Infokraziaren mende?
Infokraziaren mende? –
Larunbat arratsaldea Gasteizen. Alde Zaharreko taberna handi batean zaude. Jendez lepo. Urduri, zure txandaren zain. Eskatzeko ilara luze samarra da. Zure aurrean dagoen berrogei urte inguruko bikotea pasioz musukatzen hasi da. Ezpain irmoak. Begi ertz hezeak. Berotasun sutsua. Gorputz korapilatuak. Protagonistek hamabost edo hogei segundoz luzatu dute eszena, begiradetatik at, beren sua gurekin partekatzeko batere erreparorik gabe… harik eta zerbitzariak errealitatera ekarri dituen arte: «Eta zuek, zer nahi duzue?».
Desira eta premia, modu berean transmititzen zituen egoera zen. Ba al dago biharamunik? Antsietatea gero eta hedatuago dago gaurko gizartean. Aurreko artikuluan esan genuen bezala, gero eta herritar gehiagok esperimentatzen du albisteen ikaratik alde egiteko beharra. Arrats horretan bertan albistegiek marraztutako panorama bereziki beltza zen: Europako gerra gori-gori, mehatxu nuklearra ate joka, hipotekak goraka, ultraeskuinaren itzalak hegaka… «Beraz, bota dezagun zerri askara agortzear den mundu arraro eta zakar hau. Orain, maitea, lehen baino lehen aska gaitezen». Aurreikusitako gidoia zirudien: Hertzainak. Aitormena. Gasteiz. Non, bestela?
Hil artean diberti gaitezen, bada. Carpe diem topiko literarioaren bertsio gaurkotua. Bizi dugun nihilismo berriaren adierazle. Egiarekiko, albisteekiko fedea galtzen dugun unea da gurea. Byung-Chul Han filosofoaren iritziz, «nihilismo berri hau XXI. mendeko fenomenoa da, informazio-gizartearen distortsio patologikoaren emaitza». Gehiago ere esaten du: «Fake news-en garai honetan, desinformazioa, konspirazio-teoriak nagusi diren honetan, errealitatea eta egitate faktikoak lurrundu egin dira. Informazioa, orain, errealitatetik guztiz urrunduta dabil, eremu hiper-erreal batean».
Fake news aipatzen hasita, hona beste pasadizo bat, bizi dugun egoera arraro honen adierazgarri. Hau ere Gasteizen gertatua, duela aste batzuk, idortearen faserik gordinenean, gure auzoko ogi-dendan. Oso leku ezagun eta erreferentziala da. Duela bospasei hamarkada ireki zen, eta denetik saltzen da bertan: mota desberdineko ogiak, kazetak (BERRIA barne), Zamorako txilarrezko eztia, saltxitxoia, urdai-azpikoa, pastelak, loteria, prentsa arrosa… Goizean goiz irekitzen du. Bezeria langilea du. Astegun buruzuria zen, eguerdia. Denda hain da txikia, ezen bezeroek banan-banan sartu behar dute barrura. Horrek ahalbidetzen du saltzailearen —jubilatzeko adinean dagoen eskarmentuko emakumea— eta eroslearen arteko konplizitatea. Ni sartu baino lehen atera zen gizona 70 urte ingurukoa zen. Saltzailea (auzoko soziologorik onena), intzirika harrapatu nuen, bekainak gorantz igota, harridura aurpegiarekin. «Zer pasatzen da, bada?», galdetu nion. «Hara non, atera den horrek dio bizi dugun lehortea Sanchezen errua dela, zuk uste duzu? PPko jendez inguratuta gaude, Txema!». Txundituta geratu nintzen.
Etxera etorrita, sarea arakatzen hasi nintzen, eta hara non topatu nuen tipo honetako albiste ugari: «Juanma Morenok Pedro Sanchezi leporatu dio Andaluziak bizi duen ur eskasiaren errua». Orduan ulertu nuen gizona nola ailegatu zen ondorio horretara. Kontsumitzen duguna gara, garbi dago.
.
Informazioaren sarbideak
Byung-Chul Han-en azken liburuan agertzen den hipotesia (Infocracia. La digitalización y la crisis de la democracia, 2022) harago doa. Bere ustez, gaur egun demokrazia degeneratzen ari da, eta horren emaitza infokrazia litzateke. Han-en aburuz, informazioaren gizartean baino gehiago informazioaren erregimenean bizi gara. Eta hori da infokrazia: menpeko egoera bat non informazioa eta bere prozesamendua gai diren —algoritmoen eta adimen artifizialaren bidez— gizartean izaten diren prozesu politiko, sozial eta ekonomikoak mugatzeko. Hipotesi horri jarraikiz, egun boterea lortzeko ekoizpen-bideen jabetza izatea ez da giltzarri. Informazioaren sarbideak edukitzea bai, ordea. Testuinguru horretan azaltzen dira Trump, Bolsonaro eta enparauek erabili dituzten tresnak iritzi publikoa bideratzeko. Ultraeskuina edozer esateko gai da, gezurra dela jakin arren.
Ez dira, baina, ohiko gezurtiak, haiei bost axola baitzaie zer den egia, eta zer gezurra. Baliabide tekniko eta ekonomiko izugarriak dituzte asmatutako errealitate paraleloak —gezur biribilak— egia direla sinetsarazteko. Psikometria dute beren alde; hau da, datuetan (big data) oinarritutako prozedura, herritarren nortasuna eta aldartea jakiteko eta bideratzeko. Cambridge Analytica harro zegoen AEBetako milioika biztanleren profil psikometrikoen jabe zelako. Sentimenduak, zirrarak —ez arrazoibideak— dira orain komunikazio politikoaren ardatz, arerioei botatzen zaizkien jaurtigaiak (komunismoa edo askatasuna).
Han-en diagnostikoa gordina da oso: «Hauteskunde kanpainak informazio-gerrak bailiren planteatzen dira. Arrazoibide onenak ez dira garaile irteten, algoritmo inteligenteenak baizik. Diskurtsoaren amaiera da». Liburuaren amaiera erabat apokaliptikoa da: «Ordena digitalak informazioaren iheskortasunari eman dio bide. Bistan da egiaren garaia amaitu dela. Informazioaren erregimenak egiaren erregimenari gaina hartu dio. Egia hauts informatiboaren baitan desegiten ari da, haize erauntsi digitalak bultzatuta. Egia episodio labur bat baino ez da izango».
Liburua amaitzean, txiki-txiki eginda geratu nintzen. Ikaratuta. Egoera totalitario global baten atarian gaude? Hain larria al da egoera? Inozoak ginateke Han-ek mahai gainean jarritako kezkak eta ebidentziak alde batera utziko bagenitu. Hala ere, zenbait ñabardura egin behar direla uste dut. Lehena: diagnostikoa ezin da mundu osorako berbera izan, AEBetan, Italian, Txinan edo Euskal Herrian (esaterako) ditugun egitura eta sistema informatiboak oso desberdinak baitira. Bigarrena: erresistentzia digitalerako eta gogoeta kritikorako tarteak ere gero eta gehiago dira, logika anker hori desafiatzen duten eremuak. Baina mehatxuaren gordinak ikara sortzen du, baita erreakzionatzeko beharra ere.
Susta ditzagun komunitatea ardatz eta gogoeta kritikoa iparrorratz dituzten eremu komunikatibo horizontal eta parte-hartzaileak. Era horretan soilik gai izango gara infokrazia horrek marraztu digun belztasunari aurre egiteko.
berriarentzat egindako kolaborazioa
Infokraziaren mende? Infokraziaren mende?