Ongizate kolektiboa defendatzen duten, pertsona guztien giza eskubideak bermatzeko prestatuta dauden eta interes geoestrategikoetatik urrun dauden politika publikoen alde egitea.
  • Ez begiratzea beste aldera. Euskal Autonomia Erkidegoan armak egiten dituzten 14 enpresa daude. Alde batetik, bakearen alde mobilizatzen gara, baina, bestetik, gizarte moduan gaitzesten ditugun borroken lehen lerroetan dauden armak ekoizten ditugu.
  • Haurtzarotik laguntzea trebetasun egokiak garatzen eta tresnak lortzen, pertsonak eta herriak elkarrekin modu baketsuan bizi daitezen, aniztasuna balioets dezaten eta egiturazko desparekotasunen kontzientzia izan dezaten. Horretarako, Gizarte Eraldaketarako Hezkuntza ezinbesteko ikuspegia da.
  • Garapenerako lankidetza-politika, krisi globala gainditzeko irtenbidearen parte bat delako. Berriz ere, ohartzen gara mundu hau interkonektatuta dagoela, eta inoiz baino premiazkoagoa dela lan egitea giza garapen jasangarriarekin bat datozen gizarteak eraikitzeko, demokraziaren eta giza eskubideen sustapen, defentsa eta berdintasunaren alde egiteko. Izan ere, Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeek hainbat hamarkada daramatzagu oinarri horien gainean lan egiten beste gizarte-eredu bat eraikitzeko.

Pobrezia Desagerrarazteko Nazioarteko Egunaren astean -urriaren 17an izan zen-, dei egiten diogu gizarteari, mobiliza dadin, pobrezia eta desberdinkeria desagerrarazteko neurri zehatzak eta eraginkorrak lortu arte.

.

Pobreziaren aurka pedalei eraginez

Nazioarteko egun hori dela eta, munduan egiten dira ekintzak. Estatuko Zero Pobrezia kanpaina mobilizaziorako dei horrekin bat egiten duen ekimena da, eta Euskadin 2005etik ari da ekintzak garatzen.

Aipatutako leloarekin, Donostiako Zero Pobrezia Plataformak aldarrikapen-bizi martxa antolatu du BIHAR iganderako, urriak 23. Donostiako Haizearen Orrazitik abiatuko da, 12.00etan, eta Boulevarderaino iritsiko da, Txita Sound System-ek girotuta.

Zu bai, zu ez