Gorbatxov Euskal Herrira etorri zeneko esklusiba
Gorbatxov Euskal Herrira etorri zeneko esklusiba –
Luistxo Fernandezek Sustatu atarian.
Bart hil da Moskun Mikhail Gorbatxov [herenegun], Sobietar Batasuneko azken buruzagia; hura erreformatzen saiatu zena, azkenean erregimen sobietarraren erorketa eta estatu mordo baten sorrera eragin zuena. 1991ean, bere aginteko azken asteetan, bere biografiako anekdota batez oroitu naiz: Euskal Herrira etorri zenekoa eta Euskaldunon Egunkariak esklusiba atera zuenekoa.
1985etik izan zen Gorbatxov Sobietar Batasuneko buruzagi nagusia. Bere agintepean bi hitz eta kontzeptu ezagunak egin ziren, Glasnost edo gardentasuna, askatasun zibilen aldeko erreforma politiko bat; eta Perestroika edo eraldaketa, erreforma ekonomiko bat erdietsi nahi zuena. Motibo desberdinengatik, gauzak ez ziren espero bezala garatu Gorbatxoventzat: hark estatu sobietarraren eraldaketa indartsu bat nahiko zuen, bere etorkizuna ziurtatzeko; baina alderantziz gertatu zen, Sobietar Batasuna geografikoki desegitera gerturatu zen (Baltikoko errepubliken independentzia prozesuekin hasita), eta ekonomikoki era basati bat hasi zen, non oligarkek estatuko aberastasunen harrapaketa hasi zuten, eta liberalizazioak gehienei ezinegona eta zailtasunak sortu zizkien.
1991ean, krisi politikoa agerikoa zen, eta kolpe “komunista-moduko” bat egon zen, erregimen sobietar zentralizatu gogor baten aldeko elementu batzuk saiatu ziren estatu kolpea egiten abuztuan. Gorbatxov Krimean isolatu zuten, eta kontrolpean eduki zuten, baina Moskuko zentroan ez zituzten egitura gehienak kontrolatu, eta Errusiako Errepublikako Boris Jeltsinek aprobetxatu zuen egoera kolpea geldiarazi eta bera lehen planoan jartzeko.
1991eko abuztu amaieratik abendura, Gorbatxov presidente sobietarra izan zen oraindik, baina Jeltsinek hartu zuen eraldaketaren gidaritza, eta Sobietar Batasunaren desegitea gidatu eta adostu zuen errepubliketako beste presidenteekin batera.
Gorbatxoven azken hilabete horietan ez zuen aukerarik izan asko egiteko. Atzerrira lehen bidaia urrian egin zuen, eta Moskutik irtenda, lehen eskala Euskal Herrian egin zuen, Biarritzeko aireportuan. Bidaia ia sekretua izan zen, baina Frantziako presidentziak jakin zuen, eta François Mitterrand presidenteak egin zion harrera Biarritzen. Euskaldunon Egunkariko Baionako erredakzioak ere jakin zuen nolabait hura bazetorrela, eta Mixel Esteban kazetariak argazkiak ere egin zituen aireportuan.
Mitterrand eta Gorbatxov keinu bikain batekin erretratatu zituen Estebanek. Dagoeneko historia direla, baina ez askoz gehiago, dakiten bi gizonen keinua.
Biharamunean albistea eta irudia Euskaldunon Egunkariko azalean zegoen, esklusiban. Hemen dago Egunkariaren hemerotekan, Berriak sarean gorde duen altxor horretan:
Anekdota baten gomuta dut egun horretaz. Pello Zubiria zen Egunkariako zuzendaria, eta elkarrizketa izan zuen egun horretan erdaraz irratiren batean. Gaia ez zen Gorbatxov, hitzartua zegoen aurretik, eta gai orokorrak izango ziren tratatzekoa: nola zebilen berripapera, euskal prentsa…
Eta elkarrizketatzaileak galdera egin zion Zubiriari ea inoiz Egunkariak esklusibarik argitaratu ote zuen… Zubiriaren erantzuna nire hitzetan jarriko dizuet, berba apokrifoak beraz, baina halako zeozer izan zela uste dut: “Aizu txikito, gaur bertan, zu ez zinen enteratuko baina Gorbatxov Euskal Herrian izan da eta Egunkariak atera du hori”.
Gorbatxov Euskal Herrira etorri zeneko esklusiba