Jendetsuak, alaiak, garbiak. Euskaldunak?

Jendetsuak, alaiak, garbiak. Euskaldunak? –

Enbata Hilabetekariko Sar Hitza

Baionako bestak iragan dira. Jendetsuak, alaiak, garbiak, antolatzaile eta arduradunen ikuspuntutik bederen. Bakoitzak nahi duena pentsa dezake baina Baionako bestek ez dute nehor axolagabe uzten. Maite ditugu asko edo gaitzesten. Ez da ere Baionako bestak egiteko manera bakar bat, badira asko.

Jendetsuak, alaiak, garbiak. Euskaldunak?Jendetsuak, alaiak, garbiak. Euskaldunak?

Iparraldeko pestazale guziek badakite erraten zer nolako bestak maite dituzten. Batzuentzat asteazkeneko lasterkaldian hasten dira, beste batzuentzat egunez egiten dira, Baiona ttipian edo berdin Baiona handian, batean edo bestean. Bestak kantuz eta dantzan bizi izateko aukera izan daiteke, lagunen edo lankideen artean bazkari baten antolatzeko parada. Eta iduri luke aurtengo besten kari parte hartzaile guziek nahikari hau bazutela: bestetako plazerari berriz lotzea.

Orokorki bestak ezagutzen dituzten guziek estimatuko zuten aurtengo giroa: jendetsua, alaia, garbia. Onartu behar da egunez egiten direlarik, giro berezia senti daitekeela, ostatuetan, elkarteetan, karriketan, euskal nortasuna agerian da. Atorretan pegatinak, murruetan afixak, noiztenka euskal kantu bat eskuin edo ezker, eta musika taldeak, txarangak, gaiteroak, bandak, goiti eta behera karrika gehienetan.

Erran daiteke Baionan, tenore batean, arratsalde apalean, milaka eta milaka lagun hurbiltzen direnean, giroa aldatzen dela. Karrikak betetzen dira, musikaren soinua emendatzen eta musika bera aldatzen. Baionako bestak alimaleko “rave party“-a bilakatzen dira orduan, musika elektronikoek dute lehentasuna lortzen. Bum! Bum! Bum! Bum! Bum! Bum!…

Pentsa dezakegu besta berdina bizi daitekeela edozein lekutan, Parisen, Londresen, edozein lekutan… Gauza batek desberdintzen gaitu haatik, xuriz bezti izateak… Ikusiz jende gehienak, kanpotar gehienak, gauez direla hurbiltzen, zein irudi, zer sentipenekin sartzen dira etxera? Zer berezitasun bizi izan dute Baionan izanez? Noiz, non, nola nortasun berezi baten seinalea neurtzen ahalko lukete? Zergatik giro aldaketa hori? Zergatik uniformitate hori? Zer nolako bestak eskaini behar ditugu? Zer irudi zabaldu nahi dugu? Frantzia guzitik heldu diren pertsonek nahi dituzten bestak antolatu behar ote ditugu? Ala gure ohituran egonez, gure nortasunetik hurbil diren bestak mantendu?

Gustu guzientzat izan behar dira, bakoitzak aurkitu behar du nahi duena, estilo guziak, kultura guziak. “Beti gehiago, beti gehiago” konzeptua bazter utzi behar dugu.

Zer ekartzen digu jakiteak Baionako bestak frantziako lehenak edo Europako hirugarrenak direla jendetzaren aldetik? Zergatik ez gogoetatu zer bilaka daitezkeen Euskal Herriko bestarik ederrenetako horiek, denei irekiak izanez, denentzat antolatuak?

Ildo horri jarraikiz Baionako besten arazo guziek hobekuntza bat lor lezakete, bereziki segurtasun mailan, diruztatze mailan…

Eztabaida hau ez da gaurkoa, internet sarean zenbait iritzi irakurri dira ere. Berdin egiazko gogoeta baten irekitzeko garaia da.

Jendetsuak, alaiak, garbiak. Euskaldunak?

Jendetsuak alaiak garbiak Euskaldunak  Jendetsuak alaiak garbiak Euskaldunak

Abertzaleen Batasuneko eta Baterako kidea. Ezpeletako hautetsia.