Iguanaren aldean, nahiago bakailaoaren hezurrak
Unai Iturriagak Berriako iritzi sailean argitaratutako “Goazen” artikuluan dio: “Egin dezagun ospa Espainiatik, faborez. (…) Ikasiko dugu Bermioko iguana pil-pilean prestatzen”. Espainiarekin (eta espainiarrekin) ez al dago modurik?
Garen moduan ez gaituzte nahi, baina haientzat nahi gaituzte. Espainiarrak omen gara gu eta gure “bitxikeriak”. Euskara beraz Espainiako hizkuntzarik zaharrena. Ostera, ez da Espainiako presidente edo errege-erreginarik izango euskaraz ikasi duenik.
Unai Iturriagak idatzi du: “Gerra eskaintzen bazaie, gerra eskaintzen zaielako, eta, bakea eskaintzen bazaie, bakea eskaintzen zaielako, ezin haien gusturik egin.” Ez ziren ba haiek ere ohituko euskaldunokin iskanbiletan aritzera? Beti ezetz esatera? Arazoak Konstituzio sakratu-ohiarekin edo poliziekin konpontzera?Iruditzen zait biolentziak harrapatu egiten duela haren jabea, eta alboratu beharrak ezintasuna ere sortzen diola. Eta, nola ez, ez dio bere kabuz aginte postuari uko egingo emaitzak lortzen dituen bitartean.
Kontraesanak kontraesan, euskal matxinoei buruz fikzio bat ere sortu du Espainiak espainiarrentzat: “gutxi baina zaratatsuak”. Lagun bat izan nuen etxean orain gutxi, jaietan. Presoen euskal herriratzearen aldeko ekitaldi bat zegoen antolatuta, 300 bat egongo ziren. Lagun honek harrituta: “pues no son cuatro gatos como dicen”. Eta, nik, “¿quienes son?”.
Badakizue, norbaitek saldu du “herri normalizatuaren” mitoa Espainian, mantsotu dituztela abertzaleak. Euskaldunona kaskagogorkeria iragankor hutsa balitz bezala.
Ez da ez direla enteratzen. Ez dute enteratu nahi. Ez garela “Euskadiren enbaxadore” oro-saltzaile otzanak. Ez garela aldarrikatzeaz aspertuko. Ezagutzen gaituztenean, lagun minak izanda ere, “kotoiaren froga” pasatzen dizute ahal bezain bestetan. Ez dute zure “hori” ulertzen, ezta urrik ere.
Oraindik harritu egiten dira unibertsitatean euskaraz irakasten dela esatean, harri eta zur gelditzen dira euskara eta ingelesa abesti berean entzuten dituztenean. Sumindu egiten dira euskarazko kartelek ondoan ez badute gaztelaniazkoa, bapateko elkartasuna sortzen zaie euskal herriko espainiarrekiko. Okerrena da ez naizela ari haien herritik atera ez diren espainiarrez, munduan jira-biran dabiltzanez baizik.
Kate motzean nahi gaituzte, haiek onartu ala ez. Badakigu, ez da berria, ederki jakin ere.
Hala ere, bene-benetan, ez dago euskaldunik bakailaoaren ordez iguana aukeratuko lukeenik. Aldean, nahiago bakailao-hezurrak kentzen ibili.
————————–
(Unai Iturriagaren artikulua irakurtzeko: Goazen)