Melatonina eraginkorra ote da loezina tratatzeko?
Melatonina eraginkorra ote da loezina tratatzeko? –
Ane Barrerasek, Irati Rodillak, Aitziber Mendigurenek, EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Farmakologia saileko ikertzaileek, Zientzia Kaiera atarian, Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
Neurologiako Espainar Batzordearen datuen arabera, helduen %25-35ek aldizkako loezina pairatzen du eta %10-15ek, hau da, 4 milioi pertsona baino gehiagok, loezin kronikoa. Gainera, kontuan hartu behar dugu COVID-19 pandemiaren ostean loezinaren eta antsietatearen prebalentzia handitu egin dela. Beraz, gaur egun ohiko gaixotasuna da; askotan, hilabeteetan zein urteetan zehar luza daitekeena.
Loezinak loak hartzeko edo mantentzeko zailtasunari, behar baino lehenago esnatzeari zein indarberritzailea ez den loari egiten dio erreferentzia. Sintoma horiek gutxienez hiru hilabetetan zehar astero hiru gauetan agertu behar dira. Gainera, lo-alterazioak edo biharamuneko nekeak hondatze kliniko esanguratsua eragin behar du. Loezinak erritmo zirkadianoaren lo-esnatzearen alterazioak (adibidez, loaldi atzeratuaren sindromea edo lan txandekin lotutako loezina) eta ez-REM loaren esnatze asaldurak (somnanbulismoa, gaueko ikarak edo amesgaiztoak, besteak beste) barnebiltzen ditu.
Loezina arintzeko neurri ez farmakologikoak (neurri higieniko dietetikoak eta terapia psikologikoak) eta, bestetik, farmakoterapia bereiz ditzakegu. Farmakorik erabilenak bentzodiazepinak eta Z-hipnotikoak dira, garuneko GABA hartzaileen bidez eragiten dutenak. Espainar Medikamentuen Agentziaren arabera, azken urteotan bentzodiatzepinen eta hipnotikoen kontsumoa asko handitu da eta gaur egun egunero 91 dosi 1.000 pertsonako izatera iritsi da. Epe luzera bentzodiatzepinen erabilera ez da gomendagarria eragin desiragaitz ugari dituztelako, hala nola, aurreranzko amnesia, menpekotasuna eta tolerantzia. Loezinerako erabil daitezkeen beste farmako talde batzuek (antihistaminikoak, antidepresiboak edo antipsikotikoak) ere eragin kaltegarriak dituzte eta pazienteen artean aldakortasun handia dago eraginkortasunari dagokionean. Hori dela eta, azken urteotan beste farmako alternatiboen erabilera asko handitu da; horien artean, melatoninarena.
Melatonina guruin pinealak jariatutako hormona bat da eta haren sintesia iluntasunak indartu eta argiak inhibitzen du. Hipofisi eta nukleo suprakiasmatikoko MT1 eta erretinako MT2 hartzaileak lotzen dituenez, neuronen inhibizioa, funtzio neurokonduktualen gutxitzea eta logura eragiten ditu. Hortaz, melatoninak lo-esnatze zikloa eta erritmo zirkadianoa erregulatzen ditu eta horregatik loezina tratatzeko farmako gisa erabiltzen hasi zen.
Melatonina 2011. urtean onartu zen farmako gisa eta 55 urtetik gorako pertsonengan lehen mailako loezina tratatzeko indikatuta dago, epe laburrean eta monoterapian. Hala ere, azken urteotan melatonina adin guztietako pazienteengan eta loezin arazo desberdinak tratatzeko erabilia izan da. Gaur egun, melatoninaren dosi desberdinak dituzten produktu ugari daude merkaturatuta eta horien salmenta biziki handitu da, nahiz eta argi ez dagoen erabilera zabal hori ebidentzian oinarrituta dagoen. Berrikusketa honen helburua da gaixotasunekin erlaziorik ez duen adin guztietako pazienteengan melatoninak loezina arintzeko duen eraginkortasuna aztertzea. Ikerketaren datuen arabera melatonina eraginkorra da 55 urtetik gorako pazienteengan lehen mailako loezina arintzeko, 2 mg-ko dosian eta 3 astetan zehar administratzen denean. Beste adineko pazienteengan, dosi baxuagotan edo loezin zehatzetan egiten den erabilera, aldiz, ez dago ebidentzia zientifikoetan oinarrituta.
.
Artikuluaren fitxa:
- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: 42
- Artikuluaren izena: Melatoninaren eraginkortasuna loezina arintzeko: saio klinikoen berrikusketa sistematikoa.
- Laburpena: Loezinak, loak hartzeko edo mantentzeko zailtasunari, behar baino lehenago esnatzeari zein indarberritzailea ez den loa edukitzeari egiten dio erreferentzia. Loezinak erritmo zirkadianoaren lo-esnatzearen alterazioak (adibidez, loaldi atzeratuaren sindromea edo lan txandekin lotutako loezina) eta ez-REM loaren esnatze asaldurak (somnanbulismoa, gaueko ikarak edo amesgaiztoak, besteak beste) barnebiltzen ditu. Loezinaren tratamendurako gehien erabiltzen diren farmakoek (bentzodiazepinek eta Z-hipnotikoek) eragin kaltegarri ugari dituzte eta epe luzera erabiltzeko ez dira gomendagarriak. Horregatik, loezina tratatzeko, ustez segurtasun hobea eta eraginkortasun bera duten alternatibak merkaturatu dira, adibidez, melatonina. Azken urteotan, melatoninaren erabilera asko handitu da eta adin guztietako pazienteengan loezin mota ugari arintzeko erabili izan da, baina ez dago argi erabilera hori ebidentzian oinarrituta dagoen. Horregatik, lan honen helburua gaixotasunekin erlaziorik ez zuen adin guztietako pazienteengan melatoninak loezina arintzeko duen eraginkortasuna aztertzea izan zen. Horretarako, plazeboarekin kontrolatutako entsegu klinikoen berrikusketa sistematikoa egin zen. Aztertutako saioen arabera, melatonina (2 mg-ko dosian, 3 astetan zehar) lehen mailako loezinarako eraginkorra da bai lo-latentzia laburtzeko bai lo-kalitatea eta pazienteen ongizatea eta bizi kalitatea hobetzeko. Loezin mota zehatzetarako, aldiz, dauden ebidentziak urriak dira. Adinari dagokionez, melatonina 55 urtetik gorako pazienteengan loezina arintzeko eraginkorra dela frogatu da. 55 urtetik beherako pazienteengan, ostera, eraginkortasuna frogatu duen entsegu bakarra bildu da. Ondorio orokor gisa esan daiteke melatonina eraginkorra dela 55 urtetik gorako pazienteengan lehen mailako loezina arintzeko, 2 mg-ko dosian eta 3 astetan zehar administratzen denean. Beste adineko pazienteengan, dosi baxuagotan edota loezin zehatz batzuetan egiten den erabilera, aldiz, ez dago ebidentzian oinarrituta.
- Egileak: Ane Barreras, Irati Rodilla, Aitziber Mendiguren
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- eISSN: 2444-3255
- Orrialdeak: 25-47
- DOI: 10.1387/ekaia.22913