Erlijioa eta selektibitatea

Erlijioa eta selektibitatea –

Martxoaren 28tik aurrera izanen da batxilergoko aurrematrikulazio kanpaina; hori dela eta zenbait gogoeta egin nahi genituzke erlijio klaseei buruz.

Erlijioa eta selektibitatea
Arg: Joxemai

Orain arteko legeak (LOMCE, Wert legea) erlijioa beste aukerako gaien parean jartzen zuen, ordu kopurua hedatu eta batxilergoko tituluko batezbestekoa egiteko kontuan hartzen zen. Ondorioz, askok pentsatu genuen sekulako gorakada izango zuela matrikulak, baina ez, ez da horrelakorik gertatu. Institutu publikoetan behintzat, aurrera ateratzen diren gaiak matrikula gehien eskatzen direnak dira; erlijioa ezin zenez aukeratu USEn (selektibitatea) nota igotzeko, eta inolako fakultatek ez zuenez ezinbestekotzat jotzen jakitea, matrikulazioak igo beharrean apur bat behera ere egin zuen. Instituturen batean horrela amaitu ziren erlijioko klaseak.

Aurtengo 1. batxilergoko matrikula lege berriarekin antolatu da (LOMLE, Zelaa legea), eta Espainiako Gobernuak, Wert legeak sortutako arazoa konpontzeko, erlijioa sail orokorretik atera eta harentzat berri bat antolatu du. Hasieran esan zitzaigun klaseak orduz kanpo izango zirela: institutuak lekua, argia eta berogailuak jarri, Jaurlaritzak irakaslea ordaindu eta kito. Baina gure gotzainek, konturaturik horrek ez zuela eskaria igoko, muzin egin zioten. Nork esan zuen Espainiako politikaren ezaugarria «derechita cobarde» dela? Ez, Espainiako politikaren ezaugarria «izquerdona muy cobarde» da. Gotzainen haserreari aurre egiteko, ordutegi barruan sartu ez ezik gai berri bat asmatu dute, zerbitzuak komunitateari; horrela erlijioa ikasi nahi ez dutenak ez dira etxean geratuko lasai-lasai.

Batxilergo osoa USE (selektibitatea) prestatzeko antolatua dago gehienbat. Gaitegiak luzeak dira eta irakasleek egunak eta orduak segundora kalkulatuta dauzkate azkenean ikasleak ondo prestatuak joan daitezen; ez soilik derrigorrezko gaietan, baita aukerakoetan ere. Datorren ikasturtetik aurrera hainbat irakaslek arineketan ibili beharko dute, ikasle batzuek orduak film etikoak ikusten edo arabieraz alfabetatzen igarotzen dituztelako.

Esaten zaigu erlijioko klaseak eskubidea direla. Fedea bai, zalantzarik gabe. Doktrinatua izatea, zeren hori izan beharko luke erlijio klaseen helburuak, adin nagusikoa izanik, baita ere. Doktrinamendu horrek denon artean ordaindua izan behar du? Umm! Ziur giza eskubideen zerrendan «nire interes partikularrak besteek ordaindu behar dizkidate» jartzen duela?

«Norbaitek arduratu behar du gure gazteen heziketa etikoaz», hori ere esaten zaigu. Beste irakasle guztiak etika gabeko jendeak garela hitz erdizka esateaz gain, bi kontzeptu nahasten ditu esaldi horrek: etika eta morala. Etika, edozein lekutan eta historiako edozein unetan guztion joerak eta jarrerak zuzendu behar lituzkeen arauak dira, eta morala, zenbait taldek arau horietaz egiten dituzten egokitzapenak. Adibide, bizitza eskubidea: erlijio gehienek argi eta garbi diote «ez duzu hilko», baina gupidarik gabe akabatu/tzen dituzte bekatari, herexe eta fedegabeak. Zigoto batek elkar maite duten sexu bereko bi pertsonak baino eskubide gehiago dituela aldarrikatzea ez da etika, morala da.

Azken garaietan ezker progresista zera esaten hasi da: «Oso ondo iruditzen zait eskolan beste erlijioak irakastea: batzuek ahal badute, besteek ere bai». Ez ditzagun erreibindikazioak nahastu. Kasu honetan erreibindikazio bakarra «erlijioa eskolatik at» da; beste edozein motatako konponketa arazoa kakaztea besterik ez da. Dena den, besteak esaten dutenean, nortaz ari dira? Guzti-guztiak? Zeren momentuz legeak eliza ebanjelikoei, hebrear erlijioari eta islamari bakarrik aitortzen die eskubide hori. Horrela idatzita, badirudi eskola batean gehienez erlijioko lau irakasle egongo direla, baina ez, ez da erlijio bera luteranismoa, zazpigarren eguneko adbentista edo azken eguneko santuen eliza, denak ebanjelistak badira ere. Gure ikasleak (beraien gurasoak) izan daitezke katoliko erromatarrak, islam sumniarrak, islam muriarrak, ortodoxo bulgariarrak, ortodoxo errusiarrak (lege zaharrekoak ala berrikoak), Jehovaren lekukoak, adbentistak, hamabi tribuetako partaideak, neopaganoak, luteranoak edo Senidetasun Zurikoak, besteak beste. Eta ateoak ere bai! Irakasle horiek guztiak ordaintzeko prest gaude?

Itunpeko eskoletako irakasleen soldata denon artean ordaintzen dugu, baina onartzen zaie ideologia bat izatea eta erlijio kontuetan kafea denontzat egitea. Publikoan, ez, eta aipatutako nahaste-borrastea saihesteko era bakarra da erlijioa behingoz eta betirako eskoletatik at geratzea.

Gai honetaz ez diegu ezer entzun ezker progresistei, baina pentsatzen dugu beste erlijioetako irakasleak katolikoekin parekatzearen aldeko direla. Hierarkia antolatua duten elizetan, haietako agintariek erabakitzen dituzte irakasle izateko baldintzak eta tituluak; eta halakorik ez dutenetan? Ordezkaritzetan badituzte lan handiagoak, hautagaien merituak aztertzea baino. Nork hartuko du bere gain lan hori?

Berez, irakaskuntza publikoan finko izateko, oposizioak gainditu behar dira… salbu erlijioko irakaslea izateko, zeinak kontratupeko langileak baitira: finkoak, norbaitek nahiko teologia badakitela erabaki duelako. 2009an ELA, UGT eta CCOOk Jaurlaritzarekin izenpetu zuten akordioaren ondorioz, katoliko erromatarrek beste gaietako orduak hartzeko eskubidea dute; berdintasunaren izenean, guztiek izan beharko lukete. Baina bere lanpostua missio canoniga edo parekidea mantentzean datza; ordutegia biologia klaseekin osatzea lortu duen erlijioko irakasleak zer irakatsiko du, munduan hainbat animalia espezie daudela eboluzioaren ondorioz, ala Noe delako batek txalupa erraldoi bat egin zuelako?

Horrelako prestakuntzarekin, selektibitatean nota eskasa. Ziur gaude ezker progresistaren helburua ez dela irakaskuntza publikoak erlijioan itota amaitzea; beraz, eskertuko genioke hobeto pentsatzea bere aldarrikapenak, eta gurekin batzeko kasu honetan izan dezakegun erreibindikazio bakarrean: erlijioa irakaskuntza publikotik kanpora, lehenbailehen. Eta Espainiako ezkerrari beste eskaera bat: bete behingoz beti agintzen duzuena eta ezabatu konkordatu frankista.

Imanol Zubizarreta

Erlijioa eta selektibitatea Erlijioa eta selektibitatea Erlijioa eta selektibitatea Erlijioa eta selektibitatea

Laikotasunaren aldeko kolektiboa. laikotasuna.org

Zer duzu buruan “Erlijioa eta selektibitatea”-ri buruz

  • Eskerrak baten batek (behingoz) erlijioari buruz hitz egiterakoan Euskal Herrian dauden erlijio mota denak aipatzen dituela, ez bakarrik katolikoa. Erlijioaren presentziaren aurka gaudenok, ezin dugu bereizketarik egin, den denak erlijioak dira. Baina ez soilik ikasgai moduan hartuta, elikaduran ere gauza bera. Erlijiogatik jantokietan bereizketak egitea erlijioari sinesgarritasuna ematea da. Janzkera erlijioaren arabera burua estaltzen duen objektuen artean bereizketak egitea erlijioari sinesgarritasuna ematea da.
    Ez dezagun erlijioa gure ikastetxeetan sartu. Famili bakoitzak bere esparru indibidualean gure duen moduan hezitu ditzala bere semealabak, baina hezkuntza ofiziala neutroa izan dadila, arren!