Langile odolustea

Langile odolustea –

Langile odolustea

Egun berean hiru langile hil zitzaizkigun aurrekoan Nafarroa Garaian. Batetik, Garesko behitegi batean bi hil ziren, itota, minda putzu bat garbitzen ari zirela oxigenorik gabe gelditu baitziren. Bertzetik, Ollokiko lantegi batean hiru metroko altueratik eroritako langilea hil zen, ZIUn hainbat egun eman eta gero. Astebete lehenago ere, bertze langile bat hil zen Garesen ere bai, zaharberritzen ari zen etxebizitzaren ondoko aldamiotik erorita.

Eta halaxe joaten zaigu zerrenda beltza osatzen, urtero Nafarroan 12-18 langile hilik uzten dizkiguna. Lan istripuetan hilak dira, lanean zenduak, egun batean lanera joan eta etxera bizirik itzultzen ez direnak.

Heriotz isilak dira langileenak, isilaraziak, eta batzuk horien salaketa ozena egiten saiatzen diren arren, haien oihuak xuxurla bilakatzen dira iritzi publikoaren plaza informazioz betean.

Hala ere, lanean gertatzen diren heriotzetako asko eragozten ahal direlako konbentzimendu osoan, zarata egiten saiatzen segitzea baino ez dugu, botere publikoek askoz ere baliabide gehiago jar ditzaten lan osasuneko ikuskaritzan, patronalari langileen heriotzak dohainik atera ez dakizkion.

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2022ko ekainaren 8koa]

Langile odolustea

Iruindarra Iruñean. Kazetaria @LABnafarroa sindikatuan. Irakaslea 'stand by' batean. Kolaboratzailea @fm983irratia n. Ekintzailea @ekonafarroa n.