Gerraren aurka bakezaletasuna
Gerraren aurka bakezaletasuna –
Joan den martxoaren erdi aldean idatzi nuen Bakezaletasuna Gerra Garaian izenburuko artikulua. Bertan bost ideia nagusi azaltzen saiatu nintzen labur-laburrean: 1) Elkartasuna lehenik indarkeria pairatzen ari direnek merezi dutela. 2) Errusia eta Putin ez direla gerraren bidez menperatuko. 3) NATO erakundeak ez duela bakea ekarriko, inperialismoak gudarako sortutako tresna den heinean. 4) Europak giza eskubideen eta bakezaletasunaren mezua lehenetsi beharko lukeela. 5) Gurea ere baden gerrate ikaragarri hau arrisku nuklearra alde batera utzita garatzen ari dela.
Esaten nuen ere bakearen itxaropenik handiena agian Errusiako bertako bakezaleetan eta han bertan bakearen alde saiatzen eta sufritzen ari diren guztietan jarri beharko zela. Horrexegatik salagarria da hainbeste tokitatik errusiar guztien aurka egiten diren gaitzespen eta salaketak. Are gehiago; Ipar Amerikak Vietnamgo gerra ez zuen Vietnamen galdu, baizik Amerikan bertan; eta horrek gogorarazi beharko liguke oraingo gerra honetan ere, eta zenbat eta gehiago luzatzen denaren arabera Errusiako bertako bakezaleen eragina orduan eta garrantzitsuagoa izanen da.
Baina mendebaldean gertatzen den kezkagarriena zera da, ez Ipar Amerikak ezta Europak edo beren lagunek ere ez dutela negoziaketarako eta elkarrizketarako urratsik ttipiena ere ematen. Soilik erantzun militarra eta soilik Ukrainari emandako laguntza militarra dira behin eta berriro entzuten direnak. Horrekin batera, NATO handitu eta gehiago hedatu eta indartzeko ahaleginak egin bidenabar.
Frantzisko Aita Santua izan da goi mailako agintarien artean gerra eten eta negoziaketaren aldeko aldarrikapena egin duen bakarra. Bitartean, ordea, egoera hau alde guztietatik baliatuz, Turkiako agintariek Kurdistanen eta kurduen aurka baliatzeko moduak bilatu nahi dituzte, NATO ez dela giza eskubideen mailan batere fidagarria argi eta garbi azalduz.
Zergatik ez da Europa elkarrizketarako eta negoziaketarako inolako proposamenik egiteko gai? Zergatik ez du Europak txalotzen eta bat egiten Frantzisko Aita Santuak esandakoarekin? Zalantzarik gabe, autodeterminazio eskubide demokratikoari beldurra diolako. Beldur antidemokratiko honen adibiderik nardagarrienak eta irrigarrienak, Espainiak berak eskaintzen ditu. Lehenik eta behin, Europako Batasunako atzerriko politiken arduraduna den Josep Borrell ultramontanoak eskubide horren aurka jokatzea duelako xede eta helburu nagusitzat. Bigarrenik, Espainiako Estatua eta horretan PP eta PSOE bat etortzen dira- irrigarri gelditzen ari delako Kosovo bezalako estatu europarra aintzat ez hartuta bere independentziarako bidea aldebakartasunez egin zuelako. Espainiak futbol kanporaketak jokatu izan ditu Kosovorekin, baina betoa ipintzen dio Europako partaide izateko. Eta bitartean Vladimir Zelenskyk Ukrainako alderdi sozialista legez kanpo utzi zuen Sanchezen bisitaren aurretik.
Esan eta errepikatu beharra dago, seguraski Errusiak ez duela gerra galduko ez militarki ezta ekonomikoki ere mendebaldeko armen eta ahaleginen kontra, baina bitartean gizentzen, loditzen ari dira arma egileak eta saltzaileak.
Gerraren kontra soilik eta bakarrik bakezaletasunak balio du. Soilik eta bakarrik gerraren kontrako mugimenduak, abestiak eta eskariak nagusitzen direnean irabaziko da Errusiaren eta Ukrainaren arteko gerra.
