Espainiartasun zerga
Espainiartasun zerga –
Nafarroak Espainiari urtean ordaindu behar dion kupoaren zenbatekoa 645 milioi eurotik gora igo dute datorren 2023rako. Eta nolatan Hegoaldeko nafarrok 645.000 baino gutxi gehiago garen, nafar bakoitzak 1.000 euro ordaintzen dizkiogu estatuari espainiarrak izateagatik; ume jaio berrietatik hasi eta ehun eta gehiago urte bete izanagatik periodikoetan noizbehinka agertzen diren xaharrak barne… Horra espainiartasun zerga!
Nafarroako 5.000 milioi luzeko aurrekontuetan bigarren gastu kopuru handiena estatuari ordaintzen zaion kupoa edo aportazioa edo donatiboa da. Osasungintzako gastuen ondoren eta ikaskuntza gastuen aurretik, alajaina!
Arazoa ez da bakarrik kopurua lau urtetan 400 milioitik 645 milioira igo dutela, baizik eta igoera eztabaidatzeko tresneria juridikoa galdu egin duela Nafarroak, PSNk eta Navarra Sumak Nafarroako Parlamentuan horrela bozkatuta, bere garaian beste artikulu batean salatu bezala. Baina orain, nafarrok dirutza hori Estatuari ordaindu beharra daukagu, Estatuak transferitu gabe dauzkan gastuetako partaidetzan; hau da, gero eta handiagoak diren gastu militarrak, monarkia, atzerriko harremanak eta abar. Osasungintza, ikaskuntza, ongizatea eta abar Nafarroak bere bizkar dituelarik.
Nafarroako foru terminologian ohikoa izan da Madrili eman beharreko diru kopuruari edo kupoari aportazioa edo donatiboa deitzea, baina azken urte hauetan hainbeste igo denez gero —bost urtetan 400 milioi baino gutxiagotik 645 milioi baino gehiagora— izena aldatu beharko litzaioke eta, agian, artikulu honen izenburuaz deitu: Espainiartasun zerga; hau da, espainiarrak izateagatik ordaindu beharreko zerga, alegia.
Iruzkin berezia merezi du Gizarte Segurantzako gastu eta eskumenak, zeren eta horren kudeaketa esku-aldatzeko oztopo eta zailtasun ikaragarriak jartzen baitituzte ez bakarrik eskuineko indar politikoek, baizik baita ere alderdi sozialistak eta UGT edo CCOO sindikatuek. Erabiltzen duten argudioa -elkartasuna edo solidaritatea- ez da egia. Aitzitik, gertatzen dena da Estatuak gastatuta dauzkala -xahututa neurri handi batean- gastu horiek ordaintzeko izandako diru-sarrerak, hain zuzen ere laneko kotizazioak. Estatuek -ez Espainiak bakarrik- oraingo kotizazioekin ordaintzen dituzte iraganean kotizatutako eskubideak, eta horregatik, askotan aurrekontuen funts orokorretik berdindu behar izaten dute atal hori.
Bai; jakina da Estatuaren 2023ko Aurrekontuetan 104 milioi euroko inbertsioa aurreikusten dela Nafarroarako (?)… Baina gastu horren gehien gehiena —lautatik hiru baino gehiago— AHT abiadura handiko trena eta Esako urtegiaren handitzeko obretarako dira. Biak ala biak eraikuntza zentzu gabeak ez ezik, arriskugarriak. AHTak ez du merkantzia garraiorako balioko, hori delarik, ordea, Nafarroaren garraio premia larriena, batez ere, industriari dagokionez; Esako urtegia handitzeak, berriz, arrisku handiak izateaz gainera, ez du justifikabide ekonomikorik; ikusi bestela, nafar nekazari eta abeltzainen gutxitzea eta zahartzea…
1841. urtetik 1982raino indarrean egon zen Lege Paktzionatua izengoitiko legeak ezartzen zuenez 25. artikuluan, Nafarroak Estatuari urteko 1.500 erreal (errealak pezetaren 25 xentimo balio zituen) ordaindu behar zizkion; hau da, 375 pezeta. Izengoititzat Lege Paktzionatua duen lege hori arte, Nafarroak bere txanpona, erregeordea, Gorteak eta erreinu itxura zeuzkan oraindik, eta ez zeukan Estatuari deus ordaindu beharrik…
Espainiartasun zerga horren igoera horren azkar hau, gainera, estatuaren, autonomiaren eta udalerrien zorduntzeari gehitzen zaio. Eta azken urteetan interesen maila baxu baino baxuagoak jasangarria egin badute ere zorpetzea, etorkizun hurbilean bestelako finantza zama baten arriskua ere aurreikusi egin behar da. Are gehiago, gure diru-iturri zaizkigun industria ospetsuenetako batzuk -adibidez, Volkswagenen Iruñeko faktoria- kinka larrian aurkitu daitezkeen garai hauetan.
Gaur egun, Euskal Herriko hiru esparru politiko eta demografikoetan jaiotze tasa kezkagarri urritzen ari den honetan, askotan egin izan den txantxa mikatzari, beste eranskin bat gehitu beharko litzaioke; zera alegia, espainiartasun zerga. Nafar jaio berri bakoitzari Estatuaren bilioi eta erdiko zorretik dagokionaz gainera, eta autonomiaren 3.000 milioiko foru zorretik, udalaren zorretatik eta familiaren zor ugarietatik legokiokeenaz gainera, espainiartasun zerga datorkio gainera, ezeren jabetza izaten hasi baino lehen.