Anize Amestoy: “Ene ametsa da hemengo jendeak egindako euskarazko bideo-joko batean lan egitea”

Anize Amestoy: “Ene ametsa da hemengo jendeak egindako euskarazko bideo-joko batean lan egitea” –

Felix Thommenek egindako elkarrizketa euskaratu du Kazeta.eus-ek. Bertatik jaso dugu.

Anize Amestoyk bideo-jokoentzat soinuak diseinatzen ditu Heletan. Ghost Recon, Watch Dogs edo Donkey Kong bezalako best-sellerretarako lan egin izan du. Bere ametsa euskarazko bideo-joko batean lan egitea da, bertako jendeekin.

Anize Amestoy: "Ene ametsa da hemengo jendeak egindako euskarazko bideo-joko batean lan egitea"
Anize Amestoy, Heletako bere estudioan. (Guillaume FAUVEAU)

Bere familiak Heletan duen etxean instalatu du estudioa Anize Amestoyk. Gela intsonorizatuan pasatzen du bere denboraren zatirik handiena 28 urteko gazteak. Bere aitzinean bi ordenagailu-pantaila ditu eta ondoan, beste hainbeste sintetizadore, hiru gitarra, baxu bat eta mota guzietako musika-tresnak.

«Soinuaren mundura musikaren bidez ailegatu nintzen. Gitarrarekin hainbat urte egin nituen. Pianoa probatu nuen eta baita alboka pixka bat ere», azaldu du Amestoyk Mediabasken. Bere aita kontalaria eta ama kultur ekimenen antolatzailea dira eta horrendako ez da arrotzak Anizek sorkuntzaren bideari ekin izana.

Biarritzen BTS Audioviseulen ikasi zuen soinu teknikari izateko lanbidea eta egun tokiko irrati eta telebistentzat egiten du lan, tartean Kanalduderentzat. «Bereziki soinua grabatzen, muntatzen eta nahasketak egiten aritzen nintzen, baina ez nintzen horretan sobera interesaturik. Gero soinu diseinatzailearen lanbidea ezagutu nuen, bereziki bideo-jokoentzat», argitu du gazte heletarrak.

.

Mundu berri bat

Soinu diseinatzailearen funtzioa joko baten giroa eta soinu efektuak irudikatzea da, bizi bat eman ahal izateko. «Soinua lantzen dugu. Frekuentziak kenduz materia kentzen ahal dugu, beste batzuk gehituz», zehaztu du Anize Amestoyk.

Frantziar Estatuan kasik baitezpadakoa da lanbide horrentzat Angulemako masterretik pasa behar izatea. Heletarra 2016an hasi zen eta «mundu berri bat» deskubritu ahal izan zuen. «Ez nuen bideo-jokoen kultura handiegirik. Ttipia nintzelarik, ez nuen jostatzeko baimen askorik. Nik neuk erosi nituen nire lehen kontsolak, baina beti aski gibelatua nintzen ateratzen ari zenarekin konparaturik», oroitu du irribarre batekin.

Urte bukaeran, frantziar Ubisoft sektoreko erraldoiak, masterretik ateratzen direnekin «arrantza» egin ohi du. Anize Amestoy diplomatu berriak editorea segitu zuen Pariseraino ikastaldi bat egiteko eta bi urterako izan zen kontratatua. «Maila honetan, zinez ekoizpen handiak dira. Bost eta hogei pertsonen arteko taldeak dira, soilik soinuari begira lanean eta gutariko bakoitzak badu bere misioa. Erraterako, militar simulazioa den Ghost Reconen, soilik armen soinuak egin nituen, katean», jarraitu du Amestoyk.

.

Proiektu independenteentzat lanean

Egun ez da Parisen eta ezta armen soinuak lantzen ere. Bordelen urtebetez izan eta bere kasara instalatu ondotik, Anize Amestoy Heletara itzuli zen 2021 urtean. Bere familiako etxean, erabat satisfos da proiektu ttipi eta independenteentzat lan egiteagatik, hastapenetik bukaeraraino egiten baititu lanak.

«Bertatik hartuko ditudan milaka soinu dituen soinu banku bat dut. Soinu naturalak grabatu edo soinu nahasketak nik neuk egiten ahal ditut ere. Bide-joko batean edozer gertatzen ahal da edozein momentutan, jostatzen duena baita erabakitzen duena. Dena planifikatu behar da eta hori biziki interesgarria da», dio.

Lurraldeari, kulturari eta hizkuntzari arrunt atxikirik, diseinatzaile gaztearentzat domaia da euskal gazte anitzek erbesteratu behar izatea formakuntza hau egin behar izateko. Dioenez, bera bezala, anitz dira lanbideagatik erakarriak direnak. «Beraz, berriz itzuli eta hemen bizi nahi baduzu, alokairuen prezioekin ez da erraza. Gela oso bat behar da lanerako eta ondotik, ekipo oso batekin hornitu behar da. Ene ametsa da hemengo jendeak egindako bideo-joko batean lan egitea. Euskal eta euskarazko bideo-joko bat», iradoki du. Mezua zabaldu du heletar gazteak.

Anize Amestoy: “Ene ametsa da hemengo jendeak egindako euskarazko bideo-joko batean lan egitea”

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.