[Simone Weil] Erroztamendua IV
[Simone Weil] Erroztamendua IV –
Erroztamendua (IV. bidalketa)
Frederik printzearen egunkari intimoan agertzen da alemanentzat ulertezina zen gaitzespen horrek zer sorpresa mingarria egin zien haietarik onenei. Beharbada data horretatik datoz alemanen gutiagotasun konplexua, kontzientzia txarraren eta jasotako injustizia sentimentuaren arteko nahasta iduriz kontraesankorra, baita haien erreakzio basatiak ere. Zer izanik ere, une horretatik aitzina, kontzientzia europarrean, prusiarrak ordezten du ordura artino alemanaren estereotipoa zirudiena, hau da, begi urdineko musikari ameslaria, «gutmütig», pipa erretzalea, eta garagardozalea, gaistakeriarik gabekoa, Balzac-en obran oraindik aurkitzen duguna. Eta Alemania gero ta gehiago bilakatuko zen bere irudi berriaren eitekoa.
Bere aldetik Frantziak jaso du kalte moral bat doi bat tipiagoa. Miresten zaio 1871z geroko bere berxutitzea. Baina ez da ikusten berxutitze hori zer preziotan erosia izan zen. Frantzia errealista bilakatu zen. Geratu zen bere baitan sinestetik. Komunaren sarraskiak, hilen kopuruagatik eta basakeriagatik hain harrigarria denak, langileei buruan sartu zien pariak eta naziotik baztertuak izaitearen sentimentu jarraikia, aldiz burgesei, kontzientzia txar batengatik, buruan sartu zien langileen halako beldur fisikoa. Ohartu gara horretaz oraindik 1936ko ekainean; eta, zentzu batean, 1940eko erorketa, 1871ko maitzako gerla labur zibil hain labur eta odoltsuaren ondorio zuzena da; izan ere gerla zibil horrek jarraitu zuen kasik mende baten hiru laurdenetan zehar. Ordutik beretik, eskoletako gazteriaren eta populuaren arteko adiskidetasuna, zeinean XIX. mendeko pentsamolde frantsesak halako hazkurri bat hartu baitzuen, oroitzapen huts bat bilakatu zen. Bestetik, galeraren umilazioak gazteria burgesaren pentsamoldea erreakzioz eraldatu zuen handitasun nazionalaren kontzepzio mediokreenera. Orduan sofriarazi eta mendratu zuen konkistaz obsesionatua, Frantzia ez zen gehiago sentitzen konkistatzearen bokazioa baino goragoko bokazio batez gai.
Horrela Frantzia bilakatu zen nazio bat besteak bezalakoa, aragi beltz eta hori parte bat beretzat munduan beretu nahi zuena eta Europan nausi izan nahi zuena. Suhartasun hain biziko bizitza baten ondotik, maila hain behererako erorketa bat ezin zen gertatu ezuntsa sentimendu sakonik gabe. Ezuntsa sentimendu horren gailurra 1940ko ekainean gertatu zen.
Erran behar da, egia baita, desastrearen aurrean lehen erreakzioa bere iragan propioa okatzea izan zela, bere iragan hurbila. Baina ez zen Vichyren propagandaren ondorioa. Aitzitik, hasieran Iraultza nazionalari arrakasta itxura bat eman zion kausa bat izan zen. Eta erreakzio zilegi eta sanoa izan zen. Izatez, desastrea ongi bat bezala ikusteko aukera bakarra izan zen desastrea ondorioa zen iragana okatzeko eman digun posibilitatea. Iragan horretan, Frantziak ez zuen besterik egin baizik eta misio batentzako pribilegioak eskatu, nahiz, ukatu zuelako, misio horretan ez zuen gehiago sinesten.
Atzerrian, 1940eko Frantziaren suntsiketak ez du emoziorik sorrarazi 1789ko izpirituak zerbait ekarri zuen tokietan baizik.
Frantzia nazio gisan behin behineko suntsiketa honek berari ahalbide liezoke iraganean izan zena berbilakatzea baita bilaka dadin aspaldi danik espero ginuena ere, hau da inspirazio bat. Eta Frantziak munduan handitasuna berrardiets dezan -bere barne bizitzaren osasunerako beharrezkoa da- inspirazio bat bilakatu behar da, nazio bat etsaien porrotaren medioz berriz bilakatu baino lehen. Gero inspirazio hori berrardiestea ezinezkoa litzateke arrazoi askorengatik.
Horretan ere, Londreseko frantsesen mugimendua da harentzat amets litekeen egoera hoberenean, aukera baliatzen baldinbadaki. Justu behar den bezain ofiziala da herriaren izenean hitz egiteko. Nola frantsesen gainean ez duen gobernu-autoritaterik, ez teorikorik, ezta fikziozkorik ere, nola dena onespen libretik lortzen duen, Londreseko frantsesen mugimenduak botere izpiritualetik zerbait dauka. Ordu iluneneetako fidelitate ustelezinak, bere izenean egunero libreki isuri den odolak ematen dio hizkuntzaren hitz ederrenak libreki baliatzeko eskubidea. Londreseko frantsesen mugimendua kokatua da justu behar den bezala Frantziaren boza munduari entzunarazteko Boza bat bere autoritatea jasotzen duena, ez galerak suntsitu duen indarretik, ezta ahalgeak ezeztatu dion ospetik ere, baina lehenik gaurko tragediaren neurrikoa den bere pentsamenduaren goratasunetik, eta gero populuen bihotzetan grabatutako tradizio izpiritualetik.
Mugimendu horren misio bikoitza erraza da definitzea. Bere zorigaitzaren hondoan dagoen Frantzia lagundu aurkitzen bere genioarekin egokitzen den eta galeran dauden gizonen gaurko beharrekin egokitzen den inspirazio bat. Eta inspirazio hori behin aurkituta, edo behintzat sumatuta, zabaldu munduan barna.
Misio bikoitz horri lotzen bazaio, maila beheragoko gauza asko emanak izanen zaizkio gainera. Aldiz gauza horiei lehenik zuzenean lotzen bagara, errefusatuak izanen zaizkigu. Bistakoa da ez garela hitz hutsezko inspirazio batez ari. Inspirazio egiazko orok ginarrietara pasatzen da, eta akziotan jalgitzen da; eta gaur frantsesen akzioak ezin dira izan etsaia haizatzen laguntzen dutenak baizik.
Alta ez litzateke zuzen pentsatzea Londreseko frantses mugimenduaren misio bakarra etsaiaren kontrako borrokan frantsesen kemena maila ahalik eta altuenera eremaitea litzatekeenik. Izatez, Londreseko frantses mugimenduaren misioa da Frantzia laguntzea berraurkitzen egiazko inspirazio bat, zeina bere egiazkotasun beragatik naturalki eraldatuko baita herria askatzeko esfortzu eta heroismo sortze batean.
Ez baita batere gauza bera.
[Simone Weil] Erroztamendua IV