[Simone Weil] Erroztamedua XXXVIII
[Simone Weil] Erroztamedua XXXVIII –
Erroztamendua (XXXVIII bidalketa)
Timee testuan, Platonek dio Jainkoaren Probidentziak halabeharra dominatzen duela konbentzitze-lan zuhur baten medioz. Kristo aurreko III. mendeko poema estoiko batek, zeinaren inspirazioa askoz zaharragoa zela frogatua baita, Jainkoari dio:
Lurraren itzulian bira egiten duen mundu guzi honek.
Zuri obeditzen du nora ere eremaiten duzun, eta Zure mendetasuna onartzen du.
Horrela da Zure esku garaitezinean atxikitzen duzun zerbitzariaren bertutea.
Ahobikoa, sutan, betirako bizirik, tximista.
Tximista, suzko marra bertikala, zerutik lurrera jauzi egiten duena, da Jainkoaren bere kreaziorekiko amodio trukaketa, eta horregatik «Tximista botatzailea» da Zeusen epiteto erabiliena. Hortik dator «Amor fati»ren kontzepzio estoikoa, munduaren ordenaren amodioa, bertute guzien erdigunean jartzen zutena. Munduaren ordena maitatu behar da zeren jainkoari buruzko obedientzia hutsa baita. Unibertso horrek edozer emaiten edo inposatzen digun ere, obedientziaz egiten du. Aspalditik absente zen eta antsiarekin goaitatzen ginuen adiskide batek eskua tinkatzen digularik, ez du axolarik tinkatzea berez agradagarria ala peningarria bada; sobera finki tinkatzen badu eta min egiten badigu, ez dugu nabaritzen ere. Mintzatzen denean, ez dugu gure buruari galdatzen ea bere bozaren soinua berez agradagarria den. Eskuaren presioa, boza, dena da guretako presentzia baten seinalea bakarrik, eta horregatik biziki preziatzen dugu. Halaber, gure bizitzaren joanean zehar, gertatzen zaigun guziak, unibertso horren Jainkoari buruzko obedientzia osoak eragindua izanez gero, kontaktuan jartzen gaitu ongi absolutuarekin, alegia Jainkoaren nahiarekin. Horregatik, dena salbuespenik gabe, pozak eta oinazeak, jaso behar dira amodiozko eta eskerronezko barruko jarrera berarekin.
Egiazko ongia ezagutzen ez duten gizonek zentzu batean Jainkoari desobeditzen diote zeren eta ez baitiote obeditzen kreatura pentsalari bati egokitzen zaion pentsamenduaren onespenaz. Baina gizon horien gorputzak eta arimak materia fisikoa eta psisikoa soberanoki agintzen duten mekanismoen legeen menpe dira erabat. Eta haiengan materia fisikoak eta psisikoak perfektuki obeditzen dute. Materia direnez bezainbatean, gizon horiek perfektuki obedienteak dira, eta ez dira hori baino beste ezer, ez baldinbadute edukitzen ezta irrikatzen ere xoilik gizona materia baino gorago altxatzen duen naturaz gaindiko argia. Horregatik gizon horiek egiten diguten gaizkia pairatu behar dugu bizigabeko materiak egiten digun gaizkia bezala. Giza-pentsamen galduari eta ezontsari eman behar zaion urrikiaz gain, gizon horiek maitatuak izan behar dira maitatu behar den bizigabeko materia bezala, munduaren orden perfektu ederraren zati direnez bezainbatean.
Begibistakoa da Erromatarrek estoizismoa adoptatzean desohoratu behar izan zutelarik, amodioa ordeztu zuten harrokeriaz osaturiko sorraiotasun batekin. Hortik dator aurreiritzia, gaur oraindik ere ohikoa, hau da eztoizizmoaren eta Kristautasunaren arteko kontrakotasuna, errealitatean bi pentsamendu biritxi zirelarik. Trinitatearen pertsonen izenak berak «Logos eta Pneuma» hiztegi estoikotik ateraiak dira. Teoria estoiko batzuen ezagutzak argi bizia botatzen du Testamentu Berriaren hainbat pasarte enigmatikoen gainean. Bazen trukaketa bat bi pentsaera horien artean, haien gogaidetasunari esker. Bataren eta bestearen erdigunean, umiltasuna, obedientzia eta maitasuna aurkitzen dira.
Baina hainbat testuk erakusten dute pentsaera estoikoa antzinako mundu osoarena ere izan zela, ekialde bururaino. Gizadi guzia bizi izan zen geunden unibertsoa obedientzia perfektua baizik ez zelako ideian liluratuta.
Greziarrak xoratu ziren zientzian ere unibertsoaraen obedientzia perfektuaren ideia horren berrespen liluragarria aurkitzen zutelako, eta horregatik zientziaren alderako beren suhartasunaren mobila izan zen.
[Simone Weil] Erroztamedua XXXVIII
“Horregatik gizon horiek egiten diguten gaizkia pairatu behar dugu bizigabeko materiak egiten digun gaizkia bezala.”
Hau zioelarik, SW erabat inplikatua zen Alemania eta Alemanen kontrako gerlan. Eta “Gizon horiek” Alemanak dira edo naziak behintzat. Azkenean hemen erraiten digu naziak borrokatu behar zituztela baina gorrotatu ez zeren “bizigabeko materiak” bezala kontsideratu behar baitzituzten.
Esplikatzeko ausatuko nintzateke alegoria hau egiten:
Etxe baten sahetsean ibiltzen bazara eta teila bat teilatutik erortzean min egiten badizu ez du zentzurik teila hori gorrotatzea. Ezda?