Lekeition zinea gara (gaurtik igandera)
Lekeition zinea gara –
Aurten 45 urte beteko ditugu eta sekula baino arrazoi gehiago ditugu Lekeition zinema garela esateko. Euskal Herrian mantentzen den jaialdi zaharrena da gurea, eta euskara hutsez egiten den bakarra Euskal Herriaren hegoaldean behintzat.
Urte bete gehiagoz, Ikusgarri zine aretoak bere ateak irekiko dizkio Lekeitioko Euskal Zine Bilerari urriaren 20tik 23ra bitartean. Jaialdiak 4 eguneko iraupena izango du aurten, ohikoa baino laburragoa izango da, baina baita ere intentsoagoa. Egun horietan zehar euskarazko ikus-entzunezko arloarekin lotutako ekintza ugari antolatuko dira, sektorearen presentzia indartu eta euskarazko filmen sustapenarekin. Euskarazko ikus-entzunezkoen markoaren barnean aurkitzen diren eragileekin lanean jarraituko du, bertan aurkitzen diren profesional, amateur edota zaleen errealitateak hobeto ezagutzeko eta interesa izan ahal duten pertsonak erakartzeko. Aurtengo edizioa inoiz baino herrikoiagoa izango da. Lekeition zinea gara, eta lekittarrak dira horren arduradunak. Haiek dira zine aretoa betetzen dutenak, euskarazko filma kontsumitzen dituztenak eta, noski, Euskal Zine Bilera bizirik mantentzen dutenak. Hori eskertzeko asmoz, 45. edizioko karteletan herritarrak izango dira protagonista, haiek agertuko baitira kartel nagusietan. Euskal Zinemaren Herriarekin lotu nahi gara berriz eta zinemara joateko ohiturari balorea eman. Eta, horretarako, indar guztiak harremanetan inbertituko ditugu aurten eta “bilera” izaera bereziki sendotuko dugu.
.
Euskal Zine Bilera ezaguna bada, bere baitan hartzen duen lehiaketagatik da. Euskaraz ekoitzitako askotariko lanen erakusleihoa da, teknika, tratamendu, genero, sorkuntza prozesu eta gai desberdinak biltzen dituen neurrian. Hori horrela, zuzendaritza, gidoi eta film onenaren sariak ezberdinduko dira. Eta gainera, ikusleak ere protagonista izango dira, lan bakoitzari haiek emandako puntuaketen bidez erabakiko baitute ikuslearen sari bereziaren irabazlea.
Sari horiek ondorengo hauek izango dira:
· Film onenaren saria – 3.000 €
· Zuzendaritza onenaren saria – 1.600 €
· Gidoi onenaren saria – 1.600 €
· EITB Ikuslearen saria – 750 €
· Gazte 22 saria (2000. urtetik aurrera jaiotakoentzat) – 750 €
Lehiaketaren barnean 20 film labur izan dira aukeratuak. Gogora dezagun aurkezten diren lanek aurre aukeraketa bat igarotzen dutela eta horietatik soilik 20 heltzen dira Sail Ofizialeko Lehiaketara.
Pelikula hauek ikusiko dira Sail Ofizialean:
Urriak 20 – 19:00
Benitoren Bizitza Maitasunaren Indarrez / Josi Sierra
Gauero / Iñigo Alkorta
Trumoiak / Iker Maguregi
Haraindiko / Alaia Sedano
Lanbroa / Paula Iglesias
Nola ikasi euskara / Juan Esteban Montoya
Urriak 21 – 19:00
Deserri / Imanol G. Gurrutxaga
Erlojupekoa / Leire Egaña
Erro bi / Nagore Muriel
Ezohikoak / Alejandra Bueno
Martxoaren 28a / Julen Etxebarria Moral eta Malen Nicholson
Noiz utziko dio euria egiteari / Guillermo Ordás
Polita / Eneko Muruzabal
Arnasa / Raúl Barreras
Urriak 22 – 12:00
Etxean / Mikel Rueda
Irrits / Maider Oleaga
Lanbroa / Aitzol Saratxaga
Muga / Eñaut Castagnet
Vatios / David Perez
Berak baleki / Aitor Gametxo
.
Euskal Zine Bilerak urtero jartzen du bere begirada, euskal ikus entzunezkoen alorrean ekarpen berezia egin duen eragile edo pertsona batengan. Aurtengo begirada berezia Ramon Agirre aktoreari jarriko diogu, eta bere legatua aitortu, ospatu eta omentzeko tartea eskainiko diogu. Azken lau hamarkadetako euskal ikus-entzulegoa euskaraz entretenitu, elikatu, hezi, sentiarazi eta pentsarazi baitu Ramon Agirrek.
.
(H)EMEN GAUDE: EMAKUME ZINEGILEEN TOPAKETA PROFESIONALAK
(H)emen, ikus-entzunezkoen eta arte eszenikoen sektoreko emakumeez osatutako elkartea da. 2016an sortu zen bi sektore horietako emakume profesionalen ikusgarritasuna bultzatzeko asmoz, lan harremanak sustatzeko eta sexuen arteko desberdintasuna murrizteko.
2016an sortu zenetik elkarlanean aritu gara EZB eta (H)emen. EZBren barnean (H)emen Gaude espazioak lehio bat zabaltzen dio euskal ikus-entzunezkoen sektoreari momentuan dauden problematika edo hausnarketak plazaratzeko. Aurten, Arantza Santesteban zinegilearen lana ezagutuko dugu 918 Gau filmearen bidez eta Kristina Zorita kazetari eta zinegileak egingo dion elkarrizketaren bitartez.
.
Euskaltzaleen Topaguneak eta Euskal Zine Bilerak antolatzen duten euskarazko ikus-entzunezko rally hau urriaren 21tik 23ra ospatu da.
Euskaltzaleen Topagunearekin elkarlanean egiten den ekimena da. Zinegile gazteek 40 ordutan filme bat sortu eta aurkeztu behar dute. Aurten, gidoigintzari buruzko formakuntza jasoko dute gainera, eta Paul Urkijo zuzendaria izango dute mentore.
.
Atzo 8 espazioaren baitan, euskal zinemaren ondarea batu eta dibulgatzea da helburua. Aurtengo egitarauaren barruan, super 8 tailer bat garatuko da Zine-Lab proiektuko kideekin batera. Parte-hartzaileek Super 8 formatuan filme bat sortzeko oinarrizko prozesuak eta materialak ezagutuko dituzte. Gero, lantegi praktiko honetan pelikula bat filmatuko dugu, errebelatu egingo dugu eta Super 8-an proiektatuko dugu azkenik. Lantegian parte hartzeko izen-ematea irekita dago jada zinebilera.eus orrialdean.
Lekeition zinea gara