Baina ezin da ahaztu gerra honen aurretik beste gerra batzuk ere izan direla eta ez hain aspaldi, eta gerra horien atzean inperialismo mota guztien esku hartzeak egon direla. Ezin zaio autodeterminazioari ataka demokratikorik jarri, eta Ukraina independentea izatea nahi duten herritarrek ainako errespetua merezi dute Errusia zaleek ere, palestinar bakoitzak judio bakoitzaren duintasun maila berekoa dela esatea behin eta berriro errepikatu beharreko adibidea den bezalaxe.
Errusia eta Ukrainaren arteko gerra Europako gerra da.; Europako gerra bat gehiago; geurea euskaldunona ere bai. Eta gerra horretan eta gerra horri buruz egiten ari garen edo gure izenean egiten ari diren hainbeste eta hainbeste gauzek ez dute gerra bukatzeko balio. Soilik, eta bakarrik, bakezaletasunak balio du.
Gerra eten eta elkarrizketa eta negoziaketa ireki. Giza eskubideak oinarri, pertsona guztien berdintasuna orube eta autodeterminazioari beldurrik ez. Azken finean, etorkizuneko Europak armagabetua izan beharko du edo ez da izango eta oraingo garai hauetan armaz hornitzen hasi diren Alemania eta beste estatu batzuek egiten ari direnak benetako beldurra ematen du.
Fariseismo ikaragarri baten azpian bizi gara. Arma nuklearrak alde batera utzita eta zentzu eta oreka gutxi duten pertsonen eskuetan jarrita, gizateria fariseismo izugarri baten azpian bizi da. Gerra oso eta orokor baten aurrean gaurko gudarosteek ez dute ezertarako balio, aspalditik jakina, eta idatzia den bezala, baina halere inor gutxik, oso gutxik, egiten dio bakezaletasunari jaramon.
Ipar Koreak “prebentziozko eraso nuklearrak” baimentzen dituen legea onetsi omen du; Ipar Korea da egungo Europan garatzen ari den gerran Errusiarekin bat egin dutenetako bat. Ez dirudi Errusiak eraso nuklearrik egitekotan denik, darabilen diskurtsoaren arabera “behartuta sentitzen ez bada”, gerra honi hasiera emateko esan zuen bezala.
Behartuta sentitu omen zen, beste aterabiderik (nondik atera?) gabe.
Bestalde, hau (hori, hura) ez da Errusiaren eta Ukrainaren arteko gerra; hau Errusiaren baina eta Ukrainaren aurkako gerra da, Errusiak ekin baitzion erasoari.
Bakezaleak lasai zeuden ordura arte. Inork ez zion Errusiari esaten ez zuela Ukraina inbaditzen hasi behar, ezta Euskalerriko bakezaleenenek ere, orain Ukrainako akatsak nabarmentzen dituztenak.
Errusiak gerra militarki galduko du; Ukraina bere buruaren defentsan ari da, zilegiki. Ukrainak ez dio gerra berez irabaziko Errusiari, baina beste estatu askok, NATOkoak barne, aukera paregabea dute Errusia kaltetzeko, eta probesten ari dira noski. Errusiak ez bide zuen gerra egin nahi, eta “operazio militar berezi” izendatu zuen, eufemistikoki. Baina bere planak aurrera atera izan balira, ez zen hortik pasako. Bakea nahi zuen Ukrainan, bere bakea, eta Ukraina desagerrarazita.
Horren aurrean, negoziazioa eta diplomazia; joan zen Macron Putinengana, eta laster atera, alferrik. Joan zen Erdogan Putinengana, eta laster atera, janari kontua, besterik ez, argitua. Europak, Aita Santuak, negoziatzera dei dezakete, baina haiekin ez du inork negoziatuko; Errusiarrak dira indar nuklearra aipatzen hasi zirenak, Lavrov eta bere lagunak, bonbak Londresera bost minutuko epean edo gutxiagoan iritsiko liratekeela eta.
Bertsolariak aspaldi esan bezala, “gerra nai duben guztiya, berari kendu biziya” baina baita ere “bala bat sartu buruan, aspertuko da orduan”. Eta gero bakea. Negoziaezina